Jaia nagusi Sorabillan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 10a, 12:37

Omenaldi hunkigarria, zikiro jate arrakastatsua, kolorez jantzitako haurren eguna... Giro ederrean ospatu dira jaiak auzo horretan, eguraldia lagun.
Txupinazoarekin eta zikiro jatearekin hasi zen jaia, ostiralean. Goizaldera arte luzatu zen festa, Los Rubi talde beteranoak jarritako doinuen laguntzaz.

Bideoak  | Argazkiak  

Hirurogehita bost korrikalari izan ziren goiztiarrenak larunbatean; Belkoaingo gurutzeraino igo eta jaitsi, nor baino nor azkarrago. Haiek bukatuta, adin guztietako haur korrikalariz josi ziren Sorabillako bazterrak.
Oinak eta hauspoa ondo berotu arren, berehala prest zeuzkaten jolasetan parte hartzeko gogoa ere erakutsi zuten haur guztiek. Arratsaldean ere izan zuten non gozaturik: astoekin joan etorriak, puzgarrietan jauziak, eta antzerkia Lumagorrirekin.
Sardin jatea eta kuadrilen afariaren txanda etorri zen gero. Aupa Sorabilla txaranga eta Los Rubi taldearen doinu dantzagarriak ere bertan izan ziren.
Igandeak Juantxo Arregiren izena zeraman. Izan ere, Axeri dantzaren bultzatzaile eta buruzagiari egokitu zitzaion aurtengo auzotarren omena jasotzea; Jose Mari Iturzaeta pilotaria, Agustin Olasagasti organo jotzailea, Aitor Mendiluze eta Burdina Taldea izan ziren gogoratuak aurreko urtetan.
Benetan hunkigarria gertatu zen ekitaldi osoa, Arregi bera, Arantza Garmendia emaztea eta Ixiar alaba ezker paretara hurbildu ziren une beretik hasita.

Omenaldia
Andoaingo kultur eragile eta taldeen ordezkaritza zabala gerturatu zen Sorabillara, Arregi asko estimatzen den seinale. Bildu ez ezik, nork bere emanaldia eskaini nahi izan zuen: Sorabillako eskopeteroen salbak, Axeri Dantza eta Urki taldeen dantza saioak, udal txistularien doinuak, Aitor Mendiluzeren bertsoak, Aupa Sorabilla txarangak jotako Erramueta pieza (Joan Bautista Barandiaranek sortua)...
Frontoian bildutako jendetza dena oparien garaian jarri zen bereziki emozioz gainezka; Ugalde Miravalles familiaren esku geratu zen eginkizun hori, auzotarren izenean.
Ardi txakur lehiaketak eta sagardo dastaketak bete zuten arratsaldea. Andoaingo jai ezberdinak kantuz jazten dituen Herri Kantu taldea ere bertan izan zen.
Ama Birjin eguna, azkenik, auzotarrak biltzen dituen eguna bilakatu zen: meza nagusia Alberto Agirrerekin, hamaiketakoa auzotarrentzat eta pilota partidak haur zein helduentzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!