Jaien atarikoa: Extremadurako jaia irailaren 20an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 18:23

Irailaren 20an ospatuko da Extremadurako eguna, Sanmielen atariko ekintzen artean urteroko ohiturari jarraituz. Egun horretako jaia antolatzeaz Donostiako Extremadura Etxea arduratzen da.  Jai eguna antolatzen buru belarri dabilen Manolo Sanchezek tarte bat hartu du Aiurrirekin egoteko.

Aurten jaiaren XVII. edizioa ospatuko da, zer nolako erantzuna jasotzen du urnietarren aldetik?
Manolo Sanchez: Oso erantzun ona. Goizetik jende askok parte hartzen du jaian. Arratsalde partean gehiago kostatzen zaie plazara hurbiltzea. Baina ez gaude kexatzeko moduan.

Zer topatuko du hilaren 20an San Juan plazara hurbiltzen denak?
M.S.: Virgen de Guadalupe taldea Extremadurako kantu eta dantza tradizionalak eskaintzen. Urdaiazpiko eta txorizo ona, xolomoa, korkoia, Extremadurako ohiko gozokiak, torrijak...gaztak, ardoa, olioa ere bai. Liburuak eta propaganda ere eramango dugu.

Orduan, jaia Extremadura promozionatzeko ere baliatzen duzue?
M.S.: Bai, horrela da, eta urnietarrek gustura jasotzen dute guk eramaten dugun propaganda hori guztia.

Extremaduratik etorritako belaunaldia adinean aurrera doa, haien seme-alabak hemen jaioak dira. Nola bizi dituzte horrelako jaiak?
M.S.: Egia esateko asko kostatzen zaigu gure ohiturak hurrengo belaunaldiei txertatzea. Hemen, Donostiako zentroan ordenagailuak eta abar jarri ditugu gazteak erakartzeko baina lan zaila da. Uste dut gu faltatzean, jendeak jarraituko duela etortzen, baina beste modu batera izango da. Guk orain lehentasuna kulturari ematen baitiogu.

Bukatzeko anima itzazu urnietarrak zuen jaian parte hartzera.
M.S.: Gure folklorea eta gastronomia ezagutu nahi duenak azaldu dadila. Esan baita ere hain arrakastatsua izaten den gabonetako loteria ere salduko dugula. Lasai egon daitezela denentzako adina eramango dugu eta. Azken finean egun pasa polit bat igarotzeko aukera eskainiko dugu.

Egitaraua. irailak 20, igandea:
10:00 Extremadurako produktuen dastatzea, Kontzejupean.
12:00 Virgen de Guadalupe abesbatza eta dantza taldearen ikuskizuna, San Juan plazan.
17:30 Abesbatza eta dantza ikuskizuna, bigarren saioa San Juan plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!