Haur danborrada, aurten bi ikastetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 24a, 11:30

Presentacion de Maria ikastetxeko haurrak bakarrik ibili dira 30 urtetan Urnietako kaleetan zehar. Aurtengoan, lehenengoz, Egape ikastolako haurrak ere parte hartuko dute haur danborradan.

Nolatan animatu zarete lehenengo haur danborradan parte hartzera?
Juankar Erasun: Iaz hasi ginen ikastolako guraso batzuk gai honekin bilera batzuk egiten, bertan Presentacion de Maria ikastetxeko danborradako ordezkari bat ere izan zen, eta bere laguntza eskaini arren, ez genuen alde guztien konpromiso argia ikusi eta bertan behera urtea erabaki genuen. Aurten, berriro gaiari heldu genion, eta oraingoan beharrezko babes guztiak jasota Egape Danborrada Taldea sortu eta lanari ekin diogu.
Kepa Diez: Bai, behin Udalaren eta ikastolako zuzendaritzarekin babesa lortuta ilusioz beterik aurrera jarraitu dugu. Hiru lan talde osatuak ditugu, bakoitza bere zereginekin. Erabakiak guztion artean hartzen joan gara eta giro ona da nagusi taldean.

Borondatezko lanetan, parte hartzea eskasa izan ohi da...
K.D.: Normalean 20 bat guraso bildu izan gara, eta lan talde polita da.
J.E.: Proiektu hau bideratu genuenean ikusten zen oinarri on batzuetan finkatuta zegoela, helburu argi batekin, bakarrik lanerako konpromisoa falta zen argi zegoen helburu hori lortze aldera.

Eta zein helburuez ari gara?
J.E.: Ekintza hau umeek zerbait ezberdina ikasteko erabili nahi genuen. Hau ez da matematika, hemen ukiezina den zerbait ikasten da, antzerkiarekin edo beste hainbat diziplinekin egiten den moduan. Adibidez, auto-estima eta gainditze pertsonala hobetzea, edo ridikulua egiteko beldurra menperatzea. Baita ere, nahi genuen umeek Sanmieletan parte hartzea, baina barrutik, jaietako protagonistak izatea, ez ikusle soilak. Ikastetxea, gurasoak, umeak eta jaien arteko elkarlana ere nabarmenduko nuke.  

Materiala, jantziak....
K.D.: Andoaingo Larramendi ikastolak danborrak eta barrilak utzi dizkigu. Arropari dagokionez, lehenengo urtea izanik, oinarrizko ekipamendu bat egin dugu. Polo zuri batzuk erosi ditugu, lepoko zapiak Guraso Elkarteak erosi ditu, txapelak ikastolak; galtzak eta oinetakoei dagokionez, bakoitzak bere
bakero eta zapatila beltzak jantzita aterako da. Kantinerak berriz, baserritarrez jantziko dira. Erositako arropa guztia hurrengo urteetarako jasoko da, noski.

Hurrengo urteetako materiala erosten joateko asmorik bai?
K.D.: Aurrekontuak begiratzen ari dira danborrak eta barrilak erosteko. Udalak zenbateko diru laguntza ematen digun ere ikusteko dago. Garai zailetan bizi gara, eta ziurrenik ez da izango guk nahiko genukeen adinakoa. Baina egokituko gara dagoenera.
Zein adinetako umeek parte hartuko dute?
J.E.: 9, 10 eta 11 urtekoak dira parte hartuko dutenak, laugarren bosgarren eta seigarren mailakoak. Horrela ume bakoitzak hiru urtetan jarraian parte hartzeko aukera izango du.

Hau hasiera besterik ez da?
J.E.: Denboran iraungo duen zerbait izateko oinarriak jartzen ari gara. Zuzendaritza, Guraso Elkartea, ikasleak eta abar konprometituak gaude proiektu honekin.

Zer esango zeniekete herritarrei?
K.D.: Herritarrak animatu nahi ditugu beraien presentziarekin umeak animatzera kalera atera daitezen. Eta animatu ditzatela, bai ikastolako, bai Presentacion de Mariako haurrak. Umeentzako egun seinalatua izango denez, herritarren babes hori senti dezatela.
J.E.: Umeentzako esperientzia oso polita izango dela pentsatzen dugu. Eta jendeari herriko jaietan parte hartzeko gonbita egingo nioke. Zenbat eta ideia eta borondate on gehiago, orduan eta jai hobeak egingo ditugu denon artean.

Bukatzeko zerbait erantsi nahi al duzue?
K.D.: Eskerrak eman Andoaingo Aita Larramendi ikastolari eta herriko komertzioei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!