Alarma gorria piztu du A/H1N1 gripeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:53

Duela hainbat hilabetez geroztik, A gripearen oihartzuna ozen entzun da mundu guztian zehar. Aipatu oihartzunak kezka eta beldurra sortu du jende askoren artean eta erreportaje honek gaiaren inguruko informazioa eman eta alarma baretzea du helburu.

Bada, A/H1N1 gripea, birus batek eragiten duen gaixotasuna da, udazken eta neguan sarriago sortzen dena. Sukar altua eragiten du, ondoez orokorra, buruko nahiz gihar eta artikulazioetako mina, eztula… Oro har, eztula egitean ahotik jaurti daitezkeen listu tanten eraginez kutsatzen da. Pablo Daza medikuak, Amasa-Villabonako osasun etxeko arduradunak, pazientzia eta lasaitasuna gomendatu ditu gripearen aurrean.

A/H1N1 gripeak sortu duen giza alarma egokia edo gehiegizkoa iruditzen zaizu?
Aurten sortu den alarma ez da normala. Urtero izaten da griperen bat baina ez du hainbesteko oihartzunik izaten. Hegoaldeko hemisferioan, udazkena eta negua igaro ondoren, A gripea ohiko gripea baino arinagoa izan dela ikusi da. Ondorioz, ez luke horrenbesteko eraginik izan beharko.

Zer dago, bada, hainbesteko zalaparta sortu duen gaiaren atzean?

Mediku nahiz erizainak oso ohituta gaude gripe kasuak urtero ikusten. Aurtengo gripea beste urteetakoa baino arinagoa dela jakinda, galdera bera egiten dugu guk ere. Atzean hainbat arrazoi egongo dela uste dugu, gainerakoan ez baitago ulertzerik. Lehen ere hegazti gripearekin 7 milioi hildako aurreikusi zituzten eta zorionez, hildakoak ez ziren 300-era iritsi. Horrenbeste hildakoren aurreikuspenak egiteak interesen bat izango duela iruditzen zaigu baina, inork ez du egoeraren aurrean kontu ematen. Gripearen gaia oso mediatikoa dela dirudi. Komunikabideetan gaiari eman zaion trataerarekin, normala da jendea beldurtuta egotea.

Zer gomendatzen duzu egoera berri honen aurrean? Lasaitasuna, informazioa,  besterik?
Lasaitasuna eta pazientzia. Badirudi gripeak jende gazteari eragiten diola batik bat; antitermikoen laguntzaz, ohiko gripea bezalaxe zaindu behar da. 72 ordutan gaixoa hobeto sentitzen ez bada eta sukar altuarekin jarraitzen badu, osasun azterketa egitea aholkatzen zaio. Beti egin den bezalaxe jokatu behar da: orain artean  gripearekin jendea ez zen korrika ospitalera joaten, orain ere ez luke horrela izan behar.
Mesfidantza handia sortu da A gripearen inguruan. Informatiboki oso gaizki landu da gaia, erreala ez den zerbait transmitituz. Oso erraz kutsatzen den gaixotasun birikoa izanagatik, ez dauka inolako zentzurik sortzen ari den alarma neurrigabeak: nire ustez, esaterako, eskolak ixteak ez dauka ez hanka ez bururik. Herrialde batzuetan maskarak erabiltzeko deia egiten ari dira, baina horrek ere ez dauka zentzurik: ez baita frogatu maskarak ezertarako balio duenik. Egoeraren aurrean lasaitasuna behar da eta gure amen eta amonen garaian bezalaxe, etxean lasai geratu eta zaintzea da bidea.

A gripearen eta ohiko gripearen sintomak berdinak al dira?
Sintomak oso antzekoak dira, ez dira apenas bereizten: eztarriko nahiz hezurretako mina, sukarra, batzuetan eztula, beste batzuetan goragalea, beherakoa…

Badirudi urri amaierarako gripearen aurkako txertoa egongo dela. Hartzea gomendatzen al duzue?

Oraindik ez dakigu ezer horri buruz eta ondorioz, zuhurtzia eskatzen dugu. Momentu honetan nik ez nuke esperantza guztia txertoan jarriko; itxaron egin behar da.

