Jaiei kantari, neurri librean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 12:09

Urnietan bazen bertsorako zaletasuna. hori berpiztu nahian Aiurrik zortzi lagun jarri ditu San migel jaiei kantari; diren guztiak ez daude, baina dauden guztiak dira. Irakurri, kantatu eta gozatu.

Andoaindik:
Migel Arrieta. 78 urte

Urnietako herri maitio
oso maitia daukat nik
neroni ere bertan jaiota
hazitakua izanik
Sanmiel jaiak lasai askuak
pasatu ohi nituen nik
gaur ez det uste garai hartako
ilusiorik dagonik.

Sanmieletan lehen ere baziran
Urnietan gauza alaiak
ai Tolosako orkestina ta
elizatxoko kanpaiak
orduan denok euskaldun giñan
aldatu dira gaiak
agur bero bat urnietarrai
eta ondo pasa jaiak.

Doinua: Norteko ferrokarrilla.

Iurramenditik:
Joxe Permin Argiñarena. 56 urte

Sanmielak ba datoz
aurten ate joka;
zain zegon Urnieta
zain zegon Xoxoka.
Askatzea komeni
arazoen soka
ondo pasa ditzazun
bihotzetik opa.

Egitarau zabala
digute prestatu;
krisis garaian ezin
gehiago eskatu.
Murgildu zaitez pestan
bertan parte hartu
saiatu pesta jartzen
nor bera ez aztu.

Herritikan aparte
Jon eta Terexa
zuek besarkatzeko
badut interesa.
Maitagarriak biok
ulertzen errexa
tristea baita oso
askatasun eza.

Doinua: “Triste bizi naiz eta”


Lasartetik:
Andoni Otamendi. 36 urte

Pozik gogoratzeko
momentu tristetan
ez izateko penik
gero hainbestetan
Zabiltzatela fuerte,
sasoian gaztetan
Batzuek mutiletan
besteak nesketan...
dibertitu zaitezte
herriko festetan.

Gazte izandakoak
izanari eutsi
eta lehengo urteko
zuen marka hautsi
zuen disfrutatzeko
nahia erakutsi:
dantza, juerga, kirolak...
ez baitago gutxi.
Gaur egin litekenik
biharko ez utzi.

Doinua: "Bizkaiko aberatsak"

Goiburutik:
Joxemari Mujika “Anatx”. 43 urte

Berriro San Migelak
datoz guregana
antolatzalleak fin
egin dute lana
festetaz goza dadin
inguratzen dena
ta falta direnei
besarkada bana.

Urteko kezken karga
dezagun uxatu
egitarau ederra
digute osatu
denetatikan dago
ezin da kexatu
parte hartuaz festa
giroaz gozatu

Dionua: Pasaiako herritik

Herrian bukatuta
Xoxoka aldera
astelen, astearte
aste bukaera
herri kirol, bertsoak
dantzako aukera
euskal giro jatorra
dago hor gañera
etzera damutuko
azaltzen bazera.

Doinua: Bizkaiko txerria


Sorabillatik:
Iñaki Otaño. 59 urte

Gai hauek gustokoak
zaizkit egietan
poza sortzen baidute
bihotz begietan
ohitura zaharrak
garai berrietan
berehalaxe gera
gu Sanmieletan
ia elkartzen geran
denok Urnietan.

Harrijasotzaile ta
korrika bezela
dantzari, sokatira,
demak datozela
sagardo probaketa
pintxo ta okela
jaiak ospatzen dira
gurean horrela
guztion gogokoak
gerta ditezela.

Bizirik dirau gugan
festaren sugarrak
ordurako gordeaz
dauzkagun indarrak.
Elkarganatzen gaitu
ikusi biharrak
kontatuaz geronen
poz eta negarrak.
Gora gure Sanmiel
ta urnietarrak.

Berrasoetatik
Jon Iturbe. 14 urte

Egutegiari begira
Sanmielak hemen dira
ekintza ugari badira baina
pasako dirade dida.
 
Jon Ezeiza eta hainbat
hartuko ditugu aintzat
ea herrian ditugun bueltan  
hurrengo urterako behintzat.
 
Doinua: Egun da santimamiña

Oztarandik:
Praixku Urruzola. 78 urte

Bi mila eta bederatzian
Urnieta festetan
agorrilaren hoitabeatzian
San Migeletan
gusto pixka bat izango dala
uste det aurtengo honetan
lekuz behintzat hobeto
kale bazterretan.

Herri polita zera baina
egon zea itsusituta
berebilez bazter denak
josita ezin kabituta
orain barianteari eskerrak
pixka bat lasaituta
kale alde hori egon
liteke poztuta.

Gauzak ez dira egiten
nor bere kasa
batzutan bilatu ezinda
bestietan pasa
nahi bezala ibiltzen
ez da oso erraza
festak ondo ondo egin
eta ondo ondo pasa!
Idiazabaldik:
Jexux Etxaniz. 79 urte
Gure Sanmiel goiaingerua
ez daukagu saltzeko
badaukagu motibo asko
orri fedea hartzeko
bera beti hor baitago
guri eskutik heltzeko
horren beharra izaten degu
herriko festak jartzeko.

Urnietarrak ikusten ditut
nik lenagoko tankeran
umorea eta alaitasuna
badaukagu aukeran
bihotzetikan esaten dut
sentitzen dudan eran
ea guztiok Sanmieletan
hemen ikusten geran.

ASPALDIKOA
Duela 20 urtetik gora, baserritar talde bat jaietako meza nagusiaren ondoren  Joxinixionean hamaiketako egin eta ateratzen ikusitakoan Anatxek honako bertsoa kantatu zien:

Begira nola bizi diren
baserritarrak baserrian
meza nagusira etortzen dira
fedearen indarrian
gero salda hartzen dute
tabernako mahai bazterrian
horiek bai bizi direla
usadio zaharrian.

BERTSO SAIOA
Iñistor jaia, Sanmieletan. Igande honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!