Sahara aldeko haurrei agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 12:41

Dagoeneko Afrikan izango dira uda osoan Andoainen izandako lau haurrak. Uztailaren 10ean Sahara aldetik iritsi ziren eta zehatz-mehatz bi hilabete igaro ondoren itzulerako bidea egin dute. Bitarte horretan, Saharako haurrek erabat bizimodu ezberdina eta esperientzia berri ugari bizi izan dituzte. Besteak beste, igeriketa ikastaroa, txangoak hondartzara edota Igeldora, irteera suhiltzaileen parkera...


Zer esanik ez primeran ibili direla Saharako haurrak. Horien artean, estrainekoz hona etorritako Jalil eta Jadiyetu. Jalilek Maitane eta Roberren etxean igaro du uda. Jadiyetuk, berriz, Amaia Agirrerenean. Agirrerentzat lehen esperientzia izan da eta, hasiera gogorra izan bazen ere, oso pozik agertu da Saharako haurra etxean hartu izanarekin “hasiera gogorra izan zen. Haurrak bere familia faltan somatzen zuen eta hori gutxi janez eta loaren bitartez adierazten zuen. Antsietate hura igaro zen eta gero oso gustora egon da”. Hurria elkarteko kideen esanetan haurrarentzat aldaketa hain handia izatean normala da jarrera hori agertzea hainbat kasuetan.
Saharako haurrak dagoeneko ohiko bilakatzen ari dira andoaindarren begietara. Alde horretatik, Ana Sanz Udaleko Gizarte zerbitzuetako langilea pozarren dago herritarrek erakusten duten gertutasunarekin, “ohartzen ari gara jende asko joaten zaiela, eta guri ere bai, gertutasun handia erakutsiz”.
Bilbon abioia hartu aurretik Hurria elkarteko kideek Saharako haurrak Goiburun agurtu zituzten, pasa den astelehenean. Bertan bildu ziren Lasarten uda igaro duten zazpi haurrak eta Andoaingo laurak. Bidai on Saharako haurrei. Haietako asko hurrengo udan hona etortzeko gogoz izango dira. Gurasoak eta Hurriakoak lehenago hara joaten ez badira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!