Pello Irazu, eskulturgilea KMn

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:40

Pello Irazu Mendizabalen (Andoain, 1963) artelanak ikusgai dira Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneko erakusketa aretoan. Irailaren 26a bitarte daude bertan.

80ko hamarkadan artearen bidetik abiatu zenetik, hainbat tokitan erakutsi ahal izan ditu bere lanak: Chicago, New York, London, Venezia, Madril, Gasteiz, Bilbo… Aspaldiko partez, herrikideek orain daukate bere artelanak ikusteko aukera.
Atzera begira jarriz gero, gaztetatik sortu zela bere baitan arterako gogoa, horixe aitortu du. “Sena eta beharra, biak batera neuzkan eta bultzatzaile izan ditut bizitzan zehar”.
Etxean zein modu naturalean onartua izan zen gogoratzen du. “Amak antzematen zidan banuela marrazteko erraztasuna eta orduan esaten zidan zuk hartu lasai-lasai arkatza, eta erabili. Ondorengo urteetan eskulturgilearen ofizioa eta erakusketak, sariak…, etorri diren arren, nire etxean ez da ezagutu artistaren titulua”.
Andoain nahiko gazte utzi zuen arren, Irazuk gogoan ditu lehenbiziko urteetan lagungarri izan zituenak: “Eduardo Arreseygor argentinarrak orduantxe jarria zuen pintura tailerra. Ruiz Balerdi ere ezagutu nuen; nik Ondarretako ikastetxean ikasten nuen, eta berak hantxe tailertxo bat irekita zeukan”.
Hautatutako bideak Andoain hogei urte bete aurretik uztera eraman zuen, esan bezala. “Gaur egun ni baino belaunaldi gazteagokoek apenas ezagutuko nauten, ezta nik horiek. Ia galdua daukat Andoaingo errealitatea, nahiz eta familiarekin harremana eduki”. Bilbon bizi da egun. Sormen lana irakaskuntzarekin tartekatzen du, ikastaroak eta tailerrak ematen baititu.

Diziplina askotariko artelanak
2005az geroztik egin dituen artelanak dira Donostian bildu dituenak. Sei aretoetan banatu ditu, espazioaren erabilpen bitxi baten eskutik.
Nahiz eta eskultugiletzat jo bere burua, beste diziplinez ere baliatzen da bere sortze hizkuntza osotasun batean aurkezteko, Donostian ikus daitekeen bezala; besteak beste, argazkigintza eta pintura jorratzen ditu.
“Iruditzen zait eskultura dela besteengana gehien ireki den arte diziplina. Kontua da nola jorratu daitezkeen beste euskarri horiek eskulturgintzak daukan nortasuna galdu gabe. Nahasketa ez da erraza, eta prozesu horretan denetarik gerta daiteke, baita eskulturak ezaugarri zehatz batzuk hartu edo galdu”.
Hondatu gabe bizi izenburua jarri dio Donostiako erakusketari. “Ikuslearen arreta irabazi nahi nuen esaldiaren bitartez. Irudi batek mila hitzek baina indar handiago dutela dioen esaeraren haritik joan naiz. Berez esaldiak ez du esanahi zehatzik, baina ikuslearen irudimena zirikatu nahi nuen. Batek ekologiarekin lotuko du, arrazakeriarekin edo etikarekin beste zenbaitek...”.
Izenburuaren atzean dagoen gogoetari jarraiki, gizakiaren bitasuna aipatzen du Irazuk. Batetik kulturak hondamena saihestera eta errealitateari buruzko kontzientzia sortzera eramaten badu ere, bestetik senak, indartsuenaren legea ezartzera eta hondamenera bultzatzen du. Michael Jakcsonek erakutsi digun paradoxa aipatzen du, bere asmoa hobeto azaltzeko: “bere nahiak betetzeko zer ez ote zuen egin, nahiz eta bere buruaren kalterako izan...”.
Ikuslea nola eragin nahi duen, horixe da artista bati ia beti galdetzen zaiona. “Sentimenduak lehenengo eta behin. Eta hortik aurrera nork nahi duena, artea komunikatzeko bide bat denez gero. Gizarteari zer edo zer komunikatzea da lehen asmoa, baina gero ikuslea arte horren aurrean kokatzen denean, hor komunikazio pertsonal bat sortzen da. Orduan maiz gertatzen da artistak ideia bat adierazi nahi duela baina ikusleak beste bat interpretatu duela. Horrela, arteak elkarrizketa imajinario bat sortzea lortzen du, literaturan, musikagintzan... bezala”.

Materialaren erabilera
Materiala helburuen zerbitzura dagoen tresna da Irazurentzat. “Euskal Herriko artisten artean materialaren inguruko sinismen zehatz bat egon zen indarrean garai batean: bera zela indarra ematen zuena, naturaren metafora zela, e.a. Errespetatzen dut teorizazio hori, baina gaur egun iruditzen zait beste modu batera ulertzen direla gauzak. Irudia da nagusi gizarte modernoan, eta helburu horren pean jarri behar da materiala”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!