Zabaldu egingo dute Larraulgo errepidea

Epe motzean hasiko dira Asteasutik Larraulerako errepidea konpontzeko lanak.

Asfalto berria botatzeaz gain, zabalera handiagoa emango diote errepideari.
Bost metro eta erdiko zabalera emango diote Larraulgo errepideari. Gipuzkoako Foru Aldundiak du lanak egiteko ardura eta 400.000 eurotik gorako aurrekontua dute. Xabier Mujika alkateak eman ditu lanen inguruko azalpenak: “Data zehatza ez badakigu ere, lanak epe motzean hasiko direla uste dugu. Foru Aldundiaren lehendabiziko asmoa errepidea asfaltatzea zen, baina Udalak zabalera handiagoa ematea eskatu zuen. Herriko biztanle kopurua asko igo da eta segurtasun handiagoa izango dugu errepidea zabaltzen digutenean. Gure eskaera onartu zuten eta laster hasiko dira lan horiek egiten”.

Hormigoizko kanal berria
Zabalera ezberdineko guneak ditu gaur egungo errepideak: “Batez beste, lau metro pasatxoko zabalera du eta lanak amaitzean bost metro eta erdikoa izango du. Euri urak bideratzeko kanala ere berritu egingo da. Gaur egun, kanal naturala dago errepidetik metro erdira eta tartean, belarra. Kanal zaharra dagoen toki berean egingo dute hormigoizko berria, eta belarrez beteta dagoen gunea, errepide bihurtuko da. Beraz, lanek ez die eragingo inguruko lursailei”, azaldu du Xabierrek.
Euri urak bideratzeko kanal berria egitearekin batera, hoditeri berria ere sartuko dute: “Hodietako bat argindarra sartzeko bideratu ahal izango da etorkizunean eta bestea zuntz optikorako izango da. Asteasuko bidegorrian barrena sartuta dago eta errepideko lanak aprobetxatuz, Larraulera ere iritsiko da. Hodia sartzeak, ordea, ez du esan nahi zuntz zerbitzua berehala iritsiko denik. Horretarako aukera sortzen den momentuan, azpiegitura prest izateko modua emango digu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!