Urumeako autobia, jakin beharreko guztia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 18:33

Mandazubiko biribilgunearen azpialdean egin zen inaugurazio ekitaldia, irailaren 1ean. Urnietako udal ordezkariak bildu ziren: Gobernu taldekoak, EAJkoak eta PSE-EEkoak. Eta, noski, Foru Aldudiko kargu gorenak: Markel Olano Diputatu Nagusia edota Eneko Goia Bide azpiegituretako Diputatua.

Agintarien aurrean Txanbolin txistu bandak lagunduta eskaini zen dantza saio laburrarekin ekin zitzaion inaugurazio-ekitaldiari, eta haren ostean, Aldundiko ordezkariek emandako adierazpenekin amaitu. Gipuzkoako ikasturte politiko berriko lehen ekitaldi ofiziala izan zen, eta hori dela eta, kazetari ugari bertaratu zen Urnietara. Pozik agertu zen Markel Olano Diputatu Nagusia zabaltzear zen autobia zatiarekin, “Udal arduradunei eta urnietar guztiei zorionak eman nizkieke, gure ekarpen txiki bat egin diogulako euren bizi-kalitateari”, adierazi zuen. Zorionak baita gipuzkoarrentzat orokorrean ere, aurrerantzean autobia berria N-1 errepidearen alternatiba izango delako. Horrekin batera, azken hilabeteotan herrialdeko errepide sarea luzatu dela gogorarazi zuen, hogeita hamar kilometrotan hain zuzen. Guztia, bere esanetan, ahalegin kolektiboaren emaitza izan da.
Datu ofizialen arabera aipatu errepideari esker, Urnieta erdigunetik ia 20.000 ibilgailu gutxiago pasako da. Bi kilometroko luzeera duen errepide zatia eraikitzeak 41 milioi euroko gastua eragin du eta iragarritakoa baino denbora gehiago. Olanok, Aldundiaren izenean, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Urumeako autobideko lanak oraindik amaitu gabe baitaude.

Autobia berria eremuz eremu


Argazkiak  | Bideoa

Urumeako autobiak, guztiz bukatzean 12 kilometroko luzera izango du. Donostiako Amara auzoa eta Andoaingo Sorabilla auzoan N-1 eta A-15 autobia lotuko ditu. Urnietako saihesbidea burututa, erabat bukatzeko hiru zati irekitzea besterik ez da geratzen:
• Amara-Martutene.
• Urnieta-Andoain.
• Andoaingo Bazkardo eta Sorabilla auzoen artekoa.

Horrez gain, Hernaniko saihesbidean, Martindegi-Mandazubi zatian ere 2010.urteko udaberrian obrak hasi nahi dituzte. Zati horretan, bideak 2 karril ditu, norabide bakoitzean bat, eta beste hainbeste egin nahi dute, norabide bakoitzean 2 karril izan ditzan, gainontzeko bide-zati osoak bezalaxe.
Gauzak horrela, hona Urumeako autobiaren gaur egungo egoera:

Amara-Martutene
Egiten ari dira 2010. urtean ireki nahi dute.
Martutene-Astigarraga
Irekita dago.
Astigarraga-Martindegi
Irekita dago.
Martindegi-Mandazubi
2 karrilekin irekita dago. 4 karril egiteko obrak udaberrian hasi nahi dituzte.
Mandazubi-Lekuna
Zabalik. Irailaren 1ean inauguratu zuten.
Lekuna-Bazkardo
Egiten ari dira. 2010ean ireki nahi dute.
Bazkardo-Sorabilla
2010. urtean obrak hasi nahi dituzte.

