Ruiz de Larrinagaren maketa erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 12:40

Istuitza Torre, Urigain, Jauregi baserria, Berrozpe Txiki, Sorabillako eliza, San Martin parrokia, Bastero... Andoaingo eta herriz kanpoko eraikuntza deigarri ugari miniaturazko maketara eramaten ditu Adelaida Ruiz de Larrinagak. Orain Basteron ikusgai egongo dira bere lan guztiak, hurrengo egunetan.

Nolaz sartu zinen artelanaren munduan?
Adelaida Ruiz de Larrinaga. Gaztetan pinturak sekula ez zidan erakarri niri, baina 50 urte nituela Aurrezki Kutxaren Famili Formakuntza Zentrora joatera animatu nintzen. Seigarren alaba hango haurtzaindegian utzi eta gero ikastaro ezberdinetan parte hartzen nuen; tartean, Emilio Truchuelok eta Eduardo Arreseygorrek pinturari buruz ematen zituztenak. Oihal gaineko olio-pintura egitera zaletu nintzen horrela. Ondoren, koadroak erliebean egitera pasa nintzen; paperez egindako masa erabiltzen nuen. Beti ere, naturako paisaiak margotzen nituen. Maketen eraikuntzari, berriz, orain hamar bat urte heldu nion.
Behin batean buruan sartu zitzaidan Zangotzako familiaren etxea eskala txikian egin behar nuela. Halaxe hasi nintzen, poliespan materiala erabiliz horretarako.

Konta dezakezu sormen prozesua?
A.R. Begiz jotako eraikuntza dotore bati argazkiak ateratzen dizkiot lehenbizi. Paper kuadrikulatuan nik nahi dudan tamainan marrazten dut ondoren. Neurri bereko poliespana mozten dut gero. Pasta jartzen dut poliespaneko pieza horretan, eta gainean eraikuntzako detaile guztiak –balkoiak, leihoak, hormetako harria, teilatua...– osatzen joaten naiz.

Maketak ikusita, egundoko esku lana dirudi...
A.R. Halaxe da. Eraikuntza bakoitzak hilabeteetako dedikazioa eskatzen dit, egunean bost bat ordutan jardunez. Benetako eraikuntzaren ahalik eta antzekoena egin nahi izaten dut, eta xehetasunekin izugarrizko buruhausteak izaten ditut... Egin kontu 2.000 teila gutxi gorabehera behar dituela bakoitzak; kartoizkoak dira, eta banan banan egin eta elkarrekin itsatsi behar izaten ditut.

Lan teknika inon ikasitakoa, ala zeuk asmatua da?
A.R. Ni autodidakta naiz erabat. Arian arian, lan teknika deskubritzen joan naiz. Arazo eta traba bakoitzeko irtenbidea bilatuz, horrelaxe joan naiz ikasten.

Zer jarriko duzu Basteroko erakusketan?
A.R. Orain arte egin ditudan 38 maketak. 18 Andoaingoak dira eta gainerakoak tokian tokiko zenbait eraikuntza ezagunak. Bakoitzaren alboan, eraikuntzaren historia kontatzen duen azalpentxoa jarriko da.

Zure artelanak erakusketa areto batean jartzeak, zer sentimendu eragiten dizu?
A.R. Erreparo pittin bat ematen dit. Gehitxo ez ote den, erakustoki horren handia izatea, prentsa elkarrizketak...

Baten bat harrituko da zu alderdi ezezagun horri itsatsita...
A.R. Herriko jende zaharrenek soberan ezagutzen naute, “Subijanako atezainaren alaba” gisa. Baina, egia da, izango da ezustekoa hartuko duenik. Esku lan mota honekin zoratuta nabil eta!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!