Epe laburrean, herritarrei kontsulta egiteko asmoa du Udalak, lur azpiko garajeak direla eta, zein behar edo nahi dagoen ikusteko. Guztira 61 garaje izango dira: Horietako bat bikoitza, bi ezinduei zuzendutakoak eta gainerakoak, herritarrek erabakitzen dutenaren arabera, irekiak edo itxiak. Irekien artean handienak 10.000 euroko kostua izango du (prezioa jaitsi egingo da metroak gutxitzen diren heinean). Garaje itxiek 15.000 euroko kostua izango lukete. Alkateak adierazi duenez, garaje itxiak eraikitzeko gutxieneko kopuru bat beharko litzateke, “oso jende gutxik eskatuko balitu, ezingo lirateke eraiki: ez bailitzateke errentagarriak izango”. Informazio zehatza eskaintzen duen diptikoa eta kontsulta orria etxeetara banatuko dira laster. “Kontsulta orria betetzeak ez du garajeetan izena eman denik esan nahi; norbanakoaren iritzia jaso nahi dugu, besterik ez”. Herritarren iritzia jasotzea oso garrantzitsua dela adierazi du Maixabelek eta udaletxean postontzia jarriko dela txartel horiek jasotzeko.
Malkar plazan garajeak alokatzeko aukera
Larreako eskaintzarekin batera, Malkar plazaren azpialdean dauden garaje-plazak (marrak) alokatzeko eskaintza egingo du Udalak, erosteko aukerarekin. Aurrez salerosketara atera zirenean, lau pertsona soilik aurkeztu izanak bestelako eskaintza egitera bultzatu du Udala. Alokairuagatik 62 euro ordaindu beharko lirateke hilabetean eta garaje irekia errentan hartzen duten guztiek, egokitu zaien garaje-plaza hori erosteko aukera izango lukete, kontratua sinatzen dutenetik hiru urteko epean. Garajearen guztizko preziotik 50 euro deskontatuko lirateke errentan igarotako hilabete bakoitzeko. Garaje-plaza bakoitzaren batez besteko prezioa 21.000 eurokoa da (BEZ gabe). Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agirien berri eta eskaera orria bera epe laburrean banatuko dira etxeetan.