Bertsoaren errusiar mendia abiatzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 17:54

Iritsi da. Bertsozale asko eta asko zain zeuden unea heldu da. 44 bertsolari, hamarna epaile eta gai jartzaile, hamaika antolatzaile eta milaka entzule.

Guztiak igoko dira bertsoaren errusiar mendira. Jira eta bira, gora eta behera, Zestoatik BEC-era.   Errusiar mendia. Irudi hori hautatu du Bertsozale Elkarteak 2009ko Txapelketa Nagusia irudikatzeko. Saio batean senti daitezkeen emozioak adierazten dituen irudia. Ziur, aurtengoan ere sentituko direnak. Osagaiak behintzat ez dira falta.

44 BERTSOLARI
44 bertsolari sailkatu dira 2009ko Txapelketa Nagusirako. Beterri Aiztondo eskualdetik duela lau urteko ordezkaritza bera izango da: Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre. Mendiluze azken txapelketan finalean izan zenez, finalerdietan sartuko da lehian, eta Agirre eta Irazu berriz, final laurdenetan hasiko dira.  Biek gainera, saio berean abestuko dute, urriaren 11n Bilbon.  Lau bertsokide hauek izango dituzte lagun: Julio Soto, Maddalen Arzallus, Asier Otamendi eta Iñaki Zelaia. Guztira 36 bertsolari izango dira final laurdenetan, zazpi saiotan banatuta. Lehen saioa Zestoan izango da hilaren hiruan eta azkena Laudion 24an. Finalerdietara 17 onenak igaroko dira.

FINALERDIETAN ALDAKETA
Finalerdietan, sailkatutako 17ri iazko zazpi finalistak gehituko zaizkie. Aurtengoan ordea, aldaketa txiki bat egin dute. Bi saiotan kantatuko du bertsolari bakoitzak, puntu gutxien jasotzen dituzten sei bertsolariek izan ezik. Horrela, lehen itzulian lau saio izango dira eta bigarren itzulian hiru. Finalerako zazpi onenak sailkatuko dira, eta BECen, txapelduna, Andoni Egaña izango dute zain. Informazio gehiago, eta sarrerak edo txapelketa osorako bonoak eskuratzeko aukera www.txapelketanagusia.eu atarian aurki daiteke. Aiurrin ere, aldizkari oro  emango da txapelketaren inguruko informazio zabala.

  • JEXUX MARI IRAZU

hilaren 11n kantatuko du Bilboko Arriaga antzokian:
“Gogoz iritsi naiz txapelketara”

Txapelketako beteranoetako bat izan arren, ilusioz heldu dio aurtengo txapelketari ere. Txapelketa erlatibizatz ikasi duela dio baina bere garrantzia duela ere onartzen du larrauldarrak. 

Nola iritsi da Jexux Mari Irazu 2009ko txapelketa nagusira? 
Egia esan, plazan gustura nabilela eta gogoz iritsi naiz txapelketara. Hala ere, jakinekoa da herriz herriko jarduna eta txapelketa lan bana direla, eta moldaketa hori ez da hain erreza.

Txapelketak zuretzat duen esanahia aldatu al da urteotan?
Urteak denontzat pasatzen dira eta Txapelketako gaztetxo izatetik beterano izatera pasa da gure belaunaldia (txapelketako hirugarren-laugarren zaharrena naiz). Behar bada, urteekin txapelketa gehiago erlatibizatzen da, baina, errealistak izanda txapelketari duen garrantzia aitortu ere egin behar zaio. Bai gaur eta bai lehen, bertsolaritzaren % 70-80 txapelketen pausoan mugitzen da. Ez dakit hala behar lukeen, baina hala, edo hala egin dugu.

Zein da aurtengoan zure buruari jarritako erronka?
Beno, aurrekoa baino txapelketa luzexeagoa egitea nahiko nuke, lehenago hasi eta beranduago bukatu.

Bilbon kantatuko duzu, hasiera batean, final laurdenetako saiorik indartsuenetakoa da zuena…
Talde polita da bai, gustatzen zait. Saio ona egiteko koadrila dela uste dut, eta puntuak biltzeko ere orokorrean ere saio ona izatea komeni.

Final erdietara ez sartzea, porrota al litzateke?
Beno, mundua ez da bukatuko baina, egia esanda final erdietara ez sartzea pena handia litzateke bai. Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketak kontatuta, zortzitan hartu dut parte eta zazpitan finalean izan naiz. Eta denok nahi izaten dugu egiten dugun pixka aurrera egitea.

