Andoaingo Txirrindulari Eskola, XXV.urteurrena: Iritzi bilketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 19:22

JON MIKEL MUJIKA • IRITZIA

1984. Garai hartan -soldaduska zela eta- ezin izan nuen bertan egon, 1985ean Joxe Barberenak belarritik heldu eta bertan murgildu ninduen. Ordura arte, txirrindulari izanik, talde ezberdinetan ibili izan nintzen baina hau desberdina zen: helburua ez zen talde leiakorra egitea, herriko gazteei kirola egiteko aukera eman eta txirrindulari bihurtzea baizik.

Hori gauzatzeko, gazteari eskatzen genion bakarra seriotasuna, eta lagunekiko errespetua zen. Ez genion garrantziarik ematen lodia edo argala, baldarra edo arina izateari. Eta gauza bera eskatzen genion geure buruari. Horri esker, lan taldean nahiz gazteekin lagun giroa izan da nagusi, gehienetan. Zorionez, entrenatzaile lanetan dabiltzan gazte guztiak, eskolan txirrindulari izandakoak dira.

Beste bi zutabe garrantzitsu ere badira: gurasoak eta babesleak.
Gurasoei dagokionez, denboraldi hasieran egiten dugun bileran garbi azaltzen diegu lagundu nahi badute, horretarako modurik onena guk eskatutakoa egitea dela, gure lanean sartu gabe, eta, gehienetan oso ondo betetzen dute. Gaur egun horietako guraso batzuk lantaldean daude.

Babesleei dagokienez, zalantzak eduki genituen babesle bakarra edota txiki ugari edukitzea. Bigarren aukeraren alde egin genuen, maillotean Andoain izena bakarrik jarriz. Orain txalotu egiten dugu erabaki hura hartu izana. Gure kasuan babesle nagusiak Udal Patronatua eta enpresa txiki asko dira.

Orain, 25 urte eta gero oso harro sentitzen gara egindako lanarekin, hasierako helburua gauzatu dela ikusita. Lehengo batean lagun batek galdera hau egin zidan: - urte hauetan guztietan hainbat ordu eskaini diozue eskolari. Eta, zeren truke? Lan taldean gauden guztiok erantzun berbera dugula uste dut: eskolatik pasatako gazte gehienak kirola egiten jarraitzen dute, eta sakrifikatzea zer den ondo ikasi dute. Ikasgai hau bizitzaren arlo guztietan aurrera egiteko oso baliogarria dela uste dugu.

Orain, ospatzeko garaia iritsi da. Mila esker, honaino iristen lagundu gaituzuen guztioi.


AXIER ETXEZARRETA • IRITZIA
Badira 25 urte, mende laurdena, Andoaingo Txirrindulari Eskola sortu zela. 25 urte bizitza ororen moduan, bilakaera bat jarraituz. 25 urte makina bat gazterekin elkarlanean. Ni neu ere gazte horien tartean sartu beharrekoa naiz ba, eskolaren parte izandako horietako bat eta aipaturiko bilakaera hori bizitutako bat.
Edozer gauza lehenengo aldian egiten den guzietan bezala, arduradunek, taldea aurrera ateratzea erabaki zutenek izango zituzten beraien eragozpenak baina txirrindulariek ez genituen nozitu. Orain, atzera begira jarrita arduradun hauek ere beraien bilakaera izan dutela esango nuke, esperientziak erakutsita aurrera pauso asko eman dituztela, bai urte guztiko entrenamenduak prestatzerakoan eta baita momentu jakin batean lasterketa bat prestatzerakoan. Gogoan dut lehen urte haietan Ordiziako lasterketara joan eta beroketa ariketak egiten hasi ginenean, txirrindulari gazteak nazkatu ginen ariketa haietaz eta hor joan ginen inguruko parkera txirristan gora eta behera ibiltzera… pentsatuko duzuenez lasterketa negargarria egin genuen. Ez da horrelakorik gertatzen orain, esan bezala gauzak hobe prestatzen baitira.
Bilakaerarik izan ez duen puntu bat bada urte hauetan guztietan errepikatu dena, taldekideen arteko laguntasuna, txirrindu gaineko uneetatik haratago luzatu dena zenbait urtetan batera ibili diren taldekideen artean. Taldeko arduradunek benetako lagun giroa sortzea lortzen dute urtea joan, urtea etorri, eta gero giro hau islatu egiten da bai errepidean, ikusi besterik ez dago azken urte hauetan taldekako erlojupekotan lorturiko emaitza bikainak non txirrindulari bakar bat baino askoz garrantzitsuagoa den taldekideek besteentzat lana gogoz egitea, eta baita ere errepidetik kanpo, non denboraldiaz kanpoko parrandatarako ere zenbait koadrila bertan sortu diren.
Urtemuga hau dela eta, zorionak, mila esker eta beste horrenbeste osa ditzazuela.

