Tamara Cadena, nobelagile andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:27

“El acuerdo” da Tamara Cadenaren (Quito, Ekuador, 1967) lehen nobelaren izenburua. Interneten arrakasta itzela lortu eta gero, orain liburu formatoan argitaratu du.
Istorio erromantikoa idatzi du Andoainen bizi den idazle honek. Ostiral honetan, hilaren 18an, Itzala tabernan jendaurrean aurkezteko du liburua.

Ekuatoriarra zara. Zerk ekarri zintuen Andoainera?
Tamara Cadena: Aulki gurpildun batean ibili beharra daukat eta orain 15 urte Euskal Herrira etorri zen anaiak esanda, bagenekien hemen erraztasun gehiago izango nuela mugitzeko. Hori izan zen ni gurasoekin hona etortzeko arrazoia. 1999an Donostian jarri ginen bizitzen eta 2005az geroztik Andoainen bizi gara.
 
Zer moduz Andoainen?
T. C.: Euskaldunak atseginak dira, baina nahiko itxiak lagunak egiteko orduan. Antiguan urte askoren buruan lortu ahal izan genuen bizilagunekin konfiantza piska bat egitea. Andoainera kezkaturik heldu nintzen: “–zer egin behar ote dut batere ezagutzen ez dudan herri honetan?” Baina, ez pentsa, zoragarria da hemengo jendea. Zumea kalea eta Kale Nagusitik ibiltzen naiz beti, eta makina batekin daukat tratua. Danena tabernako giroan, adibidez, etxean bezala sentitzen naiz. Goiko alderdi hori, ordea, anbulategirako bidean bakarrik bisitatzen dut.

Zure lehen nobela idatzi duzu. Konta ezazu bere haria.
T. C.: Intriga asko eta erotismo pittin bat daukan genero erromantikoan sailkatuko nuke. Protagonista emakume ezindu bat da. Aberats baten alaba da eta berekoia. Bi desafio dauzka bizitzan: inoren laguntzarik gabe bere kabuz bizi daitekeela erakustea, eta hondasunak kendu nahi dizkiotenengandik libratzea.

Nahiko bitxia izan da liburua kaleratu aurreko prozesua.
T. C.: Inoiz ezer idatzi gabea izanik, aurtengo otsailean hasi nintzen idazten; hobby bezala hartu nuen idazketa eta etxean edukitzeko nire liburu bat nahi nuen. Interneten argitaratzeko moduren bat bilatzen ari nintzela, “eleberrien lehen on line txapelketa” esaldiarekin egin nuen topo. Han aurkeztu nintzen. Internauten botoek erabakitzen zuten irabazlea, eta nireak 30.000 boto jaso zituen, beste 240 nobelen gainetik geratuz. Bada, ekainean argitaratu zidaten; El Corte Ingles-ek promozionatzen du lehiaketa eta Bilbon eta Madrilen (El Retiroko liburu azokan) egin ditut aurkezpenak orain arte.

Abentura polit batean sartu zara oso denbora gutxian, beraz…
T. C.: Ametsetako ipuin bat bizitzen ari naizela ematen du. Hala ere, oso argi daukat gauza laburra dela eta laster bukatuko dela. Bitartean, gozatu egin nahi dut. Gustura nabil enpresa bateko administrazio lanetan eta horrelaxe jarraitu nahi nuke. Idatzi, gozatzen dudan bitartean idatziko dut.      

Liburua Judesty goitizenarekin sinatu duzu. Zer dela eta?
T. C.: Lehiaketarako goitizena eskatu zidaten eta niri Whitney Houston kantariaren abesti bateko letra etorri zitzaidan burura. Gero argitalpena etorri denean ere horrela jarraitu dut, ondo bereizi nahi baititut gauzak: Judesty internauta edo irakurleentzat, eta Tamara familia eta lagunentzat.

Zein asmorekin zoaz Itzala tabernako aurkezpenera?
T. C.: Herriko lagunek eskatu zidaten, niretzat berezia izango da. Orain arteko aurkezpenak profesionalak izan dira, nolabait; hau, berriz, lagunartekoa. Bi desio eramango ditut: sarrera euskaraz egitea eta tertuliarako bidea jartzea. Euskararena ez da jendea “irabazteko” keinu hutsa, baizik eta konpromiso gisa. Antiguan euskaltegira joaten nintzen, konturatu nintzelako hori zela Euskal Herrian integratzeko modua; Andoainen ere pentsamendu horri eutsi nahi nioke.   
Bigarrengo nobelarik izango ote da?
T. C.: Hortan nabil. 13 kapitulu idatziak ditut dagoeneko. Oraingoa ere erromantikoa izango da, misterioa eta guzti. Emakume abokatu bat du protagonista. Gozatzen ari naiz izugarri; zinezale amorratua naiz eta akaso horren eraginez, filmetako eszenak irudikatzen ditut beti idazten ari naizenean. Begiak itxi eta emakume horren pausoak jarraitzen saiatzen naiz, etxean, kalean, tabernan… Hark zer ikusi, usaindu, gozatu, igarri… nik ere horixe egiten saiatzen naiz. Idatzi eta gero begiak irekitzen ditudanean, akats ortografiko pila aurkitzen ditut ordenagailuan.     

Erromantizismoa dute ardatz, hortaz, zure idatziek?
T. C.: Bai. Literatura modernoan nahiz klasikoan, maitasuna da istorio guztiak mugitzen dituen pizgarria. Izan beldurrezkoa, izan musikala… Baita Drakula bera! “La isla del tesoro” izan liteke, agian, salbuespena; denak gizonak direlako ziurrenik!  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!