Sanmielak badatoz: Pregoia, haur danborrada, txupinazoa,...

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:24

Jubilatuen bazkaria
Urnietako jubilatuek urriaren 3an, larunbatarekin ospatuko dute beren eguna San Migel jaien barruan. Eguerdiko 13:00etan azken urtean hildako jubilatuen aldeko meza izango dute San Migel parrokian. Ondoren, 14:00etan bazkaria jubilatuen etxean. Arratsaldeko 17:00etan dantzaldia jubilatuen etxean. Bazkaria, soilik 65 urtetik gorakoentzako da, baina bikotekidea gazteago den kasuan, joaterik izango du. Aurten, bazkaria pertsonako 10 euro ordaindu beharko da. Txartelak aurrez erosi behar dira. Dagoeneko salgai daude, jubilatuen etxeko tabernan. Erosteko azken eguna, irailaren 30a.  

Txupinazoa eta pregoia
Iñistorra Urnietako Euskaltzaleen Biltzarreko kideek botako dute aurtengo Sanmiel jaiei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa. Hilaren 27an, igandearekin eta Iñistor eguna ospatuko den egun berean, eguerdiko 12:00etan botako dute udaletxeko balkoitik. Txupinazoaren aurretik pregoia ere irakurriko dute. Iñistorrakoek dagoeneko elkarteko bi kide aukeratu dituzte eginkizun hauetarako, Rosa Elosegik irakurriko du pregoia eta Joanito Arruartek botako du txupinazoa. Bi euskaltzale beteranoak pozez eta ilusioz beteta hartu dute albistea.

Haurren danborrada
Irailaren 27an 11:45etan Presentación de Maria ikastetxetik eta Egape ikastolatik abiatuta, 12:00etan San Juan plazan elkartuko dira haurren danborradan parte hartuko duten bi ikastetxetako haurrak. Elkarrekin pieza pare bat jo ondoren bakoitzak bere ibilbidea egiteko. Aurtengoan lehenengoz parte hartuko duten Egape ikastolako ia ehun haur gogo biziz ari dira prestaketa lana egiten, gurasoen laguntzarekin.

Euskal kutsuko jaia
Ohi bezala, aurten ere jaien azken eguna, Arrosarioko Amabirjina eguna baserritarrei eskainia izango da. Jai Batzordeak egunari kolore berezia emateko asmoz, deialdia egin du egun horretan baserritarrez jantzita kaleratzeko. Galtza urdinak (ahal bada mahonezkoak), alkandora edo kamiseta zuria eta kuadrodun lepoko zapia. Jaien programarako gisa horretan jantzi ziren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!