 

AIZTOL ZURIARRAIN  • IRITZIA
Hamalau hamabost urte nituenean R.E.M. egitera Ikastolara etorri nintzenean gerturatzen hasi nintzen Andoaingo Txirrindulari Eskolara,  urtea aurrera zihoala  konturatu nintzen  Andoainekin lotura errazagoa nuela ordurarteko txirrindulari eskolarekin baino. Lasarte-Donostia, Lasarte-Andoain.
Jubenilen bi urtean etorri nintzen “Andoaingo”–ra (hamabost-hamasei urte), bizikleta gainean urte batzu neramatzan  “Donostiarra” taldean, gero “Hartzak Hortzeok”  izatera pasa zena.  Aurreko urtean ikastolara etorri nintzenez bigarren urterako “Andoaingo”-ra  aldatzeko eskatu nion federazioari. Nire txirrindulari ibilbidean aldaketa gertatu  zen.
 Urte horretan bertan ziklokrosean parte hartzen hasi nintzen Eskolaren laguntzaz bizikletak lortu genituen eta beharrezko materiala. Garai hartan Andoainen ziklokrosa antolatzen zen  eta bertan ere parte hartu genuen, bai karreran bertan baita ere antolakuntzan, “Andoaingo”-k lortzen duen gauzarik onena lanerako jendea biltzen duela baita.
Entrenamenduak medikuak jartzen zizkigun eta astero entrenamendu bila joaten ginen Tolosara, bizikleta gainean nola ez.
Ziklokrosean buruntza auzoan entrenatzen ginen teknikoki, eta errepidean Ordiziarainoko bidean ibiltzen ginen. Niri otu zitzaidan taldean Asier Etxezarreta, Mikel Uria, Urko Salaberria ginen. Behin ziklokrosa amaitzean  errepideko denboraldia hasi genuen  eta neronek esatea ona ez bada ere urte ona burutu genuen,  taldeka behin baino gehiagotan irabazita eta bakarka ere bakar batzuk irabazi genituelarik.
Txirrindulari eskolak jubenilak arte izaten dira, gero afizionatuen taldera egiten da salto baina horregatik ez zen  eskola eta nire arteko harremana hautsi, ezta gutxiagorik ere.  23 urte egin arte bizikletan konpetitzen jarraitu nuen eta beti Andoaingo eskoraren laguntza ezkutuaz, ezkutuaz diot beste talde batzuetan korritzen bait nuen baina Andoaingo txirrindulari eskolarekin  jarraituz bide batez.
Horrela mendiko bizikletan entrenatzen nuenean hasi nintzen txirrindulari gazteenak entrenatzen, Andoaindik  Asteasura joaten ginen, bizikletaz. Behin konpetitzeari utzi nionean  hasi nintzen neguan kadete eta jubenilak entrenatzen  kiroldegian eta astebukaeratan berriz mendi irteera eginaz, urte bukaera arte gero bizikletan entrenatzen hasten dira eta martxoan lehiatzera pasatzen dira. Orduan gazteenekin bizikletaz irteten gara  eta trafikoa dela eta orain geltoki eta Krafft tartean ibiltzen gera.
Andoaingo txirrindulari eskolak duen gauzarik onena, bere inguruan bildu duen lan taldea da. Zeozergatik izango da, ezta?
 Esan beharrik ez dago “Andoaingo” gizonik garrantzitsuenetakoa, garrantzitsuena ez esateagatik, denak biltzen gaituen gizona Joxe Luis Barberena dela, bai orduan eta bai gaur, gizon honek egiten duenak ez dauka preziorik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!