APAIZA. Mikel Atxagak, herriko eskolan ibili ondoren, Saturrarango apaiztegian egin zituen ikasketak. Gero, Gasteizen eta Donostian Filosofia eta Teologia ikasi zituen. Lourdesen eman zuen lehen meza, 1958ko ekainaren 1ean. Handik hiru egunera, ekainaren 4an, Urnietan eman zuen meza berria. Aizarnako apaiz hamaika urtez izan ondoren 1969ko abenduan Usurbilera aldatu zen, aldi berean bertako pentsu almazenean lan egiten zuen. 1974an apaiz izateari utzi eta euskal kazetaritzari ekin zion arte, buru-belarri.
KAZETARIA. Zeruko Argiaz gain, Jakin eta Aurrera aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Kazetaritzan, erabat 1970ean hasi zen. Zeruko Argia astekarian asteroko editorialaz gain, beste bizpahiru artikulu eta elkarrizketak egiten zituen. “Irastorza”, “Iraola”, “Errialde” eta “Mutiozabal” izenordeak erabili zituen Frankismoaren azken urteetan. 1977. urteaz geroztik, Martin Ugalde zenak eskatuta, Deia egunkarian hasi zen lanean. Jubilatu ostean ere, hor jarraitu zuen iritzi artikulua idazten 2007. urte bukaera arte.
IDAZLEA. Hona hemen bere idazlanak: Gaztetxo. Ezkontza bidean. Ohiturak. Mundua, guztioi erakutsia (itzulpena). Komunikabideen beharra. Deiadarrak. (Deian argitaratutako artikulu bilduma). EAJ eta euskara (ehun urteko bide malkartsua). Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza. Gure Urnieta. Xalbador (Bidegileak bilduman). Euskal emakume idazleak (Bidegileak). Sabino Arana (Bidegileak). Jaime Kerexeta (Bidegileak). Tintin komikiaren zenbaki bat eta Euskal Herriko Atlasa (itzulpenak). Bere azken lana Jose Antonio Pagolak idatzitako Jesús liburua euskaratzea izan zen, eta argitaratuta ikusi gabeko penarekin joan da.
IKASTOLEN SORTZAILEA. Euskararen Aholku Batzordeko kide izateaz gain, Lasarte Oriako Landaberri eta Usurbilgo Udarregi ikastolen sortzaileetarikoa izan zen. Donostiako Ikasbide ikastoletako partaidea. Urte batzuetan Donostiako Euskara Patronatuan EAJren ordezkari izan zen.
MILITANTE POLITIKOA. EAJko kide izan zen. 1.986. urtean EAJ banatu eta EA sortu zenean egin zen EAJko kide. Aurrez ESEI (Euskal Sozialistak Elkartze Indarra) alderdian militatu zuen, baina talde hura azkar desegin zen. Baita ere 1983. urteko maiatzeko udal hauteskundeetan Urnietan aurkeztu zen Euskadiko Ezkerraren zerrendan.
BIDEGILEAK BILDUMA. Azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Bidegileak bildumaren koordinatzaile eta zuzendaria izan da Mikel Atxaga.
EUSKALTZAIN URGAZLEA. Euskararen aldeko bere lanagatik euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 1975. urtean.
SARITUA. 1998. urtean, Rikardo Arregi kazetaritza saria eman zion Andoaingo Udalak. 2009ko urtarrilean, Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen. 2009ko apirilaren 1ean, omendua izan zen, Donostiako Miramar Jauregian. Ekitaldian, Elixabete Garmendia kazetariak idatzitako Mikel Atxaga bidegilea izenburuko liburua aurkeztu zen. Ordurako gaixoaldiak eragin nabarmena egina zuen beregan eta idatzita eraman zituen esker hitzak Xabier Euzkitzek irakurri zituen.
OMENALDIA. Mikel Izagirre Urnietako Alkateak ostiralean bertan adierazi zuen “euskaltzalea bakarrik ez, euskal militante sutsua izan zen. Errekonozimendua behar duelako, Udala prestatzen ari zen omenaldi ekitaldia, egingo zaio”.
IRITZI BILKETA
Markel Olano
Diputatu Nagusia
Bilbon, Sabin Etxean lanean aritu nintzen garaian ezagutu eta berarekin harremana eduki nuen. Testu batzuk itzultzeko eskatu genion, eta trukean ez zigun dirurik onartu. Euskalgintzan harreman handiko gizona zen, harremanetarako gaitasun berezia zeukana, tratu errazeko pertsona, oso maitagarria zen. Euskalgintzan taldean lana egiten jakin zuen, eta hori oso inportantea da. Kazetaritzak erreferentzi garrantzitsu bat galdu du, euskal kazetaritzaren erreferentzi inportanteenetako bat izan baita.
Maria Jesus Aranburu
Kultura eta Euskara Diputatua
Azken 10-15 urte hauetan adiskidetasuna azaleratzen den horietako harremana izan genuen. Badago hitz bat oso ondo definitzen duena: bidegilea. Bere bide horretatik gaur egun, zorionez, hainbat kazetari ari zarete euskaraz lan egiten, eta irakurleak ere gero eta gehiago ditugu, nahiz eta guk nahiko genukeen adina ez izan. Harreman pertsonalean, bere afektibitatea eta bere argitasuna nabarmenduko nituzke, baita ere biziari zion atxikimendua eta zituen baloreak, horiek izango lirateke beste galerak.
Ramon Etxezarreta
Hizkuntz Politika, Sailburuordea
Frankismoaren bukaeran Zeruko Argian ezagutu eta pentsaera ezberdinak izanagatik tratu oso atsegina genuen. Hiztegi Erotikoa egin nuenean, anexoko literatur zatitan, Atxagaren pare bat sartu nituen. Ez zitzaion gustatu. Donostian EA eta EEren arteko gobernua agintean zela, Euskara Patronatuan batera izan ginen, bera EAJtik, ni EEtik. Jaurlaritzatik begiratuta, berak utzitako altxorra hor dago, besteak beste, Bidegileak bilduman egindako ekarpena, pertsonaz pertsona osatzen joan den memoria.
Joxe Ramon Beloki
Kongresuko Diputatua
Bera Argian eta ni Herri Irratian, kazetaritzan ezagutu genuen elkar. Gero Deian elkarrekin aritu ginen. Larunbatero koadrila bat biltzen ginen gosalduz tertulia egitera, gaurkoa bere gorpuaren aurrean egin dugu. Ostegunean Madrilera deitu zidaten azkenetan zela esanez, hil aurretik iritsi nintzen eta “eutsi goiari” izan ziren berak esan zizkidan
azken hitzak. Euskara aberatseko gizon bat joan zaigu. Inpresioa daukat ez ote dugun guztiz deskubritu. Mikel ate ireki bat zen, beti prest laguntzeko.