Erregaia aurreztuz gidatzeko ikastaroa

Norberaren autoa gidatzerakoan erregai gutxiago kontsumitu eta ingurugiroa gutxiago kutsatzeko gakoak eman dituzte Adunan antolatutako ikastaroan.

Motordun ibilgailuak alde batera utzi, eta beste garraiobide batzuen erabilera sustatzeko helburuz sortu zen Mugikortasun iraunkorraren astea. Europa mailan ospatuko da irailaren 16tik 22ra eta bere islada izango du gure eskualdean ere. Amasa-Villabonan bigarren eskuko produktuen azoka egingo da irailaren 19an, eta irailaren 20an Asteasu eta Anoeta arteko bidea bizikletaz egiteko aukera izango da. Adunan berriz, modu eraginkorrean gidatzen ikasteko ikastaro berezia eskaini zuten irailaren 17an.
Edurne Simon, Adunako Udaleko ingurumen teknikaria da eta hark azaldu dizkigu ikastaroaren nondik norakoak: “Energiaren Euskal Erakundeak antolatzen ditu modu eraginkorrean gidatzeko ikastaroak. Udalek hartzen dute ikastaro horiek herritarrengana bideratzeko ardura eta Adunan, irailaren 17rako antolatu genuen, Mugikortasun iraunkorraren asteko ekintzen baitan. Lau orduko ikastaroa da eta alde teorikoak zein praktikoak jorratzen ditu”.

Teoria eta praktika, eskutik
Irailaren 17an, arratsaldeko 16:00etan ekin zioten ikastaroari: “Energiaren Euskal Erakundekoek auto bereziak ekartzen dituzte ikastaro hauetarako, uneoro erabiltzen ari garen erregai kopurua neurtzen dutenak. Ikastaroaren lehendabiziko ordua Aduna inguruko errepideetan barrena gidatzeko baliatu zuten. Ikasle bakoitzak bere modura egin zuen eta erregai kontsumoaren datuak bildu zituzten”, azaldu du Edurnek. Bigarren ordua teoria lantzeko erabili zuten: “Lehen orduan bildutako datuak aztertu eta modu eraginkorragoan gidatzeko gakoak eman zituen irakasleak. Ondoren, autoak hartu zituzten berriro ere. Irakasleak emandako gako horiek erabiliz gidatzea zen helburua. Aurrez egindako ibilbide berbera egin zuten autoz, eta berriro ere datu bilketa egin zuten. Azkeneko orduan, ikasgelera itzuli eta azken datuak aztertzeko garaia iritsi zen, lehendabiziko orduan bildutakoekin alderatuz”.
Auto partikularren erabilera gutxitu eta beste garraiobide batzuk sustatzea da Mugikortasun iraunkorraren astearen helburu nagusia. “Hala ere, badakigu Adunako herritar askorentzat ia ezinbestekoa da autoa hartzea, lanera joateko, adibidez. Hori kontuan izanik, garrantzitsua iruditu zitzaigun, erregai gutxiago kontsumituz, modu eraginkorragoan gidatzen ikasteko aukera ematea. Hala eginez gero, %15eko aurrezpena lor daiteke. Gainera, modu horretan berotegi efektuko gas gutxiago isurtzea lortuko dugu”. Ikastaroan parte hartu duten adunarrek hori egiaztatzen duen diploma jasoko dute etxean datozen asteotan.

Autorik gabeko eguna
Irailaren 22an, bestalde, autorik gabeko Nazioarteko egunarekin bat egingo dute Adunan: “Herriko plaza ingurua oinezkoentzako gune bihurtu zenean, zenbait kexa jaso zen udaletxean, autoak aparkatzeko toki nahikorik ez zegoelako. Plaza inguruko etxeetako auto kopurua zenbatekoa zen aztertu genuen eta irailaren 22an, eskolako haurrekin aterako gara kalean aparkatuta dauden autoak zenbatzera. Datuak alderatuko ditugu ondoren. Eskolako haurren inplikazioa bilatu nahi dugu modu horretan”, azaldu du Edurne Simon teknikariak.

