Egoitza berria izango du Behar-Zana elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:33

Behar-Zana pilota elkarteak egoitza berria izango du aurrerantzean. Bazkide helduenek nahiz egungo zuzendaritzako kideek hartu dute hitza.

Patricio Bernaras, Tomas Arrastoa eta Inazio Berakoetxea 1920ko hamarkadan jaioak dira, Villabonan lehenengo biak; Zizurkilen hirugarrena. Pilotarekin txikitatik izan dute harremana jokalari nahiz ikusle modura. Afizionatu gisa, gaztetxotatik jolasten zutela adierazi du Inaziok, “txokotan asko jolasten genuen. Besterik ez genuen eta igande eguerditan ere, mezetatik atera bezain laster pilotan jolastera etortzen ginen plazara”. Luzean baino gehiago motzean jolasten zuten Patriciok adierazi duenez, “gehiegi jaten ez zenez, ez zen indar handirik izaten eta nekea ere gutxiago, motzean arituta”. Inguruko herrietako pilotariekin erantzun bikaina izaten zuten txapelketak antolatzen zituzten motzean. “Dagoeneko elkarteko bazkide ginen gu, 20 urteren bueltan eman genuen izena”.
Herrian errebotea indartzeko beharrezkoa zelako sortu zen elkartea. “Plaza bazegoen eta errebotean jokatzeko ohitura ere bai. Pilotaren inguruan elkartu eta pilota bultzatzeko lekuren bat behar zelako zabaldu zuten elkartea gu baino zaharragoek”, adierazi dute. Erreboteak Villabonan indar handia, indar guztia izan duela uste du Patriciok. “Erreboteagatik sortu zen elkartea eta erreboteagatik jarraituko du aurrera, errebotearen izenarekin. Sortu zenean behintzat, elkartean pilota zen lehenengo gauza, gastronomia bigarren mailakoa zen”.

Batzokia, aurretik
Pilota bultzatzeaz gain, otorduak egin eta basoa altxatzera ere maiz elkartzen zirela aipatu du Tomasek eta giroa nahiz antolakuntza egungoarekin alderatuta ezberdinak zirela, “elkartea bera igualtsua zen; kanpoaldean, bolatokia zegoen ibai aldera. Pareta guztian arketak zeuden, bakoitza bere giltzarekin. Hamar lagunentzako ardoa, antxoak eta atuna gordetzen ziren bertan. Txuleta gutxi izaten zen orduan. Iluntzetan oso maiz eta, tabernak ixtean, askotan hona etortzen ginen gauari bukaera ematera”. Garai hartan oso diru gutxi zegoen arren, biltzen zena pilota indartzeko erabiltzen zela adierazi dute. Pilota elkartea izan aurretik, ordea, beste erabilera bat izan zuen egoitzak, “Batzokia zegoen bertan”. Elkarrizketatuek gogoan dute nola, besteak beste, dantzan erakusten zuten, “ni ez nintzen atrebitua izan eta ez nuen dantzan ikasi, baina ikustera etortzen nintzen. Emilia Mintegia arduratzen zen dantzari mugimenduaz”, adierazi du Bernarasek. Gerra ondorenean, Auxilio socialeko laguntza ere bertatik bideratzen zitzaien herritarrei, gose zirenei janaria eta behar zutenei arropak banatuz.

Bazkideak gora, pilota behera
Elkarteko bazkide egin zirenetik gaur egunera hainbat aldaketa sumatu dute bai bazkideei nola pilota jokoari dagokionez, “elkarte bezala, askoz ere mugimendu handiagoa dago egun. Bazkide kopuruan asko irabazi da, emakume eta guzti orain. Pilotaren gaia, berriz, zertxobait jaitsi egin da lehengo garaietatik”.
Urte hauetan guztietan zehar, elkartean pilota irakasle on asko izan dela azaldu dute baina, bat nabarmentzekotan, Joxean Jauregi aipatu dute, “izugarrizko lana egin du urte askoan, pilotaren inguruan bizi izan da. Oraindik ere errebote partida guztietara joaten da”. Errebotea indartzea zaila ikusten duten arren, aldi berean, elkartearen laguntzaz, horrenbesteko tradizioa duen herriko kirol ondareari eutsi egingo zaiola adierazi dute.