Plazako jardunaz gain, Bertsoa.com atariaren arduradun zaitugu, bertsoaz aspertzeko beldurrik ez?
Ez, aspertzeko ere denbora behar da eta ez dago arriskurik. Bertsoa.com bertsolaritzari buruzko komunikabide bat da, irizpide propioak dituena eta taldean egiten duguna. Igual egunen batean kontrakoa esango dut, baina, gaur egunean bai bertsoa bera eta bertsoa.com proiektua ilusio haundiz bizi ditut

Jende kopuruan eta bertso mailan, duela 4 urteko txapelketa, ahaztezina izan zen. Oraingoan zer espero duzu?
Udarako saiotan plazatan jende asko ibili da, eta normalena da orain dela lau urtekoa berdindu behintzat egitea, krisiak krisi. Bertso maila aldetik, txapelketa luzea da eta pelotan ere denak ez dira gantxoak izaten. Eta aurten ere finalean bertso on asko entzungo dela ez daukat dudarik.

  • AMAIA AGIRRE,

hilaren 11n kantatuko du Bilboko Arriaga antzokian:
“Inoiz baino erosoago nabil bertsotan”

Villabonatarra txapelketako gazte beteranoetako bat dugu. 2009koa,  hirugarren txapelketa nagusia izango da berarentzat. Duela lau urte lan bikaina egin eta finalaren atarian geratu zen. Aurten ere finalerdiak ditu begiz jota eta gozatzea helburu. Ohi bezala, zintzo erantzun die Aiurriko galderei.

Zein da zure buruari 2009ko txapelketarako jarritako erronka?

Finalerdietara iritsi nahi nuke. Sailkapen kopuruei begira badirudi ez dela zaila, baina ez da hala. Esperientzia handiko jendea ez ezik jende gaztea indartsu dator, sorpresa emateko desiratzen. Galtzeko ezer ez daukaten horiei beldur diet, baina beldurrik eta konfiantzarik handiena ere nire buruarengan daukat. Zer erremedio, ezta?

Jada ibilbide bat egina duzu txapelketan bezala, plazetan. Bertso mailan, heldutasunera iritsi zarela esango al zenuke?
Inoiz baino erosoago nabil bertsotan, baina nire bertso mailaren gorenera ezin iritsi nabilela sumatzen dut askotan. Norbera ez da garapenaz eta hobekuntzaz hainbeste jabetzen, baina nire lekua aurkitzen ari naizela sinistu nahi dut. Duela lau urte ez nituen garai onak bizi, eta uda gogorra egin zitzaidan. Aurten lasaiago hartu dut, nahiz eta txapelketa hurbiltzen doan heinean larritzen hasi.

Bilbon kantatuko duzu, hasiera batean saiorik indartsuenetakoa da zuena…
Arriaga antzokia leku zoragarria da, dotorea. Talde indartsua da gurea. Urte asko daramatzatenak, mailarik gorenean dagoena, bi gazte indartsu... Ez da erraza izango, baina lehen postuetan sartzeko ahalegina egitera noa.

Final erdietara ez sartzea, porrota al litzateke?
Porrota? Ez dakit. Nahigabe eta pena handia bai. Bi finalerdietan kantatu nahiko nuke. Eta hor ere ahal dela aho zapore onarekin geratu.
Hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasten diharduzu, bertsoaz aspertzeko beldurrik ez?
Bai, baina gozatu ere horrekin egiten dut. Nire bizitza bertsorik gabe irudikatzea ezinezkoa da une hauetan. Ofizio eta afizio ditut. Afizioa ogibide banu askoz gusturago, baina ez dit hainbesterako ematen, beraz, ahal dudan bitartean bietan jarraitu nahi nuke. Haurrekin asko nekatzen zara, baina oso esker onekoak ere badira.

Jende kopuruan eta bertso mailan, duela lau urteko txapelketa, ahaztezina izan zen. Oraingoan zer espero duzu?
Aurten beste hainbeste. Plazetan eta komunikabideetan txapelketaren presentzia nabarmena da, eta espektatiba denak betetzeko osagai guztiak ditu. Txapeldun berria izateko ere arrisku ederra aurten! Berdinak gailurrean jarraitzeko ere bai! Auskalo! BECen ez ezik, lehenengo kanporaketatik antzemango da lehia eta egin nahi hori, eta entzuleak gozatzeko parada izango du dudarik gabe. Niri dagokidanez, Bilbon gozatu egin nahi dut, eta aurrera egin. Konfiantzarekin joatea baino ez dut eskatzen, eta hori nire esku dago. Nire esku dagoena ondo egitea da nire erronka.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!