Udalak balorazio baikorra egin du Mugikortasun Iraunkorraren Astearen inguruan

"Izan ere, lehen aldia da, Tolosaldea mailan antolatutako ekintzez gain, Adunan berezko ekintzak antolatzen direla. Beraz, hurrengo urteari begira partaidetza mailak gora egitea espero dugu eta prentsa-ohar honen bidez parte hartu duten herritarrei eskerrik beroenak emateko ere aprobetxatzen dugu."

MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ASTEAREN BALORAZIOA
PRENTSA-OHARRA JARRAIAN:

Irailaren 22an ospatzen den Autorik Gabeko Eguna Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea izeneko sentsibilizazio kanpainaren baitan kokatzen da. Ekimen honen helburua herritarrak nahiz gizarte eta ekonomia eragileak autoaren gehiegizko erabilerari lotutako ingurumen arazoei buruz ohartaraztea da; auto ilarak, zarata, arnasten dugun airearen kutsadura, trafikoari lotutako estresa eta umore txarra, Berotegi Efektua sortzen duten Gasen gehiegizko isurpena eta ondorioz, mundu mailako arazoa den Klima Aldaketa eragitea, etab.

Gauzak horrela, Europako Batzordeak sentsibilizazio kanpaina hau antolatzen duen 8. edizioa dugu aurtengoa, eta aurreko urteetan bezala, europar udalerrietan irailaren 16tik 22ra ospatzen da. Aurtengoan, aukeratutako leloa “Hobetu zure herriko klima” izan da, garraioa baita klima aldaketaren arazoa eragiten duten Berotegi Efektuko Gasak isurtzen dituen sektore garrantzitsuenetako bat, energia eta industriaren sektoreekin batera. Era berean, leloa hori aukeratzearen beste arrazoi bat abenduan ospatuko den Klima Aldaketari Aurre Egiteko Nazio Batuen Biltzarraren helburuarekin bat egitea izan da.

Adunari dagokionez, duela urte batzuetatik hona, Udalak bat egin du eskualde mailan antolatu diren mugikortasun iraunkorraren aldeko ekimenekin, ekimen horien artean sentsibilizazio kanpaina honen antolaketa aipagarria izanik. 2009ko edizioari erreparatuz, Tolosaldea Garatzenek koordinatutako ekintzekin bat egiteaz gain (mugikortasunarekin zerikusia duten 2. eskuko azoka, Bizikleta Festa), Udalak Adunan garatu diren beste zenbait ekintza osagarri antolatu ditu ere, honakoak dira:
  • Eraginkorki gidatzeko ikastaroa: irailaren 17an, arratsaldez, antolatutako 4 orduko ikastaro teoriko eta praktikoaren helburua, autoa erabiltzeko garaian ikasitako zenbait aholku eta jardunbide egoki aplikatzerakoan, erregai kontsumoa gutxitu eta ondorioz, atmosferara isurtzen den CO2 kopurua murriztea da. Ikastaroan 5 herritarrek parte hartu zuten eta antolatzaileek (Energiaren Euskal Erakundea) egindako kalkuluen arabera, ikasleek eskola teorikoak jaso ondoren, eguneroko joan-etorrietan ikasitakoa praktikara eramanez gero, ibilgailuak kontsumitutako erregai kopurua %15era jaistera irits daitezke, horrek ere suposatzen duen diru aurrezpenarekin.
  • Herri gunean dauden autoen aparkalekuen zenbaketa: Udalak dituen datuen arabera, 110 auto daude herri gunean, baina zenbat aparkaleku ote daude? Aparkaleku eskasia izaten da udalerri gehienetan herritarrek izaten duten eskaera eta kexa errepikatuenetako bat. Gauza horrela, irailaren 22an Autorik Gabeko Eguna denez, herri eskolako ikasle eta irakasleak eta Udaleko ingurumen teknikaria herri gunean dauden autoen aparkaleku publikoak zenbatzera irten da (Haur Hezkuntzako 4-5 urtekoek eta lehenengo mailakoek, Lehen hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailako ikasleek eta 2 irakaslek parte hartu dute ekimenean). Honako kaleetako aparkalekuko kopurua zenbatu da: Belkoain bidea, Elutse kalea, Altamira kalea, Amalkor kalea, Herriko Plazara sartzeko bideko aparkalekuak, Allapur kalea eta Uztartza aterpetxeko atzeko aparkalekua. Egindako zenbaketa lanaren emaitza honakoa da: herri gunean autoentzako 152 aparkaleku publiko daude (etxeetako aparkaleku pribatuak zenbatuz gero, aparkaleku kopuruak gora egingo luke). Beraz, argi geratzen da herri gunean inskribatutako 110 autoek aparkalekuak soberan dituztela (152 aparkaleku publiko eta etxeetako aparkaleku pribatuak ere badaudelako).
  • Bizikleten txekeoa: norberak bere bizikleta zein egoeran duen ezagutu eta aldi berean, bizikleta ahalik eta hobekien mantentzeko helburuarekin, Udalak, irailaren 24an, arratsaldeko 5etatik 7etara, bizikleten txekeoa antolatu zuen, herriko plazan. 30 bat lagun hurbildu ziren ekintza honetara beren bizikletekin.
  • Autoan Elkarrekin ekimena: Tolosaldea Garatzenek, bere web gunean, “Autoan elkarrekin” izeneko atal bat sortu du. Helburua, eguneroko joan-etorrik autoan egitera behartuta dauden herritarrek beren autoa partekatzea da. Beraz, lanera joateko edo ikasketak direla eta autoa erabiltzen dutenek, aukera dute zerbitzu berri honen bidez beraien ibilbide bera edo antzekoa, eta ordutegi berdinak dituzten herritarrekin harremanetan jarri eta adostasun batera iritsiz, horiek auto berean ibilbidea egiteko aukera dute. Modu honetan, errepidetik autoak kentzen lagunduko genuke, eta hortaz, trafikoa arindu eta airearen kalitatea hobetzen ere (bakoitza bere autoan ibilbidea ez egitea lortzen baita, guztiek autoa partekatuz). Adunako Udalak, era berean, bere web gunean atal berezi bat sortuko du aurki, Tolosaldea Garatzenek martxan jarritako zerbitzuarekin lotura zuzena izango duena.

Adunan, 2009ko irailaren 24an.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!