Andoaingo merkatalguneek kalea hartuko dute, ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:28

Egun osoan zehar denda eta merkatalguneen kanpoaldean eskaintza bereziak aukeran.

Asteburu honetan Andoaingo Salkin merkatal eta tabernarien elkarteak ekintza sorta antolatuko du herrigunean. Ikusgarriena, ziurrenik, ostiralekoa izango da. Izan ere, antolatzaileen hitzak erabiliz, merkatalguneak “kalera aterako dira”. Erakusleiho eta denden kanpoaldean hainbat merkatarik mahaiak ipiniko dituzte, eta bertan eskaintza bereziak edota beherapenak eskuratzeko aukera izango da.
Herri barruko merkataritza sustatzeko ideia interesgarria da. Eguraldia lagun, egun polita izan daiteke saltzaile nahiz erosleentzat. Ez da, gainera, ostiraleko jarduera bakarra izango. Arratsaldeko 18:00-21:00 artean ardoa gogoko dutenek Coto de Rioja dastatzeko aukera izango dute Basteroko auditorioan. Ardoaz gozatzeaz gain, bodegaren bozeramaleek ardoaren kulturan sakontzeko aukera eskainiko dute. Erakustaldia eta dastaketa, biak ala biak, doan izango dira.
euskal jantziak

Kale Nagusian
Larunbat goizean, berriz, goizeko 11:00etan hasi eta eguerdiko 13:30ak arte, Villabonako eta Andoaingo taldeen eskutik baserritar jantzien erakustaldia izango da Kale Nagusian. Ehoziri-lana erakustaldia ere iragarrita dago ordu eta toki berean.
Salkin merkatari elkarteak urteko sasoi honetan merkataritza sustatzeko ekimenak antolatu ohi ditu. Aurreko bi urteetan pintxo lehiaketa izan zen. Hirugarren edizioa, ordea, ez da aurten izango. Lastima, lehiaketak herritarren artean harrera polita zuelako. Taberna eta jatetxeen aldetik, ordea, parte hartzea oso txikia izan zen lehen bi edizioetan.
Beraz, pintxo berezirik ez. Horren ordez produktuak merkeago aukeran izango dira merkatalguneen kanpoaldean ostiral honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!