Mikel Atxagak Fernandez, idazle, kazetari eta itzultzaile lanak egin zituen bizi osoan. Hainbat ezizen erabili zituen idazteko diktadura garaian: Errialde, Mutiozabal, Irastortza, Iraola. 1970. urtean hasi zen erabat kazetaritzan Zeruko Argia-n lanean hasi zenean. Zazpi urte egin zituen Zeruko Argia astekarian asteroko editorialaz gainera, beste bizpahiru artikulu eta elkarrizketa idatziz. Eta 1977ko ekainetik Deia egunkarian egin zuen kazetari lana. Azken urteetan, iritzi artikuluak idatzi ditu, batez ere Deiadarrak liburuan argitaratu zituen horietako bakar batzuk, 1993. urtean. Horrez gain, Gaztetxo, Ezkontza bidean, EAJ eta euskara. Ehun urteko bide malkartsua, Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza, Gure Urnieta eta Xalbador obrak idatziak utzi ditu, azken hori Bidegileak bilduman. Atxaga Bidegileak bildumako koordinatzaile eta zuzendaria izan da azken hamahiru urteetan. Bilduma horretan, dagoeneko, euskalgintzan aitzindari izan diren 200dik gora gizon-emakumeren bizitza eta obra ezagutzera eman dira, 54 sortatan banatuta.
Komunikabide eta kazetaritzari buruzko txostenak ere baditu argitaratuak Euskera aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzako argitalpenetan. Euskararen aldeko bere lanengatik euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, 1975. urtean.
Argia aldizkariak aurtengo urtarrilean Merezimenduzko saria eman zion. Egun hartan Elixabete Garmendia kazetariak irakurri zituen Atxagaren esker hitzak. «Nire poza bikoitza da, nirekin gogoratu zaretelako, eta Argia bilakatu zen Zeruko Argia bizirik eta sasoiko dirauelako».
Apirilaren hasieran Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak omenaldia egin zion euskararen alde egindako lanagatik. Euskarazko kazetaritzan berrogei urte egindakoa da Atxaga,«Senezko kontalaria izan da, afizioz eta ofizioz», esan zuen orduan Elixabete Garmendiak, Atxagaren biografiaren egileak.
Urnietan, azken urteetan parte hartu zuen Plazido Muxika eta Lurdes Iriondoren heriotzen ondoren egindako hainbat omenaldi eta ekintzetan.