Iritzia: Zizurkilen Andramariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:18

JAIAK barne-barnetik
• Igotz Alkorta

Ederra izan da. Topikoa dirudien arren, zapore benetan gozoa geratu zaigu aurtengo festetan murgildu garenei. Aurretik, kezka handi bat genuen, frontoiaren faltan, estalperik gabe baikinen festetarako. Eguraldiak ere festara batu nahi izan du, ordea.

Arrakasta handiko ekitaldi ugari izan dira aurtengo jaietan. Ezer baino lehen oilasko biltzearen arrakasta aipatu behar da. Lehen egunera ekarri zenetik, etengabe gora egin du parte hartzaileen kopuruak, aurten 40tik gora, ia denak gazteak. Egun osoko parranda egiteko modua izan zuten. Ohi bezala jende ugari elkartu zen Amabirjin eguneko bertso saioan ere. Plazaberrin eta sekulako gau giroarekin egindako saioan, Joxe Agirrek 80 urte izan arren sasoiko dagoela erakutsi zuen.
Ekitaldi bereziak ere izan dira aurtengoan. 15 eguerdian giza proban aritu zirenen lana azpimarratzekoa da. Urteko berorik handienetakoan aritu ziren mutil taldea, neska taldea eta astoa. Emozio handiko lehian mutilek irabazi arren, guztien lana azpimarratzekoa da. Euskal Herrian plazara atera den nesken lehen giza proba taldeetako bat izango da Zizurkilgoa. Eta herri kiroletatik aparte, kontzertu bat ere nabarmendu behar da aurtengo festetan: Mikel Markez eta Erramun Martikorenak emandakoa. Gogoan geratzen den emanaldi horietakoa eskaini zuten; gaur egun gutxitan taularatzen den Martikorena Zizurkilen izatea luxua izan zen.

Ume festa, Zimiterioko pilota txapelketa, trikitixa txapelketa, herri afari eta bazkariak… Hamaika kontu aipatu gabe utzi ditut, baina guztiek egin dute festa. Gaueko parranda kontuak berriz, guretzat gordetzea hobe izaten da, beraz Laiotz eta Trakets taldeen berbena luzeen oroitzapena soilik nabarmendu nahi nuke. Aurten gainera, azken eguneko mozorro gauak festei amaiera “berezia” emateko balio izan zuen.

Amaitzeko, eskerrak zizurkildarrei. Festa parte hartzaileak dira Zizurkilgoak, eta beste behin ere erakutsi dugu. Hamarnaka herritarrek hartzen du parte ekitaldi batean ez bada bestean, antolakuntzan edo momentuko lanean. Artista handiak ere baditugu, trikitixa jotzen, kantatzen edo bertsotan, eta denek erakutsi dut e euren abilezia, egitarauaren barnean edo goizaldeko ordu txikietan. Zuena da merezimendua. Hurrengo Amabirjinetan gehiago, ahal bada hobeto!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!