Hamar anai-arrebetatik zaharrena den Praixku Belauntzaran San Sebastian, 1929ko urtarrilaren 20an jaio zen Ergoien auzoko Arizmendi baserrian. Arizmendi, 1964. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen eta gaur egun baso mintegia da. 1961eko urrian ezkondu zen Andoaingo parrokian Nafarroako Intzako Monika Oterminekin.
Nolakoa zen Praixku haurtzaroan?
Praixku Belauntzaran: Ume oso mugitua nintzela esan izan didate. Arizmendik hiru bizitza zituen eta horietako batean bizi zen Roxa Urrillunek zaintzen ninduen. Zazpi urterekin Xoxokako eskolara joaten hasi nintzen. Aurreneko maistra Angela Arrue izan genuen, gerra aurretik. Gerra garaian eskola txikitu egin zuten eta urte bat egon ginen eskolarik gabe.
Gau-eskolan ibilitakoa al zara?
P.B.: Bai, adina ez naiz gogoratzen baina heldu xamarrak ginen linterna eskuan hartuta gau-eskolara joaten ginenean.
Ordurako neska usaian hasiak ginen. Gaiztakeriak ere egiten genituen, baserri atarian gurdirik ikusi ezkero hura irauli arteko onik ez genuen izaten.
Gaiztakeriak egindakoa zaitugu orduan?
P.B.: Don Juan Aierbe erretore zela elizako kanpaiari danbateko ederrak ematen genizkion. Plazatik harriak hartu eta han ibiltzen ginen haiek botatzen, makina bat bider ordulariari kristala hautsi genion.
Baserrian lanean aritutakoa izango zara?
P.B.: Gutxi. Umeak ginela bi morroi baziren gure etxean, Antsoko Markox eta Manuel Orkaizagirre “Makis”. Gerora ere aitak esaten zidan baserrian norbait behar zuela, baina baserrirako gogorik batere ez nuen nik, igeltserotza edo hargintza nituen gustukoak.
Non hasi zinen lanean?
P.B.: Buruntzako harrobirako bidea egite lanetan hasi nintzen. Gero batean eta bestean lan frankotan ibilitakoa naiz, besteak beste Martuteneko kartzelan ere aritu nintzen, gauez azulejoa jartzen. Lo falta izaten genuen baina afaria eta eguneko doblea ordaintzen ziguten. Egunez obran lanean aritu ondoren joaten ginen hara.
Noiz hasi zinen Udalerako lanean?
P.B.: Saturnino Larburu alkate zela lehenengo “txapuzak” egiten hasi nintzen. Orduan Urnietako udalak langile bakarra zuen, Miel Aizpitarte. Gero, Elorriyako Angel Olasagirre sartu zen. Nik igeltsero lanak egiten nituen deitzen zidatenean. Horrela aritu nintzen Ramon Atxaga alkate jarri zen arte.
Orduan, Pedro Goikoetxeak elektrikari lanak egiteari utzi eta Julian Ramos hartu zuten, eta harekin jarri ninduten lanean. Eta denetik egin izan dut.
Herriko hodiak ondoena ezagutzen dituena omen zara.
P.B.: Urnietako eta Urnietarena zen Lasarteko hodiak ederki ezagutzen ditut. Ni zangan sartuta ordu askotan lan egindakoa naiz, eta orduan plano gutxi erabiltzen zen. Jubilatu ondoren ere hodia nondik pasatzen ote den galdezka deitu izan didate.
Ehorzle edo “enterratzaile” moduan ere ezaguna izan zinen.
P.B.: Juan Angel Izagirreri lagunduz hasi nintzen, eta hark utzitakoan ni geratu nintzen, 29 urtetan egin nuen lan hori. Orduan nitxorik ez zen eta lurrean zuloa egin eta sartzen genituen gorpuak.
Gaurko lana erraza da ordukoaren aldean. Norbait istripuz hildakoan edo bere buruaz beste egindakoan epailearekin batera bertara joan behar izaten nuen, hildakoa jantzi, kaxan sartu eta abar egitera.
Zuk esana da, hildakoek ez, bizirik daudenak ematen dizutela beldurra.
P.B.: Bai, eta une gogorrak bizitzea egokitu izan zitzaidan, ama lurperatu beharra, “denok horrelaxe joan beharko dugu” pentsatu eta aurrera. Burua trenari botatakoren gorpuzkinak bildu beharra eta horrelakoak ere egin izan ditut. Baina hildakoak ikusteak ez zidan inpresio berezirik egiten.
Bolari moduan ere ezaguna egin zinen.
P.B.: Ume ginela Bentan ibiltzen ziren bola jokoan. Gure aita ere askotan izaten zen bertan. Apustuak egiten zituzten. Etxetik brila soinua entzuten nuenean, bertara joan eta brilak bere tokian jartzen aritzen nintzen, eta bostekoa botatzean, bost xentimoko propina ematen zidaten, eta ni pozik. Orduan bolatokiak baziren Bentan Xoxokan, Matxonean, Elorriyan, Urbanetan, Joxinixionean...Duela urte gutxi arte ibili izan naiz txapelketa ugaritan parte hartuaz eta tarteka irabaziz.
Bestela, zein dira zure afizioak?
P.B.: Pilota, toka eta ehiza. Oilagorretan ibiltzen nintzen gustura.
Pozik igandeko omenaldiarekin?
P.B.: Lehenago omendu izan naute Udalak, jubilatuek, bolariak eta Santakrutz elkarteak. Hau bosgarren omenaldia izango da eta oso pozik nago. Eguraldi ona egitea hori da emazteak eta biok nahi duguna.
Urnietar Prestu izendapena
Irailak 27, igandea. 17:00.
Aurreko urteko izendapena:
Martxeli Gorriti (2008).