Pilotaleku itxiaren beharra
Pilotak aurrera egingo badu, pilotan aritzeko leku egokia beharrezkoa dela uste dute. Elkarrizketatuek ez dute ulertzen nola Villabonak, pilotarekiko horrenbesteko lotura izanda, ez duen sekula pilotaleku itxirik eduki.
“Pilotari gazteek Amasako pilotalekura igo behar izan dute urtetan, baita neguan eguraldi txarrarekin ere. Egoera horrek ez du lagundu herrian pilota indartzen”. Lehenago nola inork pilotaleku itxirik eraikitzeko beharrik ikusi ez duen ulertzea zaila egiten zaie. Orain, pilotalekua egin dutenean, berandu egiteaz gain, ez zaie batere egokia iruditu, “pilotaleku itxia egiten hasita, ez dago horrelakorik egiterik. Pilotan jokatzeko baino gehiago bestelako emanaldietarako aproposagoa dirudi. Beste herrietan bezala, zergatik ez daukagu Villabonan behar bezalako pilotaleku itxirik? Itxurazko pilotalekua egokitzen zaigu oraindik ere”. Pilotaleku berriarekin ez bezala, gustura agertu dira elkarte berriaren irekierarekin, “hobera aldatu behar dugunez, oso pozik hartu genuen aldaketaren berria”. Irailaren 19an, elkartearen irekiera ekitaldian, zinta mozteko ohorea izango dute hiru bazkideek.


ELKARTEAREN LEHEN IREKIERA
Behar-Zana pilota elkartea 1940ko hamarkadan inauguratu zen Villabonako Kale Nagusian.

Joxe Ugartemendia bazkide eta pilotazale amorratuak Lumane bildumarako egin zituen adierazpenetan, elkartearen sorrerako pausoak jakinarazi zituen, “elkartea zabaldu aurretik, hainbat herritar Periodista tabernan biltzen zen pilotaren inguruko kontuak lotzeko. Lanerako borondatea zegoen, baita pilotarekiko afizioa ere. Ramon Mintegiak egiten zuen taldearen buru baina, Klaudio Saizar, Remigio Ayestaran, Valdomero Lertxundi, Antton Egaña eta beste hainbat herritar ere elkartzen zen. Jarraitzaile ugari biltzen zuen pilotak orduan”.


EGUNGO ZUZENDARITZAKO KIDEAK:
“Pozik gaude emaitzarekin”

Urko Martinez de Albeniz elkarteko egungo lehendakaria, Aitor Landa diruzaina eta Joxe Azurmendi biltegiko kidea gustura agertu dira ematera doazen pauso berriaren aurrean.


Nolatan etorri da egoitza aldaketa?
Elkartean 240 bazkide gara, baina eserita 80rentzako lekua soilik zegoenez, elkartea handitzea erabaki genuen. Orduantxe hasi ziren Salvadorako etxebizitzak eraikitzen eta elkarte berria kokatzeko gunea bilatu genuen. Udalarekin akordio batera iritsi ondoren, gu azpialde berrira joan eta elkarte zaharra nahiz gaineko solairua Udalarentzat geratuko dira.

Zein ezaugarri izango ditu elkarte berriak?
Leku aldetik askoz ere zabalagoa da; 140 bazkideren bueltan sar daiteke eta oso argitsua da. Aurrerantzean bertan bilduko dira pilota elkartea nahiz elkarte gastronomikoa. Egoitza oso ondo kokatuta dago, frontoitik nahiz plazatik gertu. Terraza ederra ere badugu. Bizilagunekin arazorik ez izateko, ordea, erabilera mugatu egingo dugu ordutegia zehaztuz.

Emaitzarekin gustura?
Buruhauste asko sortu badigu ere, pozik gaude emaitzarekin. Egindako lanak merezi duela uste dugu. Ondo geratu da eta bertan lanean aritu direnekin ere gustura geratu gara. Iñaki Goikoetxea tolosarrak egin du diseinua, 1983ko uholdeen ondoren, beste elkarteko berrikuntzak egin zituenak. Orain zortzi urtez geroztik, talde bera arduratu da elkartea berritzeko lanak bideratzeaz.  Oso garrantzitsua izan da hori guretzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!