III. Auto slaloma igande goizean, Ubaren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 17a, 15:19

Igande goizeko 10:30etatik aurrera, motor hotsak nagusituko dira Zizurkilen. Ubare auzoan, trenbidearen alboan egin duten errepide berrian, auto slaloma egingo da eguerdira bitarte. Hogeita bi gidari lehiatuko dira autoak gidatzen duten abilezia erakutsiz. Slalomaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa.

Abiadura baino gehiago, autoak gidatzen duten abilezia erakutsi beharko dute gidariek Zizurkilgo auto slalomean. Autoen ezaugarrien araberako lau kategoria ezberdinetan banatuta lehiatuko dira parte-hartzaileak. Hala azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Aaron Robles zizurkildarrak: "Motorraren indarra eta trakzioa hartzen dira, batez ere kontutan, kategoriak finkatzerako garaian. Bosgarren kategoria bat ere finkatu dugu, junior maila, 23 urtez azpikoei zuzendua".

Maila handiko pilotuak etorriko dira Zizurkilera. Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakaria den Iñigo Cuestak eman du horren berri: "Oso jende iaioa dator. Mundu hau ezagutzen duenak, dagoeneko izango du Mikel Ercillaren berri. Iaz garaipena lortu zuen Zizurkilen eta aurten ere hemen izango da. Harrigarria da Peugeot 309 autoarekin zer egiteko gai den ikustea. Horrez gain, trakzioa atzean duten autoekin egiten duten lana, edo kar krossen ikusgarritasuna ere aipatzekoak izango dira". 

Bi txanda jokatuko dituzte. "Tren geltokiaren parean hasiko da zirkuitua eta Ubare auzoaren bukaeran amaitu. Konoen  arteko ibilbidea ahalik eta modurik txukunenean bete beharko dute. Bi txandetan egindako denborarik onena hartuko da kontuan", azaldu du Aaronek.

Aholkua ikusleentzat

Ikusle gisa gerturatu nahi dutenentzat gomendio bat zabaldu dute antolatzaileek: "Ikusteko tokirik hoberena tren geltokiaren inguruan dagoen oinezkoen bidea izango da. Errepidetik hiru bat metroko altuerara dago eta arriskutik hurrun. ibilbide osoa ikusteko tokirik onena da gainera.  Errepidearen bi alboetan, bestalde, hesiak jarriko dira, metro batzuetako tartea utziz betiere".

Slaloma egin ahal izateko, errepidea moztuta egongo da goizean zehar. Hala azaldu du Aaronek: "Ubaren garajeak dituztenek ez dute sartu edo ateratzeko arazorik izango. Villabonatik Zizurkil aldera joateko berriz, Adunako zubian barrena joan beharko da. Eguerdirako froga amaitu eta errepidea  zabalik izatea espero dugu". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!