 

2010ean Andoain herrian barrena

Urumeako autobiaren Andoaingo zatiaren eraikuntzan 2009ko abuztuaren 28a egun seinalatua izango da. Izan ere, egin beharrekoen artean ezinbestekoa zen Atorrasagasti tunelaren zulaketa. Hamaika buruhauste eman ondoren eta hamabost hilabetez gogor lan egin eta gero, tunelaren bi aldeak elkar lotzea lortu zen.
Oztopo handiena gaindituta, obraren arduradunek uste dute Andoaingo zatia 2010. urterako prest izango dela.
Andoain-Urnieta lotzen dituen GI-131 errepidearen trafikoa 14.500 ibilgailu/eguneko da. Urumeako autobiak trafiko hori nabarmen arinduko luke.
Andoaingo autobia zatiaren xehetasunak, hauexek:
Distantzia: 2,2 kilometro.
Ezaugarri nagusiak: Sarbidea Bazkardotik, erdi-sarbidea Leizotzetik, Atorrasagasti tunela.
Enpresa eraikitzaileak: UTE Buruntza (Murias-Otaduy).
Irekiera data: Andoaingo zatiarena, 2010. urtean.

 

Urnietako udal ordezkarien eta eragileen ikuspegia

PSE-EE

Gure ustez, Urnietako saihesbidea irekitzeak, duela urte askotatik Idiazabal kalea eta udalerria orokorrean pairatzen ari zen arazo larri bat konpontzen du. Egunero 20.000 ibilgailu Urnietatik igarotzea saihesteak, urnietarren bizi-kalitatean modu garrantzitsuan eragingo du.

Sozialistak gehienbat udalerritik igarotzen zen trafiko astuna salatu izan dugu. Gainera, duela urtebete baino gehiago aipatu gaiari buruzko mozioa aurkeztu genuen osoko bilkura batean, trafiko astunari lotuta zegoena.

Osoko bilkura hartan onartutako mozioaren erantzun ofizialik ez genuen jaso, baina erantzunda gelditzen da saihesbidea irekita eta ondorioz, egunez egun jasan behar genuen arazoa ere konponduta geratzen da. Zalantzarik gabe, albiste ona dela iruditzen zaigu eta egun ona Urnieta eta urnietarrentzat.

EAJ-PNV

Balorazioa oso positiboa da. Saihesbideak egunero herri erditik, Idiazabal kaletik, igarotzen ziren ia 20.000 ibilgailu ezabatuko ditu. Urnieta eta urnietarren ongizaterako oso inportantea da.
Obraren exekuzioan hobekuntzak izan dira, batez ere paisaia hobetzeko. Proiektuaren gauzatzean argi ikusi da, batzuek planteatzen zituzten tunelak paperak bai, baina lurren ezegonkortasunak ezin zituela egi bihurtu.
Honez gero, jakinik obrak amaituko zirela, udal gobernuak aurretiko lan batzuk jadanik eginak beharko lituzkeela irizten dugu; ez da herri barruko seinalizazioa aldatu; poligonoetarako joan-etorriak sahiesbidetik egin behar dira, ez Idiazabaletik; Idiazabal kalean, abiadura ez da murriztu.
Idiazabal kalea birmoldatu behar da. Merkataritzako gune garrantzitsuena izanik indarra hartu behar du, oinezkoen ikuspegia ahaztu gabe… Aurrekontuetan Idiazabal kalea aztertzeko partida egon zedin eskatu genuen. Gauzatzea eskatzen dugu.

UDA

Azkenean iritsi da lasaitasuna Urnietara. Dena den, lanen azken erremateak ondo egin behar dira; hala nola zarataren aurkako manparak jartzea, ...
Gobernu taldearentzat pozgarria da autobidearen irekiera, eta zenbaitek galdetzen dute: nola liteke hauek lehen aurka egotea eta orain ireki delako poztea?
Herri mugimendua inoiz ez zen autobiaren aurka egon, baina bai inposatu zitzaigun ibilbidearen aurka. Erabaki gabe dago herri mugimenduak ibilbide-proiektu ofizialaren aurka jarritako errekurtsoa. Hauxe da Txabarriren Gobernuak utzitako ondarea. Aurreko udal gobernu taldearen onarpenarekin, baita gehiengoa duten gainerako lurraldeko alderdienarekin ere.
Baina aitortu behar dugu Markel Olanoren taldeak oso jarrera irekia izan duela. Arkaitzako tuneletik Lasarterainoko pasabidea eraiki eta oinezkoentzako 7 km-ko bidea ahalbidetzea onartu dute. Jarrera aldaketa honek erakusten du harremana eta emaitza desberdina izan zitekeela.

