Gas hodiaren zeharkalteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:26

Haserre daude aspalditik Goiburu eta Leizotz auzoetako baserritarrak. Gasbidearen ibilbidea egiterakoan ez dituztela kontuan hartu salatu dute. Argeliatik hartzen den gasa Europa osoan banatzen da, eta Euskal Herrian barrena 90 kilometroko hoditeria sartzen ari dira lurrazpian. Euskadour Gasbidea izeneko egitasmoak Bilboko planta eta Frantzian dagoen biltegia lotuko ditu; hiru epetan garatuko da hoditeriaren txertaketa, eta oraintxe Villabonatik Irunera doan zatiarekin ari dira.


Oraingo lanek 1987an txertatu zen hoditeria zabaltzeko helburua dute. Garai hartako hoditeria goitik behera aldatuko da hainbat eremutan, tartean Andoainen.
 Hoditeriaren aldaketa horrek eragin du, hain zuzen, bizilagunen haserrea, “lehengo azpiegitura baliatu izan balute, lanak erraztu eta kalteak asko murriztuko lirateke. 1987ko gasbidea zuzen zihoan eta lur publikoetatik pasatzen zen gehienbat; oraingo desbideraketarekin, berriz, hogeitik gora lur jabe kaltetu dituzte”.
Gasbidearen ibilbide berria ezagutu zutenetik lur jabeak ez dira eskuak gurutzaturik geratu, “Udalarekin harremanetan jarri eta alegazioak aurkeztu genituen. Udal ordezkariek baserritarren interesak sutsuki defendatuko zituztela agindu ziguten”.
 Alegazioen prozesua itsaropentsu hasi zuten, “jakinda indarra egin zezakeena, Udala alegia, gure alde zegoela. Denbora pasa ahala, ordea, erantzunik jaso ez eta gauzak ez zirela mugitzen konturatu ginen. Udalera joan eta gestioak egiteko eskatzen genien; haiek aldiz itxaron egin behar zela erantzuten ziguten.”
Lurjabe hauek Udalak urte hauetan hartu duen jarrera kritikatu dute, “Guri ezer garbirik adierazi ez eta udaletxeko langileak-eta hor ikusten genituen Naturgasekoekin batera, gas hoditeriaren ibilbide berria ikuskatzen”.
Gas hoditeri berria uztailean hasi ziren Andoaingo lurretan sartzen. Bizilagunen ustez Andoaingo Udalak inoiz ere ez omen du euren alde jokatu, eta kaltetuek orain aurkitu diote jarrera horren zergatia: “Leitzaran biotopo eremua den aitzakian, Andoaingo Udalak interpretazio etxea eta arrantza eskola babestu nahi izan ditu. Administrazioen aldetik baserria eta baserritarra defendatu egin behar dela entzuten dugu noiznahi, baina konturatzen ari gara gure etorkizunak ez duela balorerik haientzat”.

Gasbidea etenda
Uztailean hondeamakinak Goiburuko aldean lanean hasi bezain pronto, Azpillaga, Olazar eta Urrizti baserriko lurjabeek epaitegira joan eta eraikuntza geraraztea lortu zuten.
Handik gutxira lurrak berriro zulatzen hasi ziren arren, zerbait lortu zutela aitortzen dute: “Obrak atzeratzea ezin onar zezaketen. Izan ere, Leitzaran erreka ur eskasian datorrela aurrera egin ezean hurrengo urtera arte itxaron beharko baitzuten. Horri esker hasierako kalteak pittin bat murriztu ahal izan ditugu. Administrazioaren aurrean gehiago ezingo genuela lortu, hori behintzat ikasi dugu urte hauetan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!