Gazte Lokala, ikasle askoren bilgunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 19:12

Gazte Lokaleko arduradunek urtero ikusminez ekiten diote ikasturte berriari. Oihane Ariznabarreta Gazte Lokaleko koordinatzaile lanetan ari da, hurrengo hilabeteetan Marta Lasaren ordez arituko baita. Informatika gelako arduraduna, berriz, Haritz Nuñez da.

Dagoeneko martxan zaudetela esan daiteke?
Marta Lasa. Normaltasunean sartzen ari gara. Ordutegia betikoa da. Sasoi honetan, iraila aldean, belaunaldi berriak gerturatzen hasiko dira Gazte Lokalera. Zehazki, 12 urte dituzten gazteak. DBH1ean ikasten hasten direnean, lokalean sartzeko aukera dute. Nagusiki Lokala gehien erabiltzen den adin tartea 12-15 edo 12-16 urte artekoa da.

Kopuruan ere aldaketa handiak izaten dira urte batetik bestera?
Marta Lasa. Behin aukera dutenean, hona gela guztia batera etortzen hasten da. Denbora asko sartzeko zain direlako. Asko eta asko dagoeneko 11 urterekin ate joka hasten dira. Jakin badakigu 10-12 urte bitartekoentzat aisialdiari dagokionez aukera handiegirik ez dagoela Andoainen baina guk hemen, azken finean, muga bat ipini behar dugu. Irailaren 8an ireki genuen eta egunean bertan 12 urte azpiko bizpahiru gazte genituen. Sartu nahian etortzen dira, baina ezin dute.
H.N. DBH 1eko ikasleek urrian bisitaldia egingo dute ikastetxeetako tutoreek lagunduta. Hortik aurrera taldean eta kopuru handian etortzen hasiko dira.
M.L. Ikusminez gaude ikasturte hasieran. Ez baitira urte guztiak berdinak izaten. Azken urteetan esperientzia ona izaten ari da erabiltzaileen kopuruari dagokionez. Hasiera batean perfila erdaldunagoa zen baina azken urteetan nahasketa oso aberatsa izaten ari da. Ikastetxe guztietako ikasleen bilgune bilakatu da Gazte Lokala, honezkero. Joera honi eutsi zaio azken urteetan eta horretan jarraitzea espero dugu etorkizunean ere.

Zuek biak, Marta eta Haritz, Gazte Lokalean hasieratik zaudete. Gaur egun Andoain Gazte Lokalik gabe imaginatzea zaila izango da, ezta?
M.L. Azaroan bederatzi urte beteko dira Gazte Lokala ireki zenetik. Gaur esan genezake erreferente garbia dela. 12-18 urteko adin tartean oso garrantzitsua delako herrikoen arteko elkar ezagutza indartzea. Bakoitzak bere ikastetxean izaten ditu bere lagunak, eta Gazte Lokalari esker ikastetxe berekoak ez diren beste herrikideen lagun izateko aukera badago.
Asteburuetan irekita egotean, gainera, oso garbi ikusten da horrelako espazioak beharrezko direla.

Zein funtzio betetzen du Gazte Lokalak Andoainen?
M.L. Gazteen topagunea da, gazteak elkartzeko gune amankomuna eta denentzat berdina dena. Denen eskura dago.
Kirolean, adibidez, badira erreferenteak. Baina aisialdiari dagokionez Gazte Lokalak betetzen du erreferentzialtasun hori.
Ikastetxe ezberdinetan ikasten dabiltzanez, maiz aurreiritziak sortzen dira ikasleen artean. Eta alde horretatik elkar ezagutza sustatzeko eta aurreritziekin hausteko baliabide ezin hobea da.
H.N. Gazteek horren inguruan hausnartuko ez badute ere, espazio hezitzailea ere bada. Jolasteaz haratago, balore batzuk lantzen dira hemen.

Zuek ere 12-15 urteko adin tarte hori igaro duzue. Zein desberdintasun ikusten duzue garai bateko eta gaur egungo gaztetxoen artean?
H.N. Niretzat handiena; lehen kalean gehiago aritzen ginela. Etxean egoteko ohitura gehiago dago orain, nagusiki teknologia berriak gureganatu ditugunetik. Hori lehen ez zegoenez, kaleko jolasetan ematen genuen denbora. Horrek gaztearen beste perfil ezberdina ematen zuen.
M.L. Harreman aldetik ere aldaketak egon badaude. Garai batean eskolako lagunak zeuden, baina baita auzoko lagunak ere. Hori aldatuz, galduz joan da. Anai arrebak, auzotarrak, gelakideak... sare ezberdin horiek edukitzea aberatsa zen.
Gaur egun sare horiek murriztu egin dira. Harremanak orain mugatuagoak dira. Eta, laguntasunari dagokionez lehen baino fideltasun gutxiago dago. Gure garaikook betiko koadrilari eusten diogu. Eta hori orain lehenago hausten da. Gazte Lokalean hori guztia oso nabarmen ikusten ari gara.

Baliabide berriak, alde horretatik, joeren aldaketa horren gakoetakoa da.
M.L. Horrela da bai. Gaur egun haurrek normaltasun osoz erabiltzen dituzte baliabide informatikoak. Naturala da ordenagailua edota eskuko telefonoa erabiltzeko gaitasuna. Haien garapenarekin bat doan zerbait da.
H.N. Alde horretatik kontrol lana egiten da Gazte Lokalean. Informatika gela oso gustukoa dute, baina denboraren aldetik ezin dute arratsalde osoa bertan igaro. Normalean binaka ordu erdiz, eta gehienez ere ordubetez, egoten dira ordenagailuaren aurrean. Beti dago pertsona bat kontrol lana egiteko. Hainbat webguneetarako sarbideak eten egiten ditugu filtro informatikoen bidez, bertako edukiak ez ikusteko.
Neskak normalean Tuenti, Facebook eta antzeko sare sozialetan aritzen dira. Mutilak Internet bidezko jolasekin.
Eskolako lanak ere, taldeka direnean bereziki, hemen egiten dituzte.

Zer antolatzeko asmoa duzue lehen aste hauetan?
Oihane Ariznabarreta. Irailean ikasleak oraindik udako opor usaian dabiltza. Ikasturte hasieran irteeraren bat egiteko asmoa dago, gazteen elkar ezagutza areagotzeko bereziki. Rugby partida ikustera joatea aztertzen ari gara. Proposamen zerrenda zabalik utziko dugu haiek ere ideiak eman ditzaten. Lokalean bertan tailerrak, txapelketak eta ikusentzunezkoren bat programatzeko asmoa ere badago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!