Ezker abertzalea

Saihesbideak pairatzen genuen ibilgailu kopurua gutxitu eta horrek guztiok lasaitzen bagaitu ere, hausnarketa sakonagoa egin beharko genuke. Instituzioetatik garapenaren izenean bultzatzen ari den azpiegitura politika eroaren beste adibide bat dugu. Errepidez josten ari dira gure lurrak. Garraio publikoan aurreratu beharrean, oraindik eta errepide gehiago egiteko premia sortuko duen politika ari dira garatzen. Bestelako interes ekonomikoetara begiratzen duten proiektu txikitzaileak nonahi dira. Hurrengoa: Abiadura Handiko Trena.
Saihesbidea herriaren iritzia kontuan izan gabe burutu zen. Arnasatik aurkeztutako proiektu alternatiboari muzin egin diote. Herritarren parte hartzeaz ahoa bete hortz dabiltzanak ordea, horrelakoetan erakusten dute herritarren iritziari nolako garrantzia ematen dioten.
Krisi latz baten erdian egonik, inoiz baino gehiago diru publikoa herritarron premiazko beharrak asetzeko izan dadila aldarrikatu eta lortzea dagokigu.

Herrigintza

Hainbeste denbora pasa eta kutsadura jasan eta gero, azkenean! Herria bere onera itzuli da, aspaldi behar zuen modura. Bakea, behingoz!
Halere, berandu eta aurrekontuetatik at (lubiziengatik %30 garestiago) iritsi zaigu. Herrian sortuta eta aurkeztutako alternatiba, tuneletan eta ingurumenaren errespetuan oinarrituta Aldundiak atzera bota zuen, aurrekontua %3 igotzen baitzuen. Denborak arrazoia eman digu: garestiago eta konponketa kaskarragoa suertatu da.
6-7 hilabete barru gure saihesbidea N-1 bihurtuko da eta 40.000 ibilgailuak, kamioi gehienak igaroko dira Urnietatik. Horren aurrean beharrezkoak jotzen ditugun neurriak hauek lirateke: panel akustikoak jartzea, kutsaduraz babesteko beharrezko diren zuhaitzak oraindik landatu gabe daude eta tunel artifizialak beharrezkoak dira. Oraindik, kamioiei herritik pasatzea ez zaie debekatu. Oinezkoentzat inguruko azpiegitura bukatu gabe dago.

Herri mugimenduen eta herritarren iritzia

Peio Lozano, Arnasa

Hasiera batetik Arnasak kritika handiak egin zizkion eraiki nahi zen errepideari, N-1-eko alternatiba berria bihurtu nahi zutelako eta trafiko astuna areagotuko zelakoan. Bestalde, izugarrizko inpaktu ekologikoak aurkezten zituen eta hori gutxi balitz, aurrez aurre ikusten ziren etorkizunean emango ziren arrisku naturalak. Hori ezabatzeko eta herri guneko trafikoaren egoera oso larria zela kontuan izanda, alternatiba jasangarriagoa proposatu genuen. Horretarako ikerketa ekologikoa, eta gure poltsikotik ordaindutako ingeniari ikerketa bat ere burutu genituen. Ondorioz bi tunelekin osatzen zen saihesbide berriaren eredu ekologikoagoa aurkeztu genuen. Honekin lortu nahi genuena zera zen: herriaren erditik pasatzen zen trafiko astun hori lehenbailehen hortik ateratzea, alternatiba ekologikoagoa gauzatzea, inpaktuen murrizketa, saihesbide seguruagoa eraikitzea, urnietarron aisiarako jarduerak ez hipotekatzea.
Gure proposamena alde batera utzi eta Aldundiaren alternatiba gauzatu zen. Horregatik saihesbidea herri honetako populazio zati inportante baten errepidea ez dela esan nahi dugu. Gainera, denborak arrazoia eman digu eta gure alternatiba eraikitzeko baino dirutza gehiago gastatu da. Paraleloki martxan jarri genuen prozesu juridikoa aurrera doa eta nahiz eta beranduago izan, eman diren purrustadak eta gehiegikeriak salatzea gustatuko litzaiguke.

