Amaitu dira Elbarrenako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 14a, 20:49

Atzo iluntzean amaitu ziren Elbarrenako jaiak. Asteazkenean hasita, festa gogoa eta giro ona izan dira nagusi Zizurkilgo kaleetan. Asteburuan ere hamaika ekitaldi izan da, arrakastatsuak horietako hainbat; ostiral gaueko kontzertuak, esaterako:

Argazki gehiago ikusi

Ostiralean baserriko produktuen merkatua antolatu zen goizetik eguerdira. Produktuen eskaintza ederra eta zabala bazen ere, ez zen jende gehiegirik ibili postuz postu. Gazte egunaren baitan, bazkaria, jokoak eta AHTren aurkako manifestazioa izan ziren jarraian. Azpimarratzekoa gaueko kontzertuetan sortu zen giro ona eta gerturatu zen jende multzoa. Aspaldiko jende kopururik altuena bildu zuten plazan Ze esatek, Esne Beltza eta La Pegatina taldeek. Larunbatean berriro ere jendez bete zen Joxe Arregi plaza, koadrilen arteko bazkaria tarteko. Arratsaldean, koadrilen arteko jolasak eta tradizio handia duen asto karrerak giro ona sortu zuten herrian. Zazpi koadrila animatu zen mozorrotu eta astoa lagun lasterketan parte hartzera. Bide batez gauerako prest zeuden asko dagoeneko, mozorro gaua baitzen larunbatekoa. Gaia librea eta era guztietako mozorroak kaleetan barrena. Jaietako azken egunean Urkamendi elkarteak urtero ematen duen hamaiketakoarekin  sabela berotu eta herri kirolak ikusteko aukera izan zen. Lehenengo Joxe Arregi mus txapelketa abian jarri zen arratsaldean eta akrobazia emanaldi nahiz bertso, musika eta antzerki ikuskizunaz gain, herritarrek dantzatutako Lantzeko  zortzikoa nagusitu zen azken arratsaldean. Antolatzaileen esanetan, azken ekintza horrek espero bezainbesteko harrerarik izan ez bazuen ere, gustura geratu ziren gerturatutakoak. Melokotoiari agur eginda, hurrengo urtera arte amaiera eman zitzaien jaiei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!