Iraileko azken igandean, zaldi lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:22

Zaldien hanka hots azkarrak entzungo dira Zizurkilen irailaren 27an. Hamabost zaldun lehiatuko dira Zizurkilgo lasterketan garaile izateko.

Duela zortzi urte antolatu zuten Zizurkilgo lehendabiziko zaldi lasterketa. Jai batzordeko kideek hartzen dute antolaketa lanak egiteko ardura eta talde horretako partaide da Axier Mujika zizurkildarra: “Indar handia duen lasterketa da Zizurkilgoa. Zaldi lasterketatan ibiltzen den jendea gustura etortzen da hona. Ibilbide azkarreko lasterketa da, zaldiari luzatzen eta lasai korrika egiten uzten diona. Ikusleentzat ere, tokitik mugitu gabe ibilbide osoa ikusteko aukera ematen du eta lasterkaldi politak ikusten dira urtero”.

Hiru txanda eta finala
Irailaren 27an, arratsaldeko 18:00etan hasiko da lasterketa: “Hiru txandatan banatuko ditugu parte hartzaileak eta txanda bakoitzeko lehen bi zaldiak finalerako sailkatuko dira. Guztira, ordubete inguruko ikuskizuna da. Egun horretan Asteasuko azoka izango denez, Asteasutik itzulia eginda Zizurkilera gerturatzeko aitzakia polita izango da”.
Udaletxearen ondoko belazean izango da lasterketa: “Zuzengune luzeak eta bi bihurgune ditu zirkuituak; lursailaren goialdean bat eta behealdean bestea. Kontuz ibili behar da bihurgune horiek hartzeko garaian, batez ere euria egiten duenean”.
Sari politak jasoko dituzte zaldun hoberenek: “Lehendabizikoak 300 euro jasoko ditu, 200 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarren sailkatzen denak. Horrez gain, zaldun guztiek jasotzen dute diru kopuru txiki bat dieta moduan”.
Gipuzkoan antolatzen diren zaldi lasterketatan lehenengotarikoa izan zen Zizurkilgoa: “Duela bederatzi urte Abaltzisketan hasi ziren. Lasterketa hartan atera eta Zizurkilen beste lasterketa bat antolatzea pentsatu genuen. Hurrengo urtean egin genuen lehendabizikoa eta geroztik, urtero errepikatu dugu. Urte hauetako esperientziari esker, gure artean ardurak banatu, eta nahikoa erraz egiten ditugu antolaketa lanak”.

Denboraldiko azkena
“Belar gaineko lasterketen denboraldiari amaiera ematen dio Zizurkilgoak. Denboraldian zehar lasterketa gutxitan parte hartzen duten zaldunek ere, ez dute Zizurkilgoan hutsik egin nahi izaten. Denboraldiko azkena izanik, eta ibilbidea ere egokia denez, asko animatzen dira izena ematera. Zizurkilgo lasterketa pasata, hondar gaineko lasterketen denboraldiari ekingo diogu”, azaldu du Axierrek.
Hamabost zaldun izango dira Zizurkilen. “Emakumeen parte hartzea igotzen ari da eta aurten, bost lasterkari emakumezko espero ditugu. Horietako batzuek oso denboraldi ona egin dute”, azpimarratu du. “Zaldi gainean ibiltzeko zaletasunak gorakada handia izan zuen duela urte batzuk eta orain grina hura pixka bat lasaitu bada ere, jende asko dabil mundu horretan. Gazte asko dabil zaldi eskoletan, eta gure kasara ikasitakoak ere hor gabiltza. Lasterketatan edota zaldi ibilaldietan antzematen da zaletasuna badagoela. Polita da. Gainera, baserrian bizi garenok abantaila dugu alde horretatik, zaldia etxeko belazean eduki dezakegulako. Modu horretan, ez da hain garestia. Lotura pixka bat eskatzen du, baina taimana hartuz gero, ez du horrebeste denbora eskatzen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!