Gaiaren aurrean zein egoeratan sumatzen dituzue herritarrak?
Jendea ohi baino urduriago nabari dugu eta normala da jasotako informazioaren aurrean. Egun ez zaio A gripeari soilik aurre egin behar, baita A gripeak sortu duen alarmari ere. Amasa-Villabonako osasun etxean, esaterako, A gripearen balizko 80 kasu artatu ditugu eta guztiak ondo daude, inolako ondoriorik gabe. Daukagun bonbardaketa alde batera utzita, gripeari ez zaio beldurrik izan behar.

Lasaitasuna, beraz, herritarrentzako gomendiorik onena…
Lasaitasuna, bai. Osasun zerbitzuak kasu hauei aurre egiteko prestatuta daude, antibiotiko aurreko garaietako pandemiekin alderatuta oso aurreratuta gaude. A gripea dela eta, jende asko etortzen bada, mediku eta erizainen artean osatuta daukagu herritarrei erantzuteko plana. Gripeaz gain, ohi denez, bestelako gaixotasunak ere tartean izango baitira.

ISABEL LORCA, Asteasuko botikaria:
“A gripea harrapatuz gero, etorri bezala joango da”

Isabel Lorca botikariak A/H1N1 gripearen inguruan hitz egin eta birus berriak mundu globalizatuan izua sortzea normala dela adierazi du.
A gripea ez da arriskutsua baina, bai kutsakorra. Ondorioz, normala iruditzen zait giza alarma piztea. Gaiaz asko hitz egin eta entzuten den arren, egia esan, ez dut jendea oso beldurtuta sumatzen; hemen behintzat ez. Horrenbeste informazio zabaltzen den mundu globalizatu honetan erraza da guztia izugarri puztea baina ez dut uste jendea bereziki beldurtuta dagoenik”. Hala ere, oraindik goiz denez, udazkenera arte itxaron egin behar dela adierazi du, “udazken-negua iristean, egoera aldatu eta agian jendea beldurtzen hasiko da, edozein katarroren aurrean A gripea harrapatu duela pentsatuta”. Botikako bezeroen artean aldaketa gutxi sumatu du orain artean, “gripearen aurrean haur eta helduak sendotzeko homeopatarengana jo dute batzuek. Aldaketa txiki hori nabaritu dut botikan: gripearen aurrean babestuago egoteko, homeopatia edo belar-dendako produktuak hartzen hasi direla. Defentsa horiek, A gripearentzat bezala gripe arruntarentzat edo beste edozein gaixotasunentzat ere balio dute. Noski, gaixotasunak zenbat eta indartsuago harrapatu, hobeto defendatuko gara”.

Arazo ekonomikoa, gehiago
Gomendioen artean, eskuak ondo garbitzeko deia egiten du Isabelek, “eskuak sarritan eta ondo garbitzen ohitu beharko genuke, bai orain eta baita gero ere. Gainerakoan, eztula egiterakoan, eskua baino zapia jartzea gomendatzen da”. Herritarrei lasai egoteko deia zabaldu die, neurriak hartzea komenigarria dela gogoratuz,  “kontu pixka bat eduki behar da jende asko dagoen lekuetan, hegazkinetan, bidaietan… Baina lasaitasuna behar da, noski. A gripea harrapatuz gero, etorri den bide beretik joango da. Ez dago ezer egiterik”. Gripeak sor ditzakeen eraginen artean, arazo pertsonala baino gehiago ekonomikoa ikusten du Isabelek, “gaixotasuna ez da larria, ondorioz, arazo pertsonala sendatu egingo da. Globalki, ordea, baja asko sor ditzake. Esaten duten bezain kutsakorra bada eta enpresa bereko langile askok baja hartzen badu, aurre egiteko gastu handiak sortuko dira. Egoera horri buelta ematea larriagoa izango dela iruditzen zait, gainerakoan gripe bat besterik ez baita”. Kasu berria denez, denborak erakutsiko duela esanez amaitu du, “itxaron egin behar dugu eta ikusi”.

