Bertako esnea, azokako bereizgarri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 17:09

Irailaren 27an, hileko azken igandean egingo da Asteasuko Azoka berezia. Behi esneari eskainitako azoka izango da aurtengoa.

Nortasun berezia izango du aurrerantzean Asteasuko Azoka bereziak. Hala azaldu du antolatzaile lanetan aritzen den Antonio Arteaga zinegotziak: “Beste zenbait herritako azokatan, produktu bereizgarri bat izaten dute: haragia, txakolina, sagardoa… Asteasuk indar handia du esne behien munduan eta azokan hori nabarmentzea egokia litzatekeela pentsatu genuen. Bertako esneari bultzadatxo bat eman nahian, Kalitatea Fundazioarekin hitz egin genuen, eta haiei esker Gurea markako euskal esnea dastatzeko aukera izango da azokan”. Pilotalekuan postu berezia jarriko dute esnea bertan banatu ahal izateko, jendeak dastatzeko aukera izan dezan. “Berrehun litro esne banatuko dira. Hozkailuan izango dugu, behar bezala gordeta eta jendeak edan ahala ateratzen joango gara. Kalitatea Fundazioaren postuaren ondoan, behi esnearekin egindako produktuak saltzen dituzten bi ekoizle ere izango dira, Goena eta Mahala, euren produktuak salduz eta dastatzeko aukera eskainiz”, gaineratu du.
Asteasun eta Zizurkilen ekoizten da Gipuzkoan ekoizten den esnearen %50a. “Azokan beti nabaritu izan da hori. Herriko abereen erakusketan, esne behi kopurua larre behiena baino handiagoa izaten da beti. Aurten, indar gehixeago izango du bereizgarri horrek”.

Esne sektorea, larri
Lanbidez esne ekoizlea da Antonio Arteaga eta azken hilabeteotako egoera zaila hartu du ahotan: “Oso hilabete txarrak daramatzagu. Ekoizpenaren ordainetan jasotzen duguna kostuaren azpitik dago eta horrek oso bide motza du. Ustiakuntza asko oso egoera larrian dago eta datozen bi edo hiru hilabeteak erabakigarriak izango direla iruditzen zait. Kate handien esku daude prezioak eta guretzat oso zaila da haiekin negoziatzea. Gutxieneko prezioak adostu beharko lirateke, sektoreari egonkortasuna emateko”.
Eguerdian, esne behien erakusketa berezia egingo da. Herriko biga onena, behi onena, esne gehien ekoizten duena eta umealdi gehien izan dituena erakutsiko dituzte, ezaugarri guztiak deskribatuz. “Jabier Pellejero albaitariak abelburu bakoitzaren inguruko azalpenak emango ditu. Ekitaldi hori amaitzean, arroz-esne lehiaketari ekingo diogu. Lehiaketa hau antolatzen den lehen aldia da. Asteasuarrei zuzenduta dago eta ez da izena eman beharrik izango; pilotalekuan bilduko ditugu lehiara aurkezten direnen arroz-esneak, izen-abizenak ondo zehaztuta. Baldintza bakarra, litro bat esne erabiltzea izango da, hortik aurrera, bakoitzak nahi dituen osagaiak erabil ditzake. Ekitaldi hau ere, behi esnearen ingurukoa izateko asmoz antolatu da. Epaimahaiak erabakiko du irabazlea nor den eta sari txiki bat emango zaio”, azaldu du.

Hileko azken igandean
Egun aldaketa ere izango du aurtengo azokak. “Orain arte iraileko hirugarren igandean egin izan da, baina abuztua tartean izanik, antolaketa nahiko zaila izaten zen. Horregatik erabaki genuen igande bat atzeratzea. Aurrerantzean, iraileko azkeneko igandean egingo dugu. Aldaketa horrekin jendeari eragozpen handiegirik ez sortzea espero dugu”, dio Antoniok.
Azken urteotan egindako perretxiko sestoen enkatea berriz, desagertu egingo da aurten: “Perretxikoak biltzeak lan pixka bat ematen du eta jendea ez zen animatzen parte hartzera. Aurten ez da lehiaketarik edota enkanterik egingo, baina norbaitek sestoa ekarri nahi badu, gustura jarriko da ikusgai”.

Ganadua Ibargaingo belazera
Gune aldaketa txiki bat ere egingo dute aurtengo azokan: “Lamiategiko belazean aparkalekua egin dugu eta ganadua jartzeko beste guneren bat aukeratzea egokiagoa zela iruditu zitzaigun. Horregatik, Iturriondo tabernaren atzealdeko belazera, Ibargaingo belazera eramango dugu ganadu erakusketa. Lehen ere gune hartan egiten zen. Gainera, iaz, mingain urdina zela eta, ezin izan genituen ardiak eraman baina aurten han izango dira berriro. Abelburu handiak zenbatuta, behi, zaldi, behor…, ehun bat buru izango dira eta ahuntz, ardi eta gainerakoekin ere hamar bat talde bilduko dira”.
Arratsaldez ere izango da zer ikusirik Asteasun: “Egun osoko azoka izaten da Asteasukoa. Ernioko erromeritik jaisten direnek, arratsaldez Asteasun geldialdia egiteko ohitura izaten dute eta bertaratzen diren horientzat, ardi txakur lehiaketa jartzen da. Lamiategiko belazean egingo da lehia eta gutxienez, bost artzain izatea espero dugu. Eguraldiak laguntzen badu, egunpasa polita egiteko aukera izango da Asteasun”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!