Irailak 27, igandea. Azken bi urteetako moduan irailaren azken igandearekin ospatuko da, Sanmiel jaien barruan. 14:00etan hasiko den bazkariarekin emango zaio hasiera. Nabarmentzekoa da aurtengo bazkaria ez dela aurrekoetan bezala San Juan plazan egingo, Jakutegi plazako karpan baizik. Horrela eguzki, haize eta euritik babestuta izango dira bazkaltiarrak.
Arratsaldeko 16:00-etan bertso emanaldia hasiko da, eta bertan izango da jaiaren hiru ediziotan hutsik egin gabe etorri den eta Euskal Herriko bertsolari txapelketan parte hartuko duen Uxue Alberdi. Berarekin batera izango dira aurkezpen beharrik ez duten Añorgako Gaztelumendi anaiak, Beñat eta Unai, eta iaz Nafarroako txapela jantzi zuen Julen Zelaieta beratarra. Gai-jartzaile lanak Egoitz Aizpuru oñatiarrak egingo ditu. Arratsaldeko bostetan biziko du jaiak unerik hunkigarriena, Urnietar Prestu izendapenarekin. 17:30ak aldera jarraipen handia izaten duten mus eta toka txapelketei emango zaie hasiera. Mus txapelketa Jakutegiko karpan egingo da eta bazkaltiarrentzako dohainekoa izango da parte hartzea, gainontzekoek 10 euro bikoteko ordaindu beharko dute. Toka txapelketak, urteroko kokagunea mantenduko du, maldan gorakoa izatearen berezitasun hori ez galtzearren. Hemen ere bazkarira ez datozenek 2 euro ordaindu beharko dituzte. Txapelketa batean, zein bestean aurreneko hirurentzako sariak izango dira. Jaiari amaiera emateko, aurten lehenengo aldiz ospatuko den Maria Arizmendi irrintzi lehiaketa egingo da 19:30etan da San Juan plazako oholtzan. Herritarrek zein kanpotarrek aukera izango dute beren abilezia erakusteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!