Hondakinen kudeaketa aztertzen, Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 16a, 15:26

Usurbilen ostean, datorren udaberrian Hernanin eta Oiartzunen hondakinak atez ate biltzen hasiko dira. Artean, azterketa fasean dira, besteak beste, Urnietan.

Usurbilen duela sei hilabete hondakinen kudeaketaren alorrean ekindako bideari udalerri gehiago batuko zaizkio datozen hilabeteetan. 2010eko udaberrirako Hernanin eta Oiartzunen atez ateko bilketa sistema martxan jartzeko asmoa dute, asteazken eguerdian San Markos Mankomunitateko ordezkariek, eta aipatu udalerrietako alkateek Donostian eskaini zuten prentsaurrekoan iragarri zutenez. Usurbilen egin bezala, aipatu bi herrietan udazken honetan informazioa partekatu eta sistema berriaren ezaugarriak zehazteko herritarrei zuzendutako parte hartze prozesua hasiko dute. Ekitaldi berean jakinarazi zutenez, Gipuzkoako beste hainbat udalerri hondakinen kudeaketarekin zer egin erabakitzeko azterketa fasean dira egun; Debagoieneko Mankomunitatea, Lezo, Lasarte-Oria eta baita, Urnieta ere. Prentsaurrean agertu ziren guztiak baikor agertu ziren, lehen seihilekoan Usurbilen lortutako emaitzekin. Bertan, gaikako birziklatze-mailak %80-ko muga gainditu baitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!