Ardo dastaketa Zizurkilgo Azokan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:12

Urriko hirugarren igandean izango da, urteroko moduan, Zizurkilgo Azoka berezia. Berrikuntza nagusi bezala, ardo dastaketa komentatua antolatu dute aurtengorako.

Eguerdian, 12:15etatik aurrera euskaraz egingo dute eta 18:00etan hasita berriz, gazteleraz.
Goizeko 11:00tan zabalduko da Zizurkil Goiko azokagunea eta 19:30ak bitarte, egun osoko egitarau oparoa martxan izango da. Kantu jira, haur-jolasak, ardo dastaketa, txahal erre jatea eta La Parrus Dixie Band musika taldekoen doinuak izango dira, besteak beste, gozagarri.
Gainera, Intxaur pilotaleku berritua estreinatzeko aukera emango du Azoka bereziak. Lanak oraindik guztiz amaituta izango ez badira ere, artisauen postuak bertan jartzeko moduan izatea espero dute. Artisautza, elikagai eta barazki postuen artean, 65 postu inguru jarriko dituzte aurtengo azokan.
Azoka berezira hurbildu nahi dutenek, bestalde, doako autobus zerbitzua izango dute eskura. Egun guztian zehar, etenik gabeko joan-etorrian ibiliko da autobusa. Bulandegi bideko errotondan, Zubiaurretxon eta Zizurkil goiko plazan egingo ditu geldialdiak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!