Jai-giro mundiala Andramarietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:17

Abuztuaren 13an, Joxemari Tolosak bota zuen jaien hasiera iragartzen Zuen txupinazoa.  Oilasko bilketatik itzuli berri ziren gazteak zain zituen plazan.

Aurreko urteetan baino egun bat gutxiago izan dute aurtengo jaiek eta ez da aspertzeko tarterik izan. Ohiko ekitaldiez gain, aurtengo egitarauak berrikuntza nagusi bat biltzen zuen abuztuaren 15erako. Eguzki gogorraren azpian ikuskizun berezia prestatu zuten zizurkildarrek. Plazaberrian, hiru talde aritu ziren harriari tiraka. Iruña baserriko mandoa, zortzi neskaz osaturiko taldea eta beste horrenbeste mutilez osaturikoa. Hamar minutuko saioan, 22 plaza bete zituen Iruñako mandoak eta mutilek, marka hobetzeko asmoa erakutsi zuten hasieratik. Lan izugarria egin ondoren, 800 kiloko harritzarrarekin 22 plaza eta 2 zinta egitea lortu zuten.
Neskek ere saio ezin hobea osatu zuten. Zortzi nesken artean, 500 kiloko harria mugitu zuten, 15 plaza osatu arte. Ez da batere ohikoa emakumeak lan horietan ikustea eta ikusmin handia sortarazi zuen. Asteetan zehar entrenamendu saioak egiten aritu ondoren, herritarren txaloak jaso zituzten egindako lana eta eskainitako ikuskizuna eskertzeko.

Partaideak
Mutilak: Aratz Alkorta, Xanti Aizpurua, Jon Irazu, Mikel Ugartemendia, Pello Argaia, Josu Lizarazu, Jon Lizarazu eta Juan Mari Mendizabal.
Neskak: Edurne Sarasola, Naiara Otaegi, Alazne Etxaburua, Naroa Geresta, Leire Iraola, Udane Sarasola, Leire Zubeldia eta Olatz Eizagirre.
Mandoarekin: Juanjoxe Ugartemendia eta Mikel Ugartemendia.

Gainerakoan haurrentzako jolasak, bertso saioa, trikiti txapelketa, herri afari eta bazkaria…, Intxaur pilotalekua berritzeko lanek, eguraldiaren menpe jarri zituen hainbat ekitaldi, baina zorionez, eguzkia gailendu eta prestatutako ekitaldi guztiak umore onean egiteko aukera izan zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!