Astean bitan, udaletxean
Astearte eta ostegunetan izaten da Edurne Adunako udaletxean. “Iazko uztailean hasi nintzen lan honetan. Ingurumen teknikaria naizen aldetik hainbat zeregin dut. Batetik, herriko enpresek ingurumen legedia errespetatzen dutela ziurtatu behar dut, bestetik, Udalaz gaindik dauden eta herriari eragiten dien proiektuen jarraipena ere egiten dut, hobekuntzak bideratu asmoz. Horren barnean sartzen dira araztegia edo AHT. Horrez gain, Adunari dagozkion ingurumen arloko dirulaguntzak bideratzea, Agenda 21aren jarraipena, eskualdean egiten diren ingurumen kanpaina ezberdinen antolaketa lanak…, etab”.


ERAGINKORTASUNEZ GIDATZEKO GAKOAK
  • Zirkulatzean, martxa zenbat eta luzeagoa, orduan eta erregai gutxiago kontsumituko da.
  • Zilindrada zenbat eta handiagoa izan, orduan eta eragin handiagoa izango du kontsumoan martxa luzeago batean zirkulatzeak.
  • Zirkulazio-abiadura ahalik eta uniformeena mantendu behar da.
  • Azelerazio-prozesuetan, martxaz honela aldatzea:

Motorraren arabera: 
– Gasolinazko motorretan, 2.000 eta 2.500 bira bitartean.
– Diesel-motorretan, 1.500 eta 2.000 bira bitartean.
Abiaduraren arabera:
–    2. martxa: 2 segundora edo 6 metrora.
–    3. martxa: 30 km/h-ko abiaduratik aurrera.
–    4. martxa: 40 km/h-ko abiaduratik aurrera.
–    5. martxa: 50 km/h-ko abiaduratik aurrera.

  • Dezelerazio-prozesuetan, martxaz ahalik eta beranduen jaistea.
  • Gidatzean, aurrea hartzea eta gertatu daitekeena aurreikustea, beti.

–    Zirkulatzean, gidariak bidearen eta zirkulazio egoeren ikus-eremu zabala izan behar du.
–    Ikus-eremua egokitzat jotzeko, norberaren autoaren aurretik doazen bizpahiru auto ikusteko aukera eman behar du.
–     Segurtasun-tartea egokia gorde behar da.
–    Aurrera begiratu behar da, nahikoa tartea hartuz (200 m. inguru).
–    Ikus-eremua etengabe aldatu behar da, eta autoaren atzealdeari erreparatu ispiluen bidez.
–     Arretaz begiratu behar da, orain urrunagora, orain gertuagora, bideko zirkulazioaren ikuspegi zabalagoa izateko.
–    Segurtasun tarte egokia gorde behar da:
•    Hirian, 50 km/h-ko abiaduran, 2 segundoko edo 30 metroko distantzia.
•    Errepidean, 100 km/h-ko abiaduran, 3 segundoko edo 80 metroko distantzia.

  • Gogoan izan! Martxa engranatuta izanik, azeleragailuaren pedala zapaldu gabe autoa 20 km/h-tik gorako abiaduran badoa, ez da erregairik kontsumitzen!


Arrankatzeko garaian:

  • Komeni da motorra abiaraztean ez azeleratzea.
  • Gasolinaz propultsaturiko autoetan, motorra piztu eta berehala abiatu behar da.
  • Diesel-autoetan, berriz, behin motorra piztuta, abiatu aurretik komeni da segundo batzuez itxarotea.


Geratuta bagaude

  • Geldialdia 60 segundotik gorakoa izango dela aurreikusten badugu, motorra gelditzea komeni da!


Kontuan hartu beharreko beste hainbat gauza

  • Aire girotua edo klimatizagailua da erregai-kontsumo globalean eragin handiena duen osagarrietako bat.
  • Ibilgailuaren aireztapen artifizialeko gailuak erabiltzea da bidaiari-lekua aireztatzeko gauzarik gomendagarriena.
  • Kargak gaizki antolatzen badira, airearekiko erresistentzia eta ezegonkortasuna areagotu egingo dira, aurreko ardatzaren itsaspena gutxitu egiten baita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!