Andoaingo txirrindulari eskolarentzat denboraldi amaierak ospakizun kutsua izango du, sortu zeneko XXV.urteurrena ospatuko duelako. Urte horietan guztietan ehunka dira elkartean txirrindulari, entrenatzaile edota laguntzaile modura aritu direnak.
Hilabete amaieran eskolako arduradunek atzoko eta gaurko kideak erakartzeko asmoa dute, urteurreneko ekitaldi-sortaren harira. Dagoeneko ospakizunen aurrerapena andoaingo.com gunean eskuragarri dago.
Bizikleta gainean, nola bestela, ekingo diete urteurreneko ospakizunei. Leitzaran bailaran zehar adin guztiei zuzenduriko bizikleta martxa burutuko da irailaren 26an, larunbatarekin. Horrez gain, irailaren 30ean, eskolaren historia biltzen duen dokumentala aurkeztuko da Basteron. Eta ezustekorik ez bada gertatzen, Kaleberrian kriteriuma burutuko da. Profesional mailako hainbat txirrindulari ikusteko aukera izango da orduan. Ospakizun-ekitaldiekin bukatzeko eskolako partaide guztiekin afaria egingo dute urriaren 3an, Oianumen.