AHOLKUAK, A/H1N1 GRIPEAREN AURREAN
  • Erabili eta botatzeko musuzapiak erabili.
  • Eskuak sarritan garbitu, ondokoak kutsatzea saihesteko.    
  • Eztula egitean, sudurra eta ahoa ondo estali. Onena, besoaren barrualdearekin ukondorantz egitea da.
  • Ez erre eta ez edan edari alkoholdunik.
  • Analgesikoak edo antitermikoak har daitezke buruko minarentzat edo sukarrarentzat.
  • Norberaren kabuz ez da sekula antibiotikorik hartu behar, medikuak agindutakoan soilik.
  • Sukarra edo ondoeza izanez gero, etxean geratzea aholkatzen da.
  • Gaixotasun kronikoren bat izanez gero, haurdun egonez gero edo gripea harrapatu duen ume txikia izanez gero, medikuarengana jo behar da.
Noiz jo behar da medikuarengana?
Ume txikien kasuan:
  • Arnasketa azkarra edo arnasa hartzeko zailtasuna nabaritzean.
  • Larruazalean koskorrak agertzean.
  • Jateko gogorik erakusten ez dutenean eta edozertarako gogogabeturik daudenean.
Pertsona helduen kasuan:
  • Arnasa hartzeko zailtasuna sumatzean.
  • Bular edo sabelaldean mina nabaritzean.
  • Zorabio iraunkorra agertzean.
  • Nahaste egoera nagusitzean.
  • Lau egunez 38tik gorako sukarra izatean.

XANTI ARANBURU, Andoaingo Aita Larramendi ikastolako zuzendaria:
“Gehiago da zurrumurruetan zabaltzen ari dena benetakoa baino”

Eskualdeko ikastetxe eta haur-eskoletan gripea saihesteko neurriak hartu dituzte.
Oraingoz lasaitasuna da nagusi.

A gripeak eraginik izan al du ikasturtearen hasieran?
Oraingoz ez dugu ezer sumatu. Zein neurri hartu behar dugun aurreikusten ari gara. Hezkuntza sailak eta Osakidetzak pasa digun materiala banatu diegu irakasleei. Erakusten diguten norabidearen arabera funtzionatuko dugu: eskuak garbitzeko gomendioa ahalik eta ondoen bideratzen saiatuko gara eta ahal bada, baita kontaktuarekin lotutako neurriak ere. Ahal bada diot, ume txikien kasuan batez ere, ez baita erraza. Bestalde, oso kutsakorra den arren, gripea larria ez dela esaten da; beraz, gauden lasai. Beste gauza bat da gaixotasun larriak edo kronikoak dituenak bere neurriak hartu beharko dituela. Printzipioz gehiago da zurrumurruetan zabaltzen ari dena eta aurreikusten ari garena, benetan gertatzen ari dena baino.

Zein neurri zehatz hartuko dituzue ikastetxean?
Oinarrizko neurrien artean, komun ondoetan panel informatiboak jarriko ditugu eta, era berean, komunetan jartzeko xaboi ontzi gehiago ere eskatu dugu. Gutxienez, neurriak aurrera eraman ahal izateko aitzakiarik ez izateko. Aholkuen artean, gelak ondo aireztatzeko gomendioa egin digute. Ahal bada orduro, leihoak bost-hamar minutuz irekitzeko nabarmendu digute behin eta berriz. Bestalde, garbitzaileak etortzen direnean, garbigarri gehiago erabiltzeko deia ere egin dute: garbigarriarekin desagertzen den birusa omen delako. Ondorioz, xaboi gehiago eskatu dugu garbitzaileentzat ere. Antzeko neurri sinpleak hartuko ditugu; sinpleak baino egunero oso kontuan hartuko ditugunak.
Bestalde, Hezkuntza sailetik, aplikazio informatiko baten bidez, ikastetxean egunero zenbat baja dauden erantzun behar dugula esan digute: zenbat ume eta zenbat langile falta diren, hain zuzen. Aplikazio hori laster batean jasoko dugu eta zenbateraino luzatuko den ez dakigun sukar hau pasa arte, egunero erantzungo dugu.
Ondo ikusten dut aholku horiek guztiak jasotzea eta gripearen bilakaera ikusteko aplikazio informatikoa betetzea. Neurriak hartu behar direla eta hartuko ditugula argi daukagu. Ez dakigu, ordea, zenbateraino izango diren efektiboak. Hala ere, Osakidetzak nahiz Hezkuntza sailak eman behar ditugun urratsak markatuko dizkigula jakiteak asko lasaitzen nau.

