Mikaela Enea eta Egapeko kanpusa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 16:17

Aurrera jarraitzen dute, Udaleko herritarren parte hartze batzordeak antolatu dituen herritarrei zuzendutako bilera sortak. Igaro den irailaren 8an hezkuntza eta kultur gaien txanda izan zen.

Bi proiektu izar azpimarratu ziren, Mikel Izagirre alkateak eta Iñaki Mendizabal herritarren parte hartze batzordeko buruak gidatu zuten bilkuran.
Hezkuntzari dagokionez, Egape ikastola izan zuten ahotan, zehazkiago, Egaperen Bigarren Hezkuntzako eraikina. Izagirrek zehaztu zuenez, udalbatza osoak borondate argia du Lizardi kale ondoan, kanpusa sortzeko. Aipatu eremuan Urnietako hezkuntza gune publikoa eratzekoa alegia. Aurrerapausotzat definitu zuten, urteak ez aurrera ez atzera daramatzan gai honen inguruan udal ordezkariek lortu duten adostasuna. Proiektu honen alde egiteko borondate irmoa dagoela jakinarazi zuten. Gaineratu zuenez, hasiera batean aurreikusitakoa baino metro karratu gehiago bideratu nahi dira proiektu horretara; 5000 metro karraturen ordez, 8000-9000 m2 hain zuzen.
Horretarako ordea, Plan Orokorra onartzea ezinbesteko urratsa izango da, aurreikuspenen arabera, legegintzaldia amaitzerako gauza litekeena.

ERAIKIN BERRIAREN ZAIN
Lekaio kultur etxean burutu zen ekitaldian 25 bat lagun inguruk parte hartu zuen. Tartean ziren, alderdi politiko desberdinetako udal ordezkariekin batera, Egapeko Bigarren Hezkuntzako zuzendari Manu Marias, baita zenbait guraso ere, kexu, urte asko igaro direlako eraikin berriaren gaian aurrerapausorik eman gabe.
Kultur arloan bestalde, etorkizuneko proiektu nagusia zein zen aipatu zen; Mikalea enean kokatuko den gunea hain zuzen. Horrekin batera ez zuten ahaztu nahi izan, laster, eraberritze lanak amaituta kultur gunean bilakatuko den Xoxokako aterpetxe zaharra.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!