Zizurkilgo jaiak Elbarrenan, jakin beharreko guztia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:20

JAI BATZORDEA, ELKARRIZKETA

Udako oporraldia tartean egonda, goizago hasi ohi zarete jaiak antolatzen?
Aizpea Zabala: Aurten azkenerako korrika eta presaka ibili gara. Gutxi gorabehera, maiatza bukaera inguruan hasiko ginen. Baina, urtero bezala, maiatza bukaerarako talde onenak, guretzat aurrekontu aldetik onar ditzakegunak, kontratatu egiten dira. Alde horretatik, nahiko mugatuta gaude.
Iosu Zabala: Lehenago hasteko arrazoia, talde nagusi horiek kontratatzeko izaten da. Hortik aurrera, aurten betiko moduan aritu gara.

Bost eguneko jai egitaraura itzuli zarete. Iaz ordea bi asteburuko esperientzia probatu zenuten. Nolatan aldaketa hau?
I.Z.: Bi aldetako erantzunak egon dira. Batzuentzat oso desberdina izan zen, gehienbat jaiak lehenagotik bizi izan dituztenentzat. Gazteentzat beti bezala askoz hobeto, bi asteburu direlako eta errekuperatzeko, tartean astebete dagoelako. Bestela, hilaren 9a noiz egokitzen den ikusi behar izaten da.
A.Z.: Festa batzordean jaiak berriz bi asteburutan edo bost egun jarraian ospatzea proposatu genuen. Galdezka ibili ginen, eta gehienek jaiak beti bost egunez segidan izan direla zioten. Bestela asteburu artean etena zegoela. Iazkoak ona hori zuen, asteburua zela, denek jai zuten. Ordutegiak prestatu eta ekitaldiak antolatzeko askoz errazagoa zen. Aurten muga hori dugu. Jendea lanean dago, haurrak eskolan daude, eta egitaraua prestatzerakoan mugatuta sentitzen zara. Bere alde onak eta txarrak ditu.

Oraingoan, bost egun eta berrikuntzak tartean?
I.Z.: Soka-dantza. Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugunez, Soka-dantza txertatu dugu aurten. Aurtengo apustua da.
Pixkanaka ia ekitaldi berriak tartekatzen jarraitzen dugun.
Dantzarako jendea animatu al zaizue?
A.Z.: Entsegu egun batzuetan jende gehiago etorri izan da, bestetan gutxiago. 40 lagun inguru bilduko ginen. Ondo pasa dugu. Beldur pixka batekin gaude ea nola ateratzen den, lehen aldia izanda. Gehienbat herritarren parte hartzea bultzatu nahi genuen. Garai batean, danborrada izaten zen,
herri kiroletan herritarrek parte hartzen zuten, baina jada azken urteotan, ekitaldietarako jendea kontratatzen zen.
Herritarren parte hartzea atzean geratzen ari zen. Hori bultzatu nahian, ia nola ateratzen den Soka-dantza.

Herritarren parte hartzea gauzatzeko, aukera gehiago eskaini duzue...
I.Z.: Kantu Kale, adibidez.
A.Z.: Lore erakusketa, koadrilen herri bazkaria eta pentatloia, asto karrera…

Festa hauei bultzada emateari dagokionez, honakoa garai berri baten hasiera gisa defini liteke?
I.Z.: Hasiera bezala agian bai, baina hori zaila da esatea. Lehen dena herriko jendeak egiten zuen. Aspaldiko urteetan dena ordaindu eta ekarri egin
da. Azkenean, hori aldatu egin behar dela pentsatzen dugu. Herrikoek behintzat lan gehixeago egin behar dutela alegia.
A.Z.: Festa onak izateak eragiten du herritarrek parte hartzea. Herritarren parte hartzea handia bada, festa politak izaten dira. Egia esan, Zizurkil behean behintzat azken aldian, festa batzordean oso jende gutxi ibili da. Gutxi izatean, lan guztia gutxien artean aurrera atera behar izaten da.

Eta erretzeko arriskua hor dago...
A.Z.: Askoz errazagoa izaten da, ilusio gehiago sortzen da jende asko badago.

Krisiak zuen aurrekontuan eragin al du?
A.Z.: Aurrekontua guk dakigula mantendu egin dute.
I.Z.: Lehengo urteko bera da, ez dute igo baina jaitsi ere ez. Beraz, alde horretatik ez gara kexatuko.

Festen denboraldia amaitzen ari da, baina iraila hasieran oraindik jai giroa nonahi dago. Zuentzat, oztopoa edo abantaila da?
I.Z.: Kanpoko jendea erakartzeari dagokionez, oztopoa. Aldiz, herrikoei begira, parte hartzera bultzatuta, ez luke oztopo izan behar. Herriko festak herrikoentzat antolatu behar direla pentsatzen dugu.
A.Z.: Ikastolan ikasturtea hasia dute ordurako, gaztetxoak dira jaietan parte hartze handiena bultzatzen dutenak. Jendeari ere oporrak amaitu egin zaizkio eta lanean dago. Horrek ere eragina badu. Oztopoa bada, baina aurrera ateratzen gara.

Zuenak eta Zizurkil goiko jaiak. Aldera al litezke?
A.Z.: Goikoek herritarren parte hartze handiagoa dute. Eta horrez gain, txikiagoa da,  haiek harreman estuagoa dute. Goiko jaiek bere alde onak dituzte, baina behekoek ere, bai.

