Amaia Jauregi, Aitor Argiñarena, Nerea Ugalde eta Xabier Yurramendi izan dira antolatutakoa-ren berri Aiurri astekariari eman diotenak.
Aurten berrikuntza nabarmen bat izango dute Sanmielak, gazteen txosna gunea eta karpa Pintore kalean jarri ordez Jakutegi plazan jarriko da, ondoko San Juan plazarekin festa-gune bakarra bultzatu asmoz, nola ikusten duzue aldaketa?
Poxta zahar: Hasieran ez zitzaigun oso ideia ona iruditu baina orain oso animatuta gaude. Gaueko jaia modu “alternatiboan” egin nahi genuen eta azkenean egin dugun tratua da Jakutegiko txosna-gunean guk txosna bat izango dugu eta Idiazabal kalean beste bat, goizalderako.
Aurten festa-gunean egongo zaretela kontutan izanik, txosnen ordutegia ere aldatuko duzue?
P.Z.: Txosnen ordutegia jaietan dauden ekintzen araberakoa izango da. Ordutegi bat jarriko dugu eta handik aurrera bakoitzak nahi duena edo ahal duena egingo dugu.
Txosnetan bokata edo beste janaririk izango al da?
P.Z.: Gure txosnan ez dugu janik jarriko baina proposamena egin diegu Egapekoei kurtso bukaerako dirua biltzeko bokatak saldu ditzaten. Oraindik ez dute erabakirik hartu.
Nahiko jendea osatzen al zarete lanerako?
P.Z.: Iaz Asketa eta Poxta zaharren artean 60 bat lagun osatu ginen. Aurten ikusiko dugu.
Besteek antolatutako ekitaldietan parte hartzen al duzue?
P.Z.: Iaz batzuk Iñistor jaian izan ginen. Eta beste batzuk berriz herri kiroletan ere ibiltzen gara, tarte libre gutxi geratzen zaigu.
Jaietako kamisetarik aterako al duzue?
P.Z.: Urtero kolore eta anagrama ezberdina duen kamiseta ateratzen dugu eta lepoko zapi laukiduna ere bai, txosnan izango ditugu salgai, jendea animatu dadila erostera. Tonbolatxo bat ere jarriko dugu bertan.
Poxta zaharrek antolatutako bazkari, oilasko jate eta abarren berri Agenda atalean. Txartelak aurrez erosi behar dira Xauxar eta Kantoi tabernetan.