Andoaingo mapa birtuala eta askea osatzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 19:15

Gorka Julio Andoaingo Internet adituak eta Mikel Lizarralde Tagzania euskal enpresako kideak munduko mapa euskarri digital ezberdinetan libreki eta dohainik erabiltzeko ikastaro-erakustaldia egingo dute urriaren 3an Itzala Gunean, goizeko hamarretan hasita.


Zer da bada OpenStreetMap? Munduko mapa librea da OpenStreetMap (OSM), Wikipediaren tankeran erabiltzaile bolondresek sortua eta eguneratua. OpenStreetMap-ek erabiltzeko askatasuna eskaintzen du, era librean, ezer ordaindu gabe. Google Maps eta antzeko enpresa erraldoien kasuan, ordea, mapak ez dira libreak, copyright-a daukate. Egile eskubideak dauzkaten mapa horiek erabiltzeko lizentzia bat ordaindu beharra dago.

Pribatua vs. Askea
Musikan eta beste hainbat alorretan bezala Internet sareak eztabaida piztu du. Kaleen mapak egile eskubideen pean egon behar al du? Horiek erabiltzeagatik dirua ordaindu behar al da? Eta horrelako baliabideek jabetza pribatuaren esku egon behar dute?
Horren alternatiba gisa, kaleko munduko mapari dagokionez, alternatiba askea sortu da OpenStreetMap izenpean.
Mundu osoan zehar Internet erabiltzaileak mapa alternatiboa osatzen ari dira, librea eta doakoa. Baina horretarako erabiltzaileen eskuzabaltasuna beharrezkoa da.
Alde horretatik Itzalan hizlari arituko den Mikel Lizarraldek Internet sarearen erabiltzaile arrunten garrantzia azpimarratu nahi du, “orain arte Internet erabiltzaile aurreratuenak parte hartzen ari dira mugimendu honetan. Baina geroz eta handiagoa da erabiltzaile arrunten parte hartzea herrietako mapen osaketan. OpenStreetMap gunean, esaterako Andoaingo mapa hutsik zegoen eta orain aste bi Donostiako erabiltzaile batek ia Andoain osoa mapeatu du. Tolosa eta antzeko herriekin gauza bera gertatzen ari da. Fenomeno hau Britainia Handian eta AEBn arrunt bilakatzen ari da”. Wikipediarekin gertatzen den bezalaxe, OpenStreetMap-ean erabiltzaile ugari dabil munduko mapa uneoro eguneratzen.
OpenStreetMap-en abantailak
Julio, Lizarralde eta enparauen lanarekin sistema alternatibo horren informazioa librea da, eguneratuta dago eta zehatzagoa izan daiteke.
Informazioa ere osatuagoa eta zuzenagoa izan daiteke, izan ere, kartografia sortzen duen enpresa handi batek ezin dezake informazio lokal guztiaren berri izan. Alde horretatik, erabiltzaileek hobeto ezagutzen dute beraien ingurua eta era egokiagoan eraman dezakete mapa batetara.
Internet sarean arakatuz gero, adibide zehatzak aurki daitezke. Batzuren artean, hauexek biak: “2008ko irailean errepide bat moztu egin zuten Eibarren, ondorioz ezin zen saihesbidera iritsi. GPS komertzialek eta Google Maps-ek ez dakite N-634 errepidea moztuta dagoela, baina OpenStreetMap-en egunean bertan egin genuen aldaketa”. Bigarren adibideak Nafarroako hiriburuan du kokalekua, “Iruñeako kale-izenak gaizki daude Google Maps-en. OpenStreetMap bezalako proiektu batean, datu horiek edozein erabiltzailek moldatu ditzake”.

AUTOetako GPS-a
GPS aparailuak ohiko dira auto gidarien artean. Geroz eta eskaintza merkeagoak aurkitzen dira merkatuan. Ordea, GPSko mapak eguneratu nahi dituenak, edota herrialde gehiago eskuratu, ordaintzea da geratzen zaion aukera bakarra.
Internet adituek eta erabiltzaile aurreratuek OpenStreetMap ibilgailuen GPS aparailuetan txertatzea lortu dute. Andoaingo hitzaldira agertzen denak argibide gehiago jaso ditzake horren inguruan.

Erakustaldia Andoainen
Antolatzaileek gonbidapen zabala egin dute, “Andoaingo mapa egiteaz gain OpenStreetMap (OSM) ezagutzera eman nahi dugu eta erabiltzaile/boluntario berriak erakarri proiektura. Ez daukazu inolako jakintzarik eduki behar mapa libre hau garatzen lagundu nahi baduzu; zatoz eta ikusi nola lagun dezakezun”.

Egitaraua
1. Zer da OpenStreetMap.
2.Nola parte hartu OpenStreetMap-en.
3.Herritik buelta bat emango dugu gure GPS aparailuekin Andoaingo mapa librea egiteko.
Eguna:
Urriak 3, larunbata.
10:00-14:00.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!