Mari Karmen Ormaetxea

Oraindik kontu berria da, eta ez da ezer antzematen soinu aldetik. Agian denborarekin nabarituko da, baina oraindik ez. Urnieta herri txikia izanik hilda geratuko den beldurra hor dago.
Baina bestalde, jende berria ere badago eta aldaketak erantzun ona izango du agian. Behin ere ez da jakiten. Halere, jendea pozik dagoela uste dut, orain arte Idiazabal kalean zegoen soinua izugarria baitzen. Ni autobidearen alde nago bai, baina ez egin den moduan, mendiak zulatuta eta baserriak botata.

Mitxel Goya Mendizabal

Lasaitasuna eta soinu gutxiago ekarriko ditu errepide berriak Idiazabal kalera. Lasaitasun honekin komertzioen ikuspegitik jende gutxiago ibiliko dela uste dut, baina errazago geldituko dela erosketak egitera. Lehen ezinezkoa baitzen gelditzea. Denborak esango du zer ehunekotan igo edo jaisten den salmenta. Saihesbidea eraiki denetik asko aldatu da Urnieta. Lehen urruti gelditzen ziren baserriak errepide honek bildu, gerturatu egin ditu.

Urumeako autobia

Inaugurazio ekitaldiko argazkiak  | Bideoa

 

Eraitsi, eraiki aurretik

Etorkizuna eraikitzeko iragana ahazten duen herria nortasunik gabekoa dela dio esaera zahar batek, eta Aiurrik gogoan izan nahi ditu autobidea eraikitzeko botatako baserriak. Baita ere, betirako desagertu diren Lekunako Tren Txikiko zubia edo Mandazubiko errekatxoa eta zubia. Era berean, Erausoko eta Lekunako karobiak, Aritzalde ondoko eta Berrasoetako basoak, Zibulioko kobazuloak...

Almortzategi. Urnietatik Andoainera garamatzan errepide bazterrean, autobiarako sarrera dagoen gunean kokatua zegoen. Karlisten Gerratean obus baten talka jasota erdi eroria geratu ondoren berreraikia, autobiak eraman du betirako.

Bordatxulo. Ergoien auzoan kokatua zegoen Amitesarobe ondoko Plazaolako trenbidearen tunelaren sarreratik gertuko txoko polit batean. Azkenean trenbideak ez, autobiak eraman du, jabe zein maizter ugari ezagutu zituen baserri hau.

Lekuna. Herri gainean, Ergoien auzoan kokaturik zegoen, autobiaren Urnietako hegoaldeko irteera dagoen gunean. Hau ere 1837.urteko Gerratean ia osorik eraitsi ondoren berreraiki zuten. Jabeak, gertuan egindako etxean bizi dira.

Kaltzadaberrieta. Zibulio bezala ezaguna zen baserri hau Oztaran auzoan zegoen Santa Barbararako bide ondoan. Oso ezaguna zen Urnietan eta inguruko herri guztietan bertan urte luzez egon zen taberna eta jatetxearengatik.

Mandazubi. Hernani eta Urnietako muga den izen bereko errekatxoaren ondoan, errepidetik (garai bateko errege bidetik) gertu. Teresa Amuategiren esanetan, garai batean bi herrietako Udalen arteko bilerak bertan ospatzen ziren.

Bakero. Baratze artean, Urnietako mugatik eta Mandazubitik gertu, hura bezala Hernaniko partean, errepidearen ezkerraldeko gaintxo batean kokatutako bi bizitzako baserri xumea. Bota zuten lehenengoa izan zen 2007ko urtarrilean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!