Andoaingo Txaranga, bazterrak alaitzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:44

Andoaingo Txarangak lau urte bete ditu, eta pozik agertu da bere sortzaileetakoa den Fernando Uribesalgo.

Zergatik sortu zenuten banda?
Bi helburu genituen buruan: musika eskolako gazteei alternatibak ematea, eta musika auzoetara zabaltzea herriko kultur bizitza aberastuz.
   
Eta lau urteren ostean, nola baloratzen duzue egindako ibilbidea?
Guztiz baikorki. Urtez urte gehitzen doa gure presentzia kalean. Aurten, adibidez, Santa Zezilia egunean, kaldereroekin, Gabonetan, Erregeen kabalgatan eta Kale Txiki, Etxeberrieta eta Sorabillako jaietan jo dugu. Hasi ginen musikariok jarraitzen dugu, eta zintzo joaten gara guztiok osteguneko entseguetara.

Herrian baloratzen al da zuen ahalegina?
Jotzeko gonbidatzen gaituzten auzoetan badakite zein helburu dauzkagun; gastuak kubritzeko lain baina ez dugula kobratzen ere badakite. Alde horretatik, estimatzen dute gure ahalegina. Eskertzen alorrean, Ontza elkarteko laguntzaileak eta entsaiatzeko egoitza utzi digun Udala aipatu nahi nituzke bereziki.

Kalera gehiagotan ateratzeko prest al zaudete?
Andoaingo bazter guztietara iristea da gure ilusioa, eta gustura asko joko genuke Sanjuanetan edo Santakrutzetan ere.

Helduak nola moldatzen zarete gazteekin taldean?
Oso giro polita da belaunaldien artekoa. Gazteak motibatuta agertzen dira, eta hori pozgarria da helduontzat. Musika eskolako gela hotza utzi eta kalea zapaltzeak, asko mugiarazten ditu. Gainera, izugarri hobetu dute musikari gisa hasi zirenetik. Ziurtasuna hartu dute instrumentuei notak ateratzerakoan, eta jendaurrean jotzerakoan. Aspalditxotik gaindituta daukate beldur eszenikoa.  

Hasierakoak zaudetela aipatu duzu lehen. Ez al da sortu zuekin jotzera animatu den gazterik?
Tronpeta jotzaile bat gehitu zaigu azken aldian, baina egia da hasierako berberak daudela oro har. Nahiko genuke musika eskolako makina bat ate joka etorriko balitz. Baina ez da hala gertatzen, zoritxarrez. Gazte mordoa dabil eskolan, baina gero kalera ateratzeko behar den konfiantza falta zaie.
Huts hori ulertzeko, musika ikasketen alorrean nire ustez gertatzen ari den sakoneko arazoa aipatuko nuke nik. Gaurko gazte gehienak beste hamaika aktibitate edo zaletasun dauzkate musikaz aparte. Gauzak horrela, astean igual ordu erdiz besterik ez dira aritzen eskolan jotzen; gainerako denboran, ohe azpian gordeta edukitzen dute tresna. Horrela zaila da musika benetan bizituko duenik sortzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!