Zenbat urte dira Urnietara zatozela?
Patxi Etxeberria: Joan deneko 30 urtetan ia hutsik egin gabe hots egin didate Urnietatik, bertsotan jardun nezan. Urteko nire bertso jira Urnietan, Azkorten hasten da, Santakrutzetan maiatzaren 3an. Hurrengo astean, berriz ere Azkortera noa, Ttakunek antolatutako jaira. Hirugarren saioa, berehala, San Isidro egunean izaten da maiatzaren 15ean, baserritarren aurrean. Laugarrena, berriz, Sanmieletan; aurten ere hor izango naiz, meza nagusian-eta.
Bertsolari bera urtero hainbestetan ikusteaz urnietarrak honezkero nekatuta behar luketela egon, ematen du...
P. E.: Ez da gezurra! Pentsatzen jartzen naiz, eta harrigarria egiten zait. Harritzekoa ez da izango? Euskal Herriko inongo bazterretan ez zait gertatzen antzekorik. Jaietaz arduratzen diren batzordeak eta batzordekideak aldatu izan dira urteen poderioz, baina hala ere, beti jo izan dute niregana. Ez diet bada, ezetzik esango, ala?
Urnietarrei bertsotarako estimazio berezirik sumatzen al diezu?
P. E.: Baietz esango nuke. Bertsoak arretaz entzuteaz gain, bazkaritan-eta maiz harrapatu izan ditut bertsolaritzari buruzko kontu zaharrak berritzen; alegia, “gogoratzen al haiz halako bertsolariak nolako bertsoa bota zuen?” eta antzeko komentarioak. Hori zaletu amorratuaren joera izaten da, eta horretatik asko daukate urnietarrek.
Prest hilaren 27an Lasarte-Orian eskainiko dizuten omenaldirako?
P. E.: Saiatuko gara esker oneko izaten guztiekin; izan ere, Lasarte-Oriako lagunez gain bertso munduan kantu lagun izan ditudan belaunaldi kide ugari dator. Bertso plazan 50 urte bete ditudala-eta zerbait egin behar zela eta zerbait egin behar zela, halaxe grinatu ziren Lasarte-Oriako bertso eskolako lagunak, eta ezin ezetz esan! Ttakun Elkartea eta Udala inplikatzea ere lortu zuten, eta egundoko jaia antolatu dute. Ez dakit hainbeste merezi dudan; hots egiten didaten tokitara joan eta bertsoak ahalik eta zintzoen botatzea besterik ez dut egin eta!
Aurkeztu berri duzu zure bizitza eta bertsoak biltzen dituen liburua ere...
P. E.: Duela ez askora arte, burutik pasa ere ez zitzaidan egiten liburuaren kontu hau. Eskuartean hartuta, iruditzen zait nahiko egoki jasotzen duela bertsolaritzan bete dudan papera (apala, egia esanda).
Bertso eskola aipatu duzu. Askok ez dute jakingo 78 urterekin zu bertso eskolara joaten zarenik...
P. E.: Ostegunero biltzen gara egoitza zahar batean. 17 urte dituen Ane Labaka izango da gazteena eta ni zaharrena; tartean, adin guztietako bertsozale eta bertsolariak. Batzuetan ikasi, bestetan irakatsi... Niretzat aberasgarria gertatu da bertso eskolarako pausoa eman izana, eta irudipena dut nik ere zer edo zer eman diodala eskolari, eskarmentua besterik ez bada ere.