Ametsak bizirik darrai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:18

Aurrera Gure Ametsa dantza taldeak 10 urte bete dituen honetan Alazne Manero, presidenteak, honako adierazpenak egin dizkio Aiurriri.

Nola ospatuko duzue hamargarren urteurrena?
Alazne Manero: Ekitaldi guztiak Sanmielen bueltan batu ditugu. Liburuxka bat argitaratuko dugu, bertan euskal dantza tradizionalaren ibilbidearen errepaso labur bat egiten da, eta gero Aurrera Gure Ametsaren hamar urtetako ibilbidea argazki bidez ikusteko aukera dago. Urrian 3ko emanaldirako kalean izatea nahi dugu. Ondoren salgai jarriko dugu.

Aurtengo “Jalgi hadi plazara” jaialdia berezia izango al da?
A.M.: Emanaldi berezia egingo dugu musika eta dantza uztartuz. Bertan izango dira herriko danborrada eta dantza taldeak, musika eskolak eta Txanbolinek lagunduta. Kanpotik, Biasteriko dantza taldea eta agian Bilbotik eta Zallatik musika talde bana etorriko da. Extremadura egunera datorren dantza taldea ere gurekin izango da.
 
Nola ikusten duzu taldea?
A.M.: Egonkor. Betiko moduan 40 dantzari inguru ditugu. Eta beti bezala 6 urtetik gorako herritarrentzako irekita gaude.  

Aurten irteerarik egiteko asmorik bai?
A.M.: Elkartrukeei esker Polonian eta Galizian izanak gara. Iaz Kataluniako talde bat etorri zen, eta azaroan joango gara hara. Asko laguntzen du besteen lana, arropak  ikusteak. Beste kulturak ezagutzeak.

Hitzorduak:
Irailak 20, igandea. Jalgi hadi plazara jaialdia.  
10:30 Jaia girotzeko, plazako megafoniatik Polonia, Galizia eta Kataluniako musika entzungai.
11:30 Kalejira San Juan plazatik abiatuta.  
12:15 Emanaldia San Juan plazan, talde bakoitzak hamar minutu izango ditu.  Bukaeran guztiak batera bi dantza egingo dituzte.
Urriak 3, larunbata. Sarobe.
19:30 Liburuaren aurkezpena eta dantza emanaldia.
Urriak 4, igandea.
12:00 Ingurutxoa dantzatuko dute San Juan plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!