Pedro Mateos, Andoaingo areto futbol txapelketako eragilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 19:20

Pedro Mateosek (Acebo, Caceres, 1944) urteak eta urteak daramatza herriko taldeen arteko futbol txapelketak antolatzen. Eskolako gaztetxoekin iraganean, hamasei urtetik gorakoekin azken urtetan.

ARETO FUTBOLA ANDOAINGO TXAPELKETA

Zu zerorri futbol jokalaria izango zinen noizbait, ala?
Pedro  Mateos: Futbolzale porrokatua betidanik izan naiz, baina Acebo jaioterrian futbolean umetan bakarrik aritu nintzen, errekreotan-eta horrela. Orduan jolaserako ez zegoen denbora askorik; egin kontu 12 urterekin jada lanean hasi nintzela...

Noiztik zabiltza antolatzaile bezala herrian futbol txapelketak antolatzen?
P.M.: Orain 35 bat urte Urnietako Vegasa enpresan lan egiten nuen garaian, enpresa berak futbol talde bat babesten zuen. Kontxako hondartzako txapelketan parte hartzen zuen gaztetxoen taldeak entrenatzailea behar zuela-eta, horrela sartu nintzen mundu horretan. Geroago, Leitzaran ikastetxea sortu zenean Andoainen, eskolaz kanpoko kirolen ardura hartu nuen guraso elkartearen izenean. Bixente Huizi, Pako Perez, Luis Mari Arrizabalaga eta beste zenbaiten artean antolatzen genuen eskolarteko kirola; ia dena egiteko, eta laguntzarik ez zegoen urteak izan ziren haiek.   

Ia dena egiteko zegoela diozu...
P. M.: Diputazioa bere egitasmoarekin sartu zen arte, laguntzarik ez zegoen eta dena bizpahiruren artean egin behar izaten zen. Kamisetarik ere ez zuten izaten gaztetxoek. Milaka partida irentsiko nituen, batean entrenatzaile edo delegatu, bestean epaile... Asteburua iritsi, eta zenbat alditan ez ote nintzen epaile gisa aritu goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte, gelditu gabe!

Areto futboleko antolakuntza geroko kontuak dira, beraz...
P. M.: Ormendi taldeko delegatu gisa orain hogei bat urte hasi nintzen, nire semea, Joxan Otaño, Felipe Flores, Oscar Aparicio eta beste horiek gaztetxoak zirenean. Hortik aurrera, modu naturalean sartu nintzen areto futboleko txapelketaren saltsan.

Nahiko bakarrik aritu zara urte haietan txapelketaren antolakuntzan...
P. M.: Semeak lagundu izan dit, baina gainerakoan nahiko bakarrik, bai. Inor ez dago prest boluntario izateko. Pare bat urtetan bi gaztek hartu zuten ardura, baina berehala utzi zuten nekatuta, dena gastuak zirela ohartu baitziren. Nik neronek patriketatik dirua jarri behar izan dut noizbait.

Eta zerk bultzatu zaitu hainbeste urtetan saltsan jarraitzea?
P. M.: Nire satisfaziorik handiena, asteburua etorri eta herriko gazteak geldirik ez baizik eta kirola egiten ari direla ikustea da. Inguruko herrietara begiratu, eta bakarrik Lasarten antolatzen da antzeko arrakasta daukan txapelketarik. Bestetan ia ez dago ezer. Hogeita bederatzi talde, hau da, laurehundik gora gazte astebururo kirola egiten... Errealitate horrek gainerako kezka eta buruhauste guztiak ahaztu arazten dizkit.

Zer moduz moldatzen zara gazteekin?
P. M.: Inori ez zaio galtzea gustatzen eta injustizia ikusteko joera daukagu askotan halakoetan. Ni ere odol berokoa naiz eta xextrarik bizitzea tokatu izan zait behin edo behin. Hala ere, ni oso gustura ibili naiz beti; gazteen %99a zuzena eta jatorra baita. Gainera, azken urteetan arau zorrotzak jarri dira eta zintzo betetzen dira.

Zenbat aldatu da futbol maila azken 30 urtetan?
P. M.: Izugarri. Teknikoagoak, bizkorragoak... dira gaurkoak. Gertatzen da, alferragoak ikusten ditudala; ez dute entrenatu nahi, eta hargatik ez dute talde federatu batera joan nahi. Hori bai, denborapasa etortzen ziren lehengo jokalarien aldean, oraingoak lehiakorragoak dira.  

Kirol patronatua sartu da azken urtetan...
P. M.: Aspaldiko borroka kirol patronatua inplikatzea zen, eta hori orain bost bat urte lortu ahal izan zen. Gauzak primeran doaz gaur egun; Ixiar Olano gogoz sartu da eta ederki moldatzen gara. Patronatuak ardura hartu duenetik, nire zeregina asko murriztu da.

Erretiratzeko gogorik ez?
P. M.: 65 urte betetzera noa, eta nik uste heldu zaidala lan horiek uzteko garaia. Oinarri sendoak ditu gaur egun kirol txapelketak, eta jada ez du lehengo militantzia eskatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!