Hamasei ume hasi dira eskolan

Gogotsu ekin diote ikasturte berriari Larraulgo eskolan. Ikasle kopurua hazi egin da eta ikasgela berria sortu dute. Laster, psikomotrizitate gela ere izango dute txikiek.

Bi eta bost urte arteko hamasei haur hartuko ditu Larraulgo eskolak ikasturte berrian. Aurreko ikasturtea bertan egin zutenei, bi urteko zazpi haurtxo gehitu zaizkie irailean. Horrela azaldu du Xabier Mujika alkateak: “Aurreko ikasturtean lortu genuen Larraulen eskola zerbitzua izatea eta horretarako, Kulturguneko beheko solairuan moldatu genuen ikasgela. Gela bakarra zen, handia, balkoi eta guzti. Beharrak aldatu egin direnez, balkoia kendu, erdian pareta eraiki eta bi ikasgela moldatu ditugu”.

Psikomotrizitate gela
Laster psikomotrizitate gela ere izango dute eskolako haurrek: “Kulturguneko erabilera balioanitzetarako gela erabiliko dugu, beste zenbait erabileretarako tartea utziz. Guztira, 20.000 euroko aurrekontua izan dugu eskolako lanak egiteko, Larraulgo Udalaren eta Hezkuntza Sailaren artean banatuta”. Joan zen asteartean hasi zuten ikasturtea. “Lehendabiziko aste hauetan egokitzapen garaia dute bi urteko txikiek eta gainerako haurrak goizez joaten dira. Haur-eskolak ere hasi du ikasturte berria, hiru umerekin”, amaitu du Xabierrek.
Guraso elkarteko kideek azaldu dutenez, datozen asteotan ongi-etorri jaia eskainiko diete ikasturtea hasi berri duten txikiei. Ikasturteari begira berriz, hamabi urte arteko herri eskola sortzea izango da larrauldarren erronka nagusia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!