Zizurkildarrak, herri kiroletan bikain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:06

Herri kirolen inguruko hainbat ekimenetan indartsu dabiltza gazte zizurkildarrak. Iraila hasieran Xiba txapelketako garaile izan ziren eta jaietako giza frogak antolatuta, lanerako gogoa badutela erakutsi zuten.

Irailaren 12an jokatu zen Xiba txapelketako finala eta garaipena lortuta, herri kiroletan trebezia badutela erakutsi zuten zizurkildarrek. Leire Zubeldia eta Aratz Alkorta, herri kirol taldeetako partaide izan dira azken ekitaldiotan. “Ezustean iritsi zen garaipena. Ekainean jokatu genuen Gipuzkoako kanporaketa, Idiazabalen. Ez genuen aparteko saiorik burutu, baina laugarren postuan geratu ginenez, finalerako txartela lortu genuen. Lezon jokatu genuen finala. Zazpi lurraldeetatik etorritako taldeek parte hartu genuen eta festa polita sortu zen. Izan ere, Xiba txapelketaren helburu nagusia elkar ezagutzea eta festa giroan aritzea da”, azaldu dute.
Kirol eta joko ezberdinetan duten abilezia erakutsi beharra izan zuten lehiakideek: “Musa, dantza, txingak, zakuak, lokotsak, trontza, soka-tira, xiba botatzea, lasto-altxatzea, harri-jasotzea, ingudea eta egur-pila izeneko frogak egin genituen. Goizean zehar egin genituen froga guztiak eta ondoren, talde guztiek elkarrekin bazkaltzeko aukera izan genuen. Oso giro polita sortzen da horrelakoetan eta Lezon ere halaxe gertatu zen”.

Neska-mutilak, maila berean
Sei neska eta sei mutil izan ziren talde bakoitzean: “Berdintasuna sustatu nahi du Xibak eta horretarako, neskak eta mutilak nahastuan aritzen dira froga guztietan. Egia esan, ez da erraza Zizurkil bezalako herri txikian hamabi pertsonez osatutako taldea antolatzea. Entrenamentuedarako tarte handirik gabe, azken astean lortu genuen hamabiko taldea osatzea”.
Zizurkildarrek ez zuten jakin Xiba txapelketako garaile zirenik azken momentura arte: “Froga bakoitzeko puntuazioa arbel handi batean jartzen joaten dira eta bazkaltzeko garaian egiten dira batuketak. Egia esan, ez genuen irabazterik espero. Taldekako lanetan ondo ibili ginen; soka-tiran, esaterako, garaipena lortu genuen, baina gainerako frogetan, bi eta hirugarren postuetan geratu ginen. Erregulartasunak eman zigun garaipena, Idiazabalen aurretik. Aipatzekoa da Idiazabalek sei aldiz parte hartu duela Xiban eta horietatik bostetan, bigarren postuan geratu direla. Zizurkilek bigarren garaipena du aurtengoarekin”.
Garaipena nori eskainirik ere izan zuten gazteek. “Mikel Egibar izan da Zizurkilen herri kirolen sustatzaile nagusia eta bere ekimenez parte hartu genuen lehendabiziko Xiba txapelketan. Ziotza kirol elkarteak herri kirolen inguruan egiten dituen ekitaldi ezberdinen bultzatzailea da Mikel eta guk, bide horri eutsi diogu”, azaldu du Aratzek.

Giza froga berezia, jaietan
Ziotza elkarteak antolatutako ekitaldien artean, Andramari jaietako herri kirol saioa dago. Aurten, giza froga berezia egin zuten eta ikusmin berezia sorrarazi zuten herrian. “Frogaren helburua saltsa pixka bat jartzea zen eta lortu genuela esango nuke. Iruña baserriko mandoa, neska koadrila eta mutil taldea lehiatu ziren harriarekin. Ikusmin handia sortu zen frogaren inguruan”, azaldu du Leirek. “Hasiera batean, lehia faltako zela iruditzen zitzaigun, mutil taldearen eta mandoaren artean alde handia izango zelakoan. Azkenean, ordea, mandoari kilo gutxixeago jartzea erabaki zen eta lehia oso estua izan zen. Jendeak gustura ikusi zuen. Neskak berriz, ahal genuena egitera atera ginen eta uste baino hobeto atera zitzaigun. Hilabete inguru generaman frogarako entrenamenduak egiten, baina taldea guztiz osatu gabe. Frogaren bezpera arte ez genuen zortzikoa osatu. Talde osoarekin sekula entrenatu gabe atera ginen probalekura. Entrenamenduetan hamabi plaza inguru egiten genuen eta froga egunean, hamabost egitea lortu genuen, beraz, gustura geratu ginen. Esan beharra dago harriari tiraka ibiltzea ez dela dirudien bezain gogorra. Pixka bat prestatuz gero, ondo egin daiteke, nahiz eta gero, norberak erantsiko dion nahi duen gogortasun edo estutasun maila”, gaineratu du.  

Ikuskizuna helburu
Mandoaren eta mutilen arteko lehia oso estua izan zen. “Helburua ikuskizuna jartzea zen eta hori lortuta, pozik geratu ginen. Mandoak hogeita bi plaza egin zituen eta gu marka hobetzera atera ginen. Bero zakarra egin zuen eta horrek gogortasuna eman zion frogari, baina mandoaren lana hobetuta, pozik geratu ginen”. Harri hotsak oraindik ere entzuten dira Zizurkilgo frogalekuan. “Apustu bat tarteko, entrenamenduak egitera etortzen dira. Tolosaldeko gazteak, Amasa eta Zizurkil ingurukoen kontra lehiatuko dira Aiako probalekuan”, azaldu du Aratzek.
Ziotza kirol elkartean zenbait kirol atal bateratzen dira: “Pilota, herri kirolak eta guraso elkartetik bultzatutako haurrentzako kirol ekintzak bideratzen dira Ziotzatik. Lau edo bost pertsona aritzen gara ekitaldi ezberdinak antolatzen eta horiek aurrera eramateko garaian, beste hainbaten laguntza izaten dugu”, amaitu du Aratzek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!