Badatoz jaiak, herritarrei gonbita luzatzeko garaia da...
A.Z.: Jai onak izaten dira, herritarren parte hartzearekin. Animatzeko. Saiatu gara programa ona egiten, ia jendea parte hartzera animatzen den.
I.Z.: Lotsa alboratuta, mozorro gauean mozorrotzera anima daitezela. Ia asto karreran ere parte hartzen duten. 

KANTU KALE EKIMENA, ELKARRIZKETA

Euskal kantutegiari errepaso ederra emango diote, irailaren 10ean, Kantu Kale ekitaldiaren inguruan bilduko diren herritarrek. Jai giroan eta lagun artean garai bateko abestiak eta berriagoak elkarrekin abesteko aukera ezin hobea eskainiko die ekimenaren hirugarren edizioak.
Bada denbora Donostiako Alde Zaharrean kantatzeko tradizioa berreskuratu zutenetik. Gipuzkoako hiriburua izan da gerora, inguruko beste hainbat udalerritara ekimen bera hedatzen hasteko abiapuntua. Zizurkilen ere antzeko zerbait gertatu da. Mertxe Mendizabal herritarra duela bi urte Andoaingo Santa Krutz jaietan egon zen. Bertan burutu zuten kantu kalejiran parte hartu zuen. “Oso ondo pasa nuen eta oso polita zela iruditu zitzaidan. Urte berean, Festa Batzordean proposatu nuen eta ideia gustukoa izan zuten”, gogoratu du Mendizabalek. Jaiak ospatzea posible egiten dutenen baietza jasota, prestaketa lanen makineria martxan jarri zuten antolatzaileek. Entsegu saioetarako tartea hartu edota denbora askoan herrian abesteko ohiturarik egon ez zela aintzakotzat hartuta, euskal kanten zerrenda osatu behar izan zuten.
2007ko Kantu Kaleren lehen edizioa arrakastatsua izan zen antolatzaileentzat. “Nobedade handia izan zen eta jende askok parte hartu zuen”, adierazi du Mendizabalek. Datu bat, adibide moduan; 125 bat kantu liburuxka prestatu zituzten eta guztiak banatu zituzten parte hartzaileen artean. Mendizabalen ustez ordea, ekimenaren arrakasta ziklikoa izango da. “Ekimen hau hasi zen moduan, gauza guztiek bezala bere amaiera izango du”, adierazi du. Halere, Kantu Kale antolatzen jarraitzeko asmo eta gogo irmoa adierazten du, beti ere herritarrek kantuan aritzeko deialdiarekin bat egiten jarraitzen duten artean.
Horren lekuko, aurtengorako prestatzen ari diren hirugarren edizioa. Joxe Arregi plazan hasi eta amaituko da ibilbidea. Tartean, plaza eta taberna inguruetan arituko dira kantari. Geltokitik geltokira, abeslariek trikitilari gazteak izango dituzte bidaialagun. Ordu eta erdi, bi ordu inguru kantuan arituta, amaitzeko barrikotea. Hitzordua, irailaren 10ean, osteguna finkatu dute, 20:00etan. Egunotan entsegu saioak egitekoak ziren, ekimenean bertan parte hartuko duten herritarrek eta haien abestiei doinu eta erritmoa jarriko dieten musikariek.

HELDUAK, GAZTEAK…
Halako saioetan, gazteak falta izan ohi dira. Zizurkilen ez ordea. “Aurten kantu bazkaria antolatu dugu sagardotegi batean. Gazte jendea oso gustura aritu zen abesten”, gogoratu du Mendizabalek. Gauza bera gertatu da Kantu Kaleren aurreko bi edizioetan, gazte koadrilak hurbildu izan dira ekimenera.
Adin tartea edota abesteko modua ez baitira ez muga ezta oztopo ere, Kantu Kalen parte hartzeko. Horregatik ez dago aitzakiarik. “Kantatzera ausar daitezela, koadrilan eta jai giroan”, dei egin du Mendizabalek. Antolatzaileek gainera, parte hartzaileen adina kontuan izan eta haiei zuzendutako abestiak tartekatzen dituzte. Adibide moduan Ken Zazpirenak gazteentzat edota Pirritx eta Porrotx pailazoen “Maite zaitut” abesti ezaguna, haurrentzat, Mendizabalek esan bezala, “haurrak ekitaldiko lehenbiziko orduan hor egoten dira eta”.

“ZIZURKILGO FESTAK”
Antolatzaileek ez dute euskal kantutegi tradizionalean aurki daitezkeen doinu melankolikoetara mugatu nahi. Berrien artean bat, gainera, oso gertukoa dute. Falta direnentzat, jaiak gertutik bizi dituztenentzat, urtero herria girotzen duten blusentzat… Iaz festei eta herritarrei gorazarre egiten dien abestia prestatu zuten Iker Goenagak eta Beñat Barandiaranek, Festa Batzordeak proposatuta. “Herrian abestia aurkeztu zen iaz; aurten, Zizurkilgo festak, Kantu Kalerako egokitu nahiko genuke”, iragarri du Mendizabalek. Hirugarren edizioko kantuzaleek ahotan hartuko duten abestietako bat izango da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!