Sukaldaritza jardunaldiak Andoaingo elkarteen artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 19:14

Andoaingo Batzoki elkarteko kideek ideia berritzailea –eta txalogarria– izan dute: Andoaingo elkarteen arteko lehenengo sukaldaritza jardunaldiak antolatzea. Lehen saiakeran, gainera, Andoaingo elkarte guztietako ordezkariek parte hartzea lortu dute.

Plater eta jakien erakustaldia izango da, lehiaketa kutsurik gabekoa. Antolatzaileen hitzetan jardunaldi hauen xedea honako hau da: “Elkarte bakoitzeko ordezkariek, bikoteka, 4 pertsonentzako otordua prestatu behar dute, horretarako izango duen muga bakarra osagaien balioa 30 eurotik ez igarotzea izango delarik”.
Plater hauen prestatzea Batzokiko sukaldean izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Hona, egutegiari jarraituz lehen hitzorduak:

Irailak 24, osteguna.

Karrika elkartearen eskutik: zurrukutuna, mediana betea labean, udareak ardotan.
Sukaldariak: Ciganda, Artolazabal.

Irailak 25, ostirala.

Ontza elkartearen eskutik: arrain zopa, txahal buztana.    Sukaldariak: Mendikute, Petrikorena.   

Urriak 1, osteguna.   

Hogar Extremeñoren eskutik: Frite de cordero extremeño.   
Sukaldariak: Bermejo, Mateos.   

Urriak 2, ostirala.
Errekabururen eskutik: entsalada epela, txitxarroa labean panadera patatekin eta izozki bolak.
Sukaldariak: Balda,Letamendi.

Batzokiko arduradunek plateren prestaketa gertutik jarraitu nahi duen orori batzokira gerturatzeko gonbidapena luzatzen diete. Telebista pantaila batez, zuzenean sukaldarien jarduna jarraitzeko aukera izango da.

Sukalde kontuak URRIA AMAITU ARTE
Jardunaldi hauei behar bezalako amaiera emateko, urriak 30ean, Igor Zalakain andoaindar sukaldari ospetsuak otordua prestatuko du beste sukaldari guztien baldintza berdinetan, eta urriaren 31n, afari bat ospatuko da jardunaldi hauetan parte hartutako sukaldari guztiekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!