Bertsolaritzarekin lotutako kazetaritza ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 7a, 18:31

Bertsolaritza eta kazetaritza lotuta, irailaren 24 eta 25ean mintegia antolatu du Bertsozale Elkarteak. Helburua: bertsolaritzaz komunikabideetan jardun nahi duten kazetariei bertsolarien jarduna aztertzeko baliabideak ematea eta sakondu nahi duten gainontzekoei bertsolaritzara hurbiltzea.

Bertsozale Elkarteak antolatuta, udazkenean gauzatuko da 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hamalau saio izango dira guztira, urriaren 3an Zestoan hasi eta abenduaren 13an Barakaldon (BEC)-en amaitu arte.

Bertsozale Elkarteko arduradunek adierazi dutenez, txapelketak milaka lagun bilduko ditu saioz saio eta komunikabideetan ere oihartzuna izango du, "bertsozale diren irakurle, entzule, ikusleei ez ezik, bertsolaritzara hurreratzen den jende berriari ere bertsoez azalpenak emateko bitartekoak eta baliabideak eman nahi dizkie kazetariei Bertsozale Elkarteak. Horretarako egun biko mintegia antolatu dugu".

Bi eguneko mintegian bi zatitan banatuko dituzte edukiak ere. "Lehen egunean, oinarri teoriko batzuk eman nahiko genizkieke kazetariei. Ez dira izango alderdi teknikoetara mugatuak, ikuspegi osatuagoarekin landuak baizik. Batetik, bat-bateko bertsoa gaur egun nola ulertzen den azalduko dugu, eta hori nola islatzen den epai irizpideetan. Bestetik, bertsolarien sortze-prozesura hurbiltzeko saioa egingo dugu, haien lekuan jartzeko ahalegintxoa. Lehen egun horretako helburua ez da kazetariak entzule edo hartzaile huts izatea; haien zalantzak eta kezkak argitzea da helburu nagusia, haien iritziak aditzea eta elkarren osagarri izatea". Bigarren eguna praktikoagoa izango dela aurreratu dute, "bat-bateko bertsoak transkribatzeko jarraibide batzuk emango dizkiegu kazetariei, eta gero bertsoaldi batzuk aztertuko ditugu elkarrekin. Bigarren egun horretan ere, kazetariei jakingarri iruditzen zaizkien alderdietan sakontzea da helburua".

Mintegiaren ezaugarriak

Irailaren 24an eta 25ean izango dira mintegiak, 10:00etatik 13:30etara Mintzola etxean. Doan izango da ikastaroa. Karlos Aizpurua eta Arkaitz Goikoetxea izango dira irakasleak. Izena emateko epea irailaren 18an amaituko da. Bitartean, info@txapelketanagusia.eu helbidera bidali behar dira partehartu nahi duenaren datuak: (Izen-abizenak, Komunikabidea, Telefonoa/Posta elektronikoa, Helbidea).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!