Ur hoditeria konponduko dute laster

Gaur egungo ur sareak dituen galerei konponbidea emango zaie herriko hoditeria nagusia
berrituz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landagipuzkoa 32 egitasmoak eskainitako dirulaguntzari esker, herriko ur sarea konponduko dute epe laburrean. Xabier Mujika alkateak azaldu ditu egin beharreko lanen nondik norakoak: “Mila biztanletik beherako herriei zuzenduriko dirulaguntza egitasmoa da Landagipuzkoa 32. Aurten, herri bideak eta ur sarea konpontzeko aukera eskaini zuten. Ur hoditeria berritzeko laguntza eman diote Larraulgo Udalari. Bideak konpontzeko laguntza ere eskatu genuen, baina ezezkoa eman ziguten”.

2010erako, amaituta
Herri guztiko ur hoditeria konponduko da: “Datozen asteotan, ingenieri bat kontratatuko dugu, proiektua lan dezan. Hodiak nondik nora joango diren, zenbateko zabalerako hodiak beharko diren, urari zenbateko presioa emango zaion, arketak, kontadoreak…, non izando diren, etab. Proiektua amaitutakoan, lehiaketa publikora aterako da eta 2010ean sare guztia berrituta izatea espero dugu”.
Gaur egungo ur depositua mantendu egingo dute: “Ia 300.000 euroko aurrekontua dute ur sarea berritzeko lanek. Ur depositutik hasi eta herrigunera arteko hoditeria berrituz ekingo zaie lanei. Herrigunean hodi berriak dauzkagu dagoeneko, baina hortik beherako hoditeria ere berritu egin beharko da. Beste adar bat ere aterako zaio sare nagusiari, Antzola baserritik Larrunbidera doana. Baserri inguruetan hidratanteak jar daitezen saiatuko gara, urak beharrezko presioa izan dezan eta arazoren bat sortzean erraz konpondu ahal izan dezagun”.

Ur galera larriak
“Lan horiekin, herriak dituen ur galerak konpondu nahi genituzke. Gaur egun, depositutik ateratzen den uraren %50 baino gehiago bidean galtzen da. Uraren %20a galtzea normala litzateke, hodiak elkartzen diren puntuetan urak alde egiten duelako, baina Larraulgo hoditeria oso zaharra da eta arazo handiak dauzkagu. Uralitazko tuboak dira gehienak eta denborarekin hautsiz joaten dira. Ondorioz, maiz izaten ditugu galerak, txikiak batzuetan eta handiagoak beste batzuetan”, azpimarratu du Xabierrek. Lanak hasteko epea ez dago guztiz zehaztuta: “Ingeniariak proiektua garatzeko hilabete inguru beharko duela pentsatzen dugu. Lanak lehiaketara atera eta erabakia hartzen denerako ere denbora pasako da. Negu bizian lanak hastea ez da egokiena izango. Aurretik egiteko aukera balego, primerakoa litzateke eta bestela, udaberrirako utzi beharko lirateke lanak”.
Hoditeri berria sartzeko lanek irauten duten bitartean, etenaldiak egingo dituzte ur zerbitzuan: “Lanak egiten hasitakoan sor daitezkeen eragozpenen berri zehatza emango zaie herritarrei, momentuan momentukoa. Hala ere, ez dugu uste ur mozketak oso luzeak izango direnik. Hodi zaharrak ez dira kenduko, beste zulo batean jarriko dira hodi berriak eta prest dagoenean, bidearen azpialdean eta goialdean ur sarearekin elkartuko dira. Momentu horretan ur zerbitzua moztu beharko da. Garaia iristean, jakinaren gainean jarriko ditugu herritarrak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!