Giro ederra Asteasuko azokan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:02

Eguraldi onak lagundurik, ehunka pertsona inguratu zen Asteasuko Azoka berezira.  

Bertako esnea izan zen eguneko protagonista eta ohi bezala, esne-behien erakustaldiak jendearen arreta bereganatu zuen. Goizeko 10:00etan zabaldu zituen ateak Asteasuko Azoka bereziak. Herriko plaza, pilotalekua eta Ibargain baserriko belazeak laster bete ziren jendez. Asko eta asko izan ziren, gainera, bidegorrian barrena, oinez edo bizikletaz iritsi zirenak.

Berrehun litro esne
Aurtengo azokako bereizgarri nagusia bertako esnea izan zen eta halaxe izango da aurrerantzean ere. Pilotalekuan jarritako postu berezian, Gurea markako esnea banatu zuten jendearen artean eta Mahala edota Goenaga markako produktuak dastatzeko aukera ere izan zen. Bertako esneari bultzada ematea zen helburu nagusia eta jendeak gustura hartu zuen ekimena. Berrehun litro esne prestatu zituzten jende artean banatzeko, eta askok, aukera hori baliatu zuten egarria asetzeko. Haurren artean banatutako oparitxoek ere arrakasta handia izan zuten.
Behi esneari bultzada emateko ekimenarekin bat eginez, lehendabiziko arroz esne lehiaketa egin zen pilotalekuan. Guztira, hamasei arroz-esne aurkeztu zituzten lehiara. Litro bat esne erabiltzea zen jarritako baldintza bakarra eta antolatzaileak, gustura agertu ziren izandako erantzunarekin. Epaimahaiko kideek buruhauste handiak izan zituzten garailea nor zen erabakitzeko garaian. Eguerdian, jendetza handia bildu zen epaimahaikideen inguruan, garailearen izena jakiteko gogoz. Arroz esnearen zaporea ezezik, aurkezpena ere kontuan hartu zuten eta azkenik, arroz esnerik hoberena Alaia Goñi gazteak egindakoa zela erabaki zuten. Gustura hartu zuen Alaiak Iñaki Amenabar alkateak emandako saria eta oroigarria.  

Behi erakustaldia
Ganadu erakusketa Ibargaingo belazean egin zen berriro ere. Esne eta larre behi, ahuntz, ardi, abere…, bazen han zer ikusirik. Azken urteotan Lamiategiko belazeak erabili izan dituzte ganadu erakusketarako, baina aurten, aparkaleku berria egin dute gune horretan eta Itturriondo tabernaren atzealdera itzuli dute. Modu horretan, azoka-gunea bilduagoa geratu da. Jende ugari hurbildu zen herriko baserritarren ganadua ikustera eta eguerdiko erakustaldiak, ikusmin handia sortu zuen. Arroz-esne lehiaketa amaitu bezain laster Xabier Pellejero albaitariak hartu zuen hitza eta  esne behirik hoberenen ezaugarriak azaldu zituen jendaurrean.
Ernioko azken erromeriarekin bat egin zuen aurten Asteasuko azokak eta asko izan ziren menditik itzuleran Asteasun geldialdia egitea erabaki zutenak. Pilotaleku ondoan jarritako tabernatxoak eta herriko gainerako tabernek, indarrak biltzeko aukera paregabea eskaini zuten.
Arratsaldean, artzain txakurren lanaz gozatzeko aukera izan zen Lamiategiko belazean. Ikuskizuna amaituta, postuak bildu eta etxeratzeko garaia iritsi zen. Datorren urtean ere, iraileko azken igandeak ekarriko du Asteasuko Azoka berezia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!