Zein gomendio luzatu diezue gurasoei?
Guraso bilerak laster batean hasiko dira eta umea sukarrarekin baldin badago, ikastolara ez bidaltzeko eskatu behar diegu batik bat. Bestela ere agian bai, baina sukarrarekin dagoen umea gelara bidaltzen badugu, hurrengo egunerako ume mordoa kutsa baitaiteke. Osakidetzak eta Hezkuntza sailak, sintomak nabarituz gero zazpi egunez etxean geratzeko eskatu dute. Ondorioz, batzuetan arreta arazoak sor daitezke. Izan ere, lantokian onartuko al zaie gurasoei zazpi egunetan haurra zaintzen etxean geratzea? Sor daitekeen arazo sozial eta laborala ikusten dugu baina, gure aholkua ere beti izan da berbera: umeak -txikia bada, batez ere-, etxean egon eta etxeko goxotasuna behar ditu.

Irakasleontzat ere aholkua berbera da…
Gaizki sentitzen den langileak ere zazpi egunez egon behar du etxean. Badirudi horretan kontzientzia aldatu beharko dugula eta gaixotuz gero, ondo sendatu garela ziurtatu arte ezingo dugula lanera itzuli. Oraindik ikustear dago nola erantzungo dugun langileek, umeek, familiek… Ez da eskolako, kaleko edo lantokietako arazoa. Gizarteak duen arazoa izango da. Edo ez hainbeste, auskalo!


IDOIA IBARGUREN, Kuttuna haur-eskolako koordinatzailea:
“0-2 urtekoekin zaila da neurriak ondo hartzea”

Gainerako haur-eskoletan bezalaxe, ikasturtea abiatu berri dute Zizurkilgo Kuttuna haur-eskolan ere. Haurrekin lanean hasi aurretik, gripeari buruzko bilera informatiboa izan zuten hezitzaileek, “jakin-min handiarekin joan ginen bilera hartara, baina ez genuen ezer berririk jaso: gripearen sintomak zein ziren eta nola jokatu behar genuen azaldu ziguten. Orain arteko pauso berberak jarraitu behar ditugu: eskularruak erabili, pixoihalak aldatzerakoan haur bakoitzaren azpian oihaltxo bana jarri…”.
 A gripea saihesteko eskuak oso maiz garbitzeko aholkua eman zieten eta baita arrisku kasuren baten aurrean maskara jartzekoa ere. “Guk 0-2 urteko haurrekin egiten dugu lan eta oso zaila da azken bi neurri horiek ondo betetzea. Haurrak sukarra duela ikusiz gero, lehenbailehen gurasoei deitu eta guk maskara jartzeko gomendioa egin digute. Gaixo egon daitekeenarengandik metro bat urruntzea ere gomendatzen da baina, gure kasuan hori ezin dugu inondik inora bete. Gainerakoan, haurrek ahora eramaten dituzten gauza guztiak egunero garbitzea ere aholkatu ziguten; lehen ere egiten zen hori”. Maiz entzuten denez, A gripea saihesteko, eskuak ondo eta maiz garbitzea da bide nagusia, “eskuak egunean gutxienez bost aldiz garbitu behar direla diote adituek. Jarraibide modura, haur-eskolara sartzerakoan, patiora atera nahiz bueltatzerakoan, bazkaldu aurretik…, une ezberdinetan eskuak garbitzeko ohitura hartzen ahaleginduko gara. Esatea erraza da baina, haur txikiekin ondo betetzea ez da hain erraza izango. Ikusiko dugu”.

Lasaitasuna momentuz
Hortza txikiak direla edo beste edozer dela, 0-2 urte bitarteko haurrek oso maiz izaten dute sukarra. “Ohi denez, adi egon behar dugu eta sukarra duen haurraren gurasoei lehenbailehen deitu. Haiek medikuarengana eraman ostean ikusiko da zer duen eta nola zaindu. Gripea harrapatzen duten haurrek, gutxienez zazpi egunez egon beharko dute etxean, haur-eskolara etorri gabe”. Haurrak bezala, baita hezitzaileak ere; “hezitzaileei ere ondo jokatzeko deia egin ziguten bileran eta gaizki sentitzen garenean, baja hartzeko gomendioa”. Gripeak aurtengo udazken-neguan lantegietan eragin handia izan dezakeela adierazi du Idoiak, “lantegi ezberdinetan, okerrena langileen bajak betetzea izango dela diote. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den”. Kuttuna haur-eskolako langileak oso lasai daude momentuz. “Haurrak ondo daude eta gurasoak ere bai. Pozgarria izan zen guretzat gripeari buruz gurasoekin egin genuen bileran erakutsi zuten jarrera  lasaia ikustea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!