Plan Orokorra atalez atal

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 18:20

Herritarren Parte-hartzeko Batzorde Informatiboak, Udal Gobernuarekin batera batzar irekiak antolatu ditu Lekaio kultur etxean. Hilabete osoz luzatuko diren batzar hauen lehenengo biak dagoeneko burutu dira. Lehenengoa, kirola eta aisialdiari buruzkoa, pasa den ostiralean burutu zen berrogei herritar bertan zirela.

Ekimenaren berri emateko eskatu dio Aiurrik herritarren Parte-hartzeko Batzorde Informatiboaren buru den Iñaki Mendizabal zinegotziari.

Plan Orokorraren gaiarekin herritarrak ez al daude nazkatuta?
Iñaki Mendizabal: Luze doa baina alegazioen onarpena egin da eta orain esan genezake txalupak hartu duela bere martxa. Uste dut izugarrizko oztopo bat gainditu dugula eta erabaki nagusiak hartuta daudela.

Erabakiak hartu badituzue, zer da herritarrengatik jaso nahi duzuena?
I.M.: Guk hartu ditugu erabaki orokor batzuk, adibidez gaurko gaiari lotuta, guk erabaki dugu zein izango diren etorkizuneko kirol guneak, orain nahi duguna da denon artean erabakitzea, kasu honetan, kirol gune horiek nola osatu, zer lehentasunekin eta abar. Ate bat ireki dugu.

Beraz, zein helbururekin antolatu dira batzar ireki hauek?
I.M.: Herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu, euren iritziak jaso eta gero, ahal den neurrian iritzi horiek kontutan izateko. Gaika joango gara astez-aste gai ezberdinak aurkezten, eta alderdi politiko bakoitzak gai horri buruz zer proposatzen duen ere azalduko dugu. Aktak jaso ditugu batzarretan esandako guztiarekin. Eta gero gure helburua da, herritarrek, elkarteek eta alderdi politikoetako ordezkariek gai bakoitzari buruzko batzordeak osatzea.

Zein izango litzateke batzorde horien lana?
I.M.: Kirola eta aisialdiari buruzko batzarra egin dugu. Eta ikusi dugu behar diren kirol instalazio horiek gauzatu behar diren ala ez, eta zer modutan burutu behar direnaren ikuspegi ezberdinak daudela, eta gauzak ahalik eta ondoen egiteko denoi dagokigula baloratzea, aztertzea, eta azterketa sakon horren ondoren gauzak ondo egitea. Erantzunkizun kontua da.

Zein dira beraz herritarrak parte hartzeko bideak?
I.M.: Parte hartu daiteke batzar ireki hauen bidez, eta adibidez, lehenengo batzarrean aztertu den kirola eta aisialdiaren gaian ekarpenen bat egin nahi duenak kiroldegiko teknikariengana jotzea da ematen diogun aukera. Gero, arlo ezberdinetako batzordeetan parte hartzeko aukera ere izango da.

“Ideia batzuk bota ditut eta ez didate kasurik egin”. Prozesu honen bukaeran herritarrengandik halakorik entzuteko beldurrik ez al duzue?
I.M.: Nik baldin badaukat ideia bat, nire ideia hori, atera liteke aurrera edo ez. Arrazoiz aztertuta, ikusten badugu horrekin aurrera jo behar dugula, joko dugu. Zenbat ideia plazaratzen ditugu gero aurrera ateratzen ez direnak? Kasu egitea ez da esandako guztia onartzea. Hori bai, zergatik aukeratu den bide bat edo bestea ondo arrazoituta. Arrazoitze horretan kontuan izango dira momentuko lehentasunak, ekonomikoki bideragarria den...

Eta arrazoi horiek nahiko argumentu ez direnean herritarrarentzat?
I.M.: Horren beldurra badaukat nik. Gu determinante baikara parte hartze horretarako bideak eta tresnak jartzeko orduan, arriskua daukagu, honek edonori ematen dio beldurra, baita parte hartzen duenari ere, inork ez diolako ematen bidea egina, bere bidea egiteko eskatzen zaio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!