Lehiaketa, parte hartu nahi duen euskal herritar ororentzat zabalik dago, eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena, 14 urtez gorakoentzat, eta, ondoren, gaztetxoen atala 14 urtez beherakoentzat. Sarituek garaikurra eta agiria eskuratuko dute, eta saria lau lagunek osaturiko epaimahaiak erabakiko du.
Lehiaketa, Urnietako San Juan plazan eguerditik aurrera ospatuko den III. Iñistor egunaren barruan burutuko da, iluntzeko zazpi eta erdietan hasita.
Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak lehiaketa hori antolatuz euskal folklorearen ikurrik eta adierazpenik berezienetakoa suspertu eta indartu nahi du, erabat ez bada asko galdu baita gure ospakizun eta folklore agerraldietan irrintziak egiteko usadio zaharra, eta eusten baldin bazaio hogeita hamar urtetik gorako belaunaldiei esker da. Beraz, jai-giroaren aitzakian lehiaketa antolatzea erabaki du adierazpide berezi eta jator horri gure ospakizunetan lekua egiteko.
Maria Arizmendiren omenez. Aurten ehun urte bete dira Maria Arizmendi Isasa urnietar euskaltzalea jaio zenetik. Urnietako herriak omenaldia egin dio urtean zehar eta Iñistorrak lehiaketa horri bere izena emanez bere eskerron alea jarri nahi izan du. Gauza jakina da Maria Arizmendiren jarduna euskal antzerkia, euskara eta folklorea suspertzera bideratu zela nagusiki eta bere lanari esker eutsi zitzaiola neurri handi batean Urnietako euskal giroari Frankismoaren urterik zailenetan. Baina Mariak berezkoa zuen alaitasunez bere ingurukoak kutsatzea lortzen zuen bezain ongi eta dotore botatzen zituen irrintziak giroak hala eskatzen zuenean.
Hori dela-eta eman diote Iñistorrakoek bere izena irrintzi lehiaketari.
Izena eman beharra. Lehiaketan parte hartu ahal izateko izena eman beharra dago. Izenak emateko epea jadanik irekita dago eta irailaren 27an, lehiaketaren hasiera orduan (19:30ean) itxiko bada ere, komeni da azken egunerako utzi gabe izena aurretik ematea antolatzaileek era txukunean antolatu ahal izan dezaten lehiaketa. Izena emateko dei 943 300 733 edo 943 331 455 